Zinema_ilegala
ZINEMA_ILEGALEKO 122. SAIOA
by
Anne Charlotte Robertson eta Guava (Ji Yoon) Rhee-ren film laburren proiekzioa, eta, ondoren, solasaldia. Marina Massiddak eta Julia Martosek proposatutako saioa, koordinazioko lekuko-aldaketa gisa.
Anne Charlotte Robertson-en (1949-2012) zineman, hunkitzen nau kanpoko balidazioarekiko zuen erabateko axolagabetasunak. Filmak egin zituen bere buruarentzat, bizirik irauteko. Ez zen ego kontu batengatik, baizik eta munduarekin zuen esperientzia baldintzatzen zuten zirkunstantzia psikikoengatik. 15 urtez filmatu zuen, jaten edo edaten zuen modu berean. Kamerak apurtu, eta beste batzuk eskatu zituen, bere burua nola finantzatu bilatzen zuen bitartean. Bere lorategia, katua, maitasun-obsesioak eta bulimia filmatu zituen. Autoterapia gisa. Besterik gabe, ez zekien beste modu batera bizitzen.
Guava (Ji Yoon) Rhee-k, berriz, zuzenean hautsi zuen balidazio-bilaketarekin, erregistro autobiografiko konfesional baten bidez. Tonu garratz eta nostalgiko batekin, bere bikote-harremanen esperientzia anbibalenteak berregituratu zituen, harremanean jarriz Hego Koreatik Estatu Batuetara erbesteratzearekin. Batera nahasi zituen autograbazioa eta eguneroko erregistroa 3-D-ko renderizatuekin, eta modu plastikoan erreproduzitu zuen Koreako bizipen diasporikoa eta queer desira aldi berean zeharkatzen zituen desosegua. Gaur egun, Guava Philadelphian (AEB) garatzen ari da diziplina anitzeko praktika artistikoa eta kuratoriala, eta irakasle gisa lan egiten du Pennsylvaniako Unibertsitateko Stuart Weitzman School of Design-en.
Marina Massidda Serra (Cambridge, Massachusetts, 1995) artista eta ikertzailea da, eta pinturaren eta bitarteko berrien arteko elkargunea jorratzen du lanean. Arte Ederretan graduatu zen Dartmouth College-n, Zineman eta hedabideetan University of Southern California-n, eta Pinturan Euskal Herriko Unibertsitatean. Banaka erakutsi du bere obra Arizko Dorrean (Basauri, 2024) eta ANTI liburu-dendan (Bilbo, 2026). Gaur egun, praktika artistikoaz gain, doktoretza-ikerketa egiten ari da aro teknologikoko errealismo berriei buruz.
Julia Martos (Kordoba, 1989) Bilbon bizi den artista, programatzaile eta ikertzaile bat da. Artxiboaren politikarekin, eta haren narrazio- eta erakusketa-potentzialekin interesatuta, Zinema Programazio eta Komisariotzari buruzko prestakuntza amaitu zuen Londresko Birkbeck College-n 2021ean, Museoen Komisariotza eta Kudeaketarako Botín Fundazioaren bekari esker. Gaur egun, doktoretza-tesia egiten ari da familiaren artxibo filmikoarekin egindako zinema dokumentaleko berrinskripzio feministei buruz.