EL CONTRATOk, abiaburu gisa, sakon ikertu nahi zuen modernitatetik gaurdaino oro har onartutako akordioek nola baldintzatzen duten humanitateetan sartutako praktiken bilakaera, hala nola, artearenak, historiarenak edo teoria sozialarenak. Kontua zen ea finkatuta dauden kontratu horiek berriz negoziatu ahal diren, maiz adostasunak berez dakarren axolagabetasunean erori gabe; ea era kritikoan aztertu ahal den ituna egiteko beharra, bi aldeen arteko nahitaezko akordiorik egin beharrik gabe.

EL CONTRATO proiektuko lehen irakurketa-taldearen saioek berriz aztertu nahi zituzten Bulegoa z/b ekimenaren proiektu orokorra finkatzen duten lau arlo nagusiak: soziologia, komisariotza, kritika eta koreografia. Irakurketa-taldean, era askotako dokumentuak landu ditugu: saiakerak, testu historikoak, epaile-aktak, hitzaldiak, poemak, prosa, filmen kritikak, albisteak, elkarrizketak, filmak edota audio-erregistroak. Saioetan, ozen irakurri dugu, eztabaida egin dugu, eta taldeko idazketako ariketak ere egin ditugu.

EL CONTRATO erakusketak hamabi atal izan zituen, egin genituen irakurketa-saioak ere hamabi izan baitziren. Taldean izandako eztabaiden emaitza ziren saioak: Kontratu soziala eszenaratzea, Gorputzen arteko kontratua, Ekoizteko moldeei buruzko kontratua, Kontratua gailu gisa, Kontratua desmuntatzea, Teoria eta praktikaren arteko kontratua, Kontratua desklasifikatzea, Idatzizko eta ahozko kontratua, Kontratu pedagogikoa, Kontratuaren performatibitatea, Artxiboa kontratu gisa eta Kontratua pentsatzearekin.

EL CONTRATO proiektua garatu bitartean, hogeita hamar bat artistaren lana biltzeaz gain, hainbat jarduera izan genituen Erakusketa Aretoan, adibidez, hitzaldiak, performanceak, zinema-programa eta irakurketa-talde berria. Bigarren irakurketa-talde honetako zazpi saioak EL CONTRATOn parte hartutako artistek proposatu zituzten, erakusketan aurkeztu zituzten lanak oinarritzat hartuta. Azken honek harremanetan jarri zituen artearen baliabide desberdinak –pintura, zinema, eskultura, argazkigintza, poesia, audioa, antzerkia edota dantza– erakusketa eta eszenaren espazioan onartutako protokoloekin, zalantzan jartzeko edo berresteko.

Hona hemen parte hartu zutenak: Eulalia Abaitua, Lawrence Abu Hamdan, Agentzia, Elena Aitzkoa, Malús Arbide, BADco, Ricardo Basbaum, Josu Bilbao, Kajsa Dahlberg, Jon Mikel Euba, Luca Frei, EL CONTRATO irakurketa taldea, Arne Hendriks, Joost Janmaat eta Jasper van den Berg (Academy of Work), Iñaki Imaz, Jeleton, Teresa Lanceta, Karl Larsson, Arantxa Martínez, Asier Mendizabal, Adriana Monti, Rabih Mroué, Carme Nogueira, Anxela Caramés eta Uqui Permui (Contenedor de feminismos), Itziar Okariz, Catarina Simão, Daniel Steegmann Mangrané, Gertrude Stein, Teatro Ojo, Wendelien van Oldenborgh. Luca Frei arduratu zen obrak aretoan biltzen zituen egitura diseinatzeaz, eta Gorka Eizagirrek erakusketako 12 posterrak diseinatu zituen.

( http://www.alhondigabilbao.com )