ERAKUSKETAREN SAIOA (1977-2017)

Komisariotzaren nazioarteko sinposioa Azkuna Zentroan

Erakusketaren saioa (1977-2017) Bulegoa z/b ekimenak eta Azkuna Zentroak elkarlanean landutako proiektu bat da. Une batzuk jendaurrean izango dira: hitzaurrea, 2016ko irailean; eta zenbait nazioarteko bilera, 2017 eta 2019 urteen artean gauzatuko direnak. Proiektuaren bidez, 1977. eta 2017. urteen artean izandako erakusketa zehatz batzuk aztertu nahi dira. Nazioarteko bilerek urte zehatz batzuk izango dituzte aztergai, eta hitzaurreak erakusketaren ideiari lotutako kontzeptu nagusiak eta saioaren ideiarekin duen harremana landuko ditu.

Erakusketaren saioa proiektuak bi data hartzen ditu lau hamarkadatako denboraldia mugatzeko. Mutur batean, 2017a, oraindik iritsi ez den baina, azken batean, “gaur” den urte bat. Beste muturrean, 1977a, giltzarria den urtea, Franco Berardiren hitzetan (Bifo), “etorkizunaren ondokoa”, gizarte postindustrialaren hasiera beteak eta modernitatearen akidurak markatua. Bestalde, 1977. eta 2017. urteen arteko urte distantziakideak oihartzun berezia du euskal testuinguruan. Izan ere, 1997an inauguratu zen Guggenheim Bilbao Museoa, eta horrek beste hiri-eredu bati eman zion bide. Era berean, museoaren irekiera egungo egoera ekarri duten eraldaketa kultural, ekonomiko, sozial eta politiko sakonen eta globalen zantzutzat eta ondoriotzat hartu ohi da.

Erakusketaren saioa proiektuaren tituluak itxuraz anbiguoa den harremanean dauden bi kultura-forma hartzen ditu barnean. Alde batetik, saioa dugu, proban jartzeko ekintza aipatzen duen hitza, prozesu esperimentala, baina, aldi berean, gogoetazkoa eta diskurtsiboa den testutzat har daitekeena. “Saio” hitzak duen polisemia horren aurrez aurre, erakusketa forma egonkor eta unibokoa da. Historian barrena aldaketa eta eraldaketa ugari izan ditu erakusketak, baina, hala ere, funtsean, ondo definitutako errealitate zehatz bera da oraindik, espazio eta denbora jakin batean artelanak jendaurrean erakustekoa. Hortaz, Erakusketaren saioa izenburuak aipatzen duen erakusketa testu bat da, artefaktu diskurtsibo bat, eta, aldi berean, proban jartzeko prozesu esperimental bat ere bai. Horrez gain, erakusketakoak ez diren testuak ere aipatzen ditu, hain zuzen, erakusketatik kanpo egon arren, nolabait ere, harekin harremanetan dauden eta hura baldintzatzen duten testu horiek.

Horri jarraiki, Erakusketaren saioa proiektuak hainbat testu jarri nahi ditu harremanetan 1977. eta 2017. urteen artean izandako erakusketa-kasuekin. Atzera begira jarri nahi da, orain dela gutxikoak diren baina gaur egun ere oihartzun egiten duten eta oraina ulertzeko lagungarri zaizkigun erakusketei, testuei eta gertaerei begira.

Erakusketaren saioa proiektuak harremanetan jarri nahi ditu artistak, artearen historialariak, komisarioak, kritikariak, saiakeragileak, diseinatzaileak, arkitektoak, eta Arte Ederretako, Komisariotzako, Artearen Historiako, Diseinua, Arkitektura eta Soziologiako ikasleak, eta, horretarako, topaketa hauek egingo ditu: 2016ko hitzaurrea, sinposioaren bi uneak 2018an eta 2019an, eta aldian behin egingo diren lan-mahaiak. Ekimena proposatutako edukiekin interesatuta dauden guztiei zuzenduta dago, prestakuntza eta lanbide guztietakoei.

www.azkunazentroa.eus