Egoitza deialdia

Bulegoa z/b-en 2020ko egoitza deialdiaren epai-mahaiak Javiera de la Fuente-ren Envioletá eta Lara García Díaz-en Encarnar los umbrales proposamenak aukeratu ditu. Honako hauek eratu zuten epai-mahaia: Miren Arenzana (artista), Alejandro Alonso Díaz (komisarioa eta Fluent ekimenaren zuzendaria) eta Bulegoa z/b-ko kideak. Epai-mahaiak jasotako 183 proposamenen kalitatea azpimarratu zuen.

Deialdi hau urtero egiten da eta berariaz bideratuta dago Bulegoa z/b ekimenaren barruan hainbat fase eta mailatan arte eta ezagutza ekoiztera. Egonaldia artista eta ikertzaileentzat irekita dago, eta hilabeteko iraupena izango du, baliabide espazialak, diskurtsiboak eta ekonomikoak barnean hartuta. ta. Deialdia udaberrian zabaltzen da.

Gure bulegoko gunea deskribatzeko, oinplano karratuko 85 metroko lokal bat dela esan daiteke. Bereizgarri nagusia bertako lau leihoak dira: erakusleiho moduan, kanpoaldearekin elkarrizketan daude. Kanpoan Solokoetxe auzoko oinezkoentzako gunea dago. Lokalak hainbat erabilera izan ditu: kontzertuak jotzea, hitzaldiak eskaintzea, aldi labur baterako erakusketak osatzea edota tokian bertan berariazko ekintzak gauzatzea.

Bulegoa z/b, espazio fisikoa ez ezik, testuinguru bat ere bada, eta sormen- eta pentsamendu-mailako hainbat arlok elkarrekin topatzeko aukera ere bai. Erreferente bat da artistentzat eta pentsalarientzat, orain dela hamar urtetik garatzen ari garen zeharkako ildoa ezagututa, interesa izan baitute gune honen barruan gertatu den guztiarekin.

Deialdi publiko baten bitartez, Bulegoa z/b ekimenak urtero egonaldi bat eskaintzen die edozein diziplinatako artistei eta ikertzaileei, bulegoko espazio fisikoa eta beren eskura jar ditzakegun baliabideak erabili ahal izan ditzaten, lana edo ikerkuntza garatu ahal izateko.

Artista egoiliarrak proposatutako jarduera publikoak Bulegoa z/b ekimenaren programaren barruan txertatuko dira.

Egonaldian izango den pertsonari aukera eman nahi diogu haren konfort-eremuak albora uzteko, ezagutza praktiko edo teorikoko formak entseatzeko eta, hortaz, nolabait hasieran zegoen lekutik aldatzeko.