Erakusketaren saioa
TAILERRA. ERAKUSKETAREN SAIOA (1977-2017)
by
Erakusketaren saioa (1977-2017) laugarren edizioaren aurreko tailerrean parte hartzeko izena emateko epea luzatu da. Sinposioa Azkuna Zentroak eta Bulegoa z/b ekimenak elkarlanean landutako proiektu bat da. Haren bidez, 1977. eta 2017. urteen artean izandako erakusketa zehatz batzuk aztertu nahi dira. Horretarako, nazioarteko topaketa batzuk izaten ari dira, bakoitza hamarkada batean ardaztuta.
Orain arte hiru topaketa egin dira. 2020ko topaketa urriaren 21 eta 22an izango da, eta aurrez aurre edo online parte hartzeko aukera izango da. Topaketa honek 1997-2017 hamarkadako kasuak aztertuko ditu.
TAILERRA. ERAKUSKETAREN SAIOA (1977-2017)
Tailerrak sinposioaren aurretik hizlari gonbidatuekin elkarrizketa bat hastea du helburu. Saioetan Ana Dević, Yaiza Hernández, Lisette Lagnado, Maria Lind, Ruth Noack eta Azucena Vieitesek proposatutako testuak landuko dira. Tailerreko lau saioetako bat Peio Aguirrek koordinatuko du, eta gainerako hirurak Bulegoa z/b-ko kideek.
EGUNAK: Urriak 6, 7, 13 eta 14.
ORDUTEGIA: 16:30-19:00.
KOPURUA: gehienez 20 lagun.
PARTE-HARTZEA: aurrez aurrekoa.
Parte-hartzaileek doako sarrera izango dute sinposiorako.
Sinposioaren programa osoa ikusteko, sakatu hemen.
INSKRIPZIOA: idatzi azkunazentroa@azkunazentroa.eus helbidera, eta bidali zure datu pertsonalak, curriculum laburtua (gehienez, orrialde bat) eta motibazio-gutuna (gehienez, 200 hitz).
PEIO AGUIRRE: ATZOKO PAPERAK. ERAKUSKETA FORMATUA ETA ARTEAREN KRITIKA MILURTEKOA ALDATZEAN
2000. eta 2004. urteen artean Gara egunkariaren Mugalari kultura-gehigarrian argitaratutako aipamen kritikoen eta artikuluen bidez, saio honetan arte garaikidearen egoera aztertzen da, mende-aldaketan, testuinguru hurbilenean eta nazioartean. Egunkari horretan astero argitaratutako artikuluak oso lagungarriak izan ziren arte-kritikariaren identitatea osatzeko, gaur egun ere niretzat erabakigarria dena. Laurogeita hamarreko hamarkadan eta milurtekoaren hasieran, erabat berritu ziren arte-praktika garaikideak: komisariotzaren sorrera, “instituzionalizazio berria”, eta ekonomia berriaren edo modaren esparrutik arte-proiektuak sustatzea. Aldaketa horietako batzuek eragina izan zuten erakusketaren forman konbentzio gisa. Aldi berean, “mende-amaierako espiritu” hura kutsatuta zegoen, suhartasun neoliberalarekin, eta instituzioetan eta artearen praktika “tradizionaletan” aldaketa izateko irrikarekin. Mugalariaren orrialdeak arte-komunitate baten topaleku izan ziren, eta eremu publiko bat sustatu zen kultura-gehigarri baten barruan, “euskal kultura” deritzon horretan sendo errotuta. Arte-kritikaren gaur egungo hutsak berriro azaleratzen du eremu publikoaren auzia. Duela hogei urteko dokumentuei begiratuz, erakusketaren ideia eta kritikaren egoera berrikusten dira, urte haietako testuinguru hurbilean, nazioartean txertatuta.
Peio Aguirre. Arte-kritikaria, komisario independentea eta editorea. Donostian bizi da eta bertan lan egiten du. La línea de producción de la crítica liburuaren egilea da (consonni, 2014). Erakusketak komisariatu ditu instituzio hauetan, besteak beste: MACBA Museo d’Art Contemporani de Barcelona; Bilboko Arte Ederren Museoa; Tabakalera, Donostia; ARTIUM, Gasteiz; CAAM Kanaria Handiko Arte Modernoaren Zentro Atlantikoa; eta San Telmo Museoa, Donostia. 2000. urteaz geroztik, aldizkari espezializatuetan eta Estatuko eta nazioarteko egunkarietan argitaratu du, hala nola hauetan: Gararen Mugalari gehigarria, La Vanguardia-ren Cultura(s), EXIT, A-desk, Afterall, A Prior Magazine, Flash Art, El estado mental; e-flux journal, Concreta eta El País-en Babelia. 2019an Espainiako Pabiloiko komisarioa izan zen Veneziako 58. Bienalean. 2006. urtetik gaurdaino, kulturako kritikaz idazten du bere blogean: Crítica y metacomentario. http://peioaguirre.blogspot.com