ZINEMA_ILEGALA KOORDINATZEKO DEIALDI IREKIA

by

  • Zine_ilegalaren 89. saioaren bista (2020/11/15).

  • Zine_ilegalaren 89. saioaren bista (2020/11/15).

Epea: 2021/01/21etik 2021/02/21era

Zinema_ilegala espazio bizia da, baina, nola jarraitu hori egiten eta pentsatzen oraintxe bertan? Nola sortu baldintzak pertsona-talde batek film bat elkarrekin ikusteko esperientzia partekatzeko?

ZINEMA_ILEGALA KOORDINATZEKO DEIALDI IREKIA

2021eko urtarrilean, Bulegoa z/b-k deialdia egingo du Zinema_ilegala koordinatzeko lanak egiteko. Koordinazio-lana 2021eko martxoan hasi, eta 2022ko urrian amaituko da, orduan beste deialdi bat egingo baita.

Zinema_ilegala koordinazioko lanetan, laguntza eman behar zaio filma proposatzen duen pertsonari, saioa prestatzeko, antolatzeko eta proiekzioaren ondoko elkarrizketan jarduteko. Filmak taldeka ikusteko ekitaldi gisa eskaintzen zaie ikusleei saio bakoitza. Zinema_ilegalaren ardatza da filma orain eta hemen ikustea, haren potentzialtasun plastikoa eta agertutako ikusleekin partekatutako esperientzia bat eraikitzeko modua.

Orain, bigarren aldiz irekiko da Zinema_ilegala koordinatzeko deialdia. Gaur egun arte programa koordinatzeko ardura hartu duten pertsonek nork bere estiloz egin dute, eta zinema, ilegaltasuna eta esperientzia kolektiboak bere praktika berezietatik ulertzeko duten eraz. Ordena kronologikoari jarraiki, honako hauek arduratu dira Zinema_ilegala koordinatzeaz: Jorge Núñez, Cristian Villavicencio, Leire San Martín, Marion Cruza Le Bihan, Ainara Elgoibar eta Pablo Marte.

Epaimahai batek aukeratuko ditu proposamenak. 2018ko irailetik 2020ko azarora arte Zinema_ilegalaren koordinatzaile Pablo Martek eta Zinema_ilegaleko parte hartzaile eta artista Irantzu Sanzok osatuko dute epaimahai hori.

ZINEMA_ILEGALA-RI BURUZ 

2010reko abendutik gaurdaino, Zinema_ilegala egin da Bulegoa z/b-n. Orain arte, 89 saio egin dira, eta, gaur egun, Bilbo da programa honekin aurrera jarraitzen duen hiri bakarra. Zinema_ilegala Belgraden jaio zen 2007an, Teoria Ibiltaria-ThK plataformako kide Marta Popivodaren ekimenez, eta, harrez gero, hainbat hiritan egin da, besteak beste, Zagreb, Istanbul, Paris eta Berlinen.

Zinema_ilegalaren funtzionamenduaren dinamika erraza da. Saio bakoitzean, pertsona batek bulegoko espazioan film bat ikustea proposatzen du, eta hitzematen du laguntza emango duela ondoren izango den eztabaida pizten, programa koordinatzen duen pertsonarekin batera.

Hamar urte hauetan, Zinema_ilegalak gure bulegoaren egiteko moduak egituratzen lagundu du. Baina, zer da Zinema_ilegala? Garai honetan guztian koordinazioaz arduratu direnen hitzak lagungarriak dira azaltzeko:

“Erraza da Zinema_ilegalaren funtzionamendua. Batek film bat proposatzen du. Ikus-entzunezko edozein dokumentu, berak egindako lanak izan ezik (…). Biltzen gara. Aurkezpena egin ondoren, proposatutako materiala aztertzen dugu. Proiekzioa amaitu ondoren, sutsu jarduten gara horretaz berbetan.”
[Pablo Marte, Zinema_ilegaleko koordinatzailea, 2018ko iraila–2020ko azarora arte]

“Zinema_ilegalean filmak ikusten ditugu, eta haietaz hitz egiten dugu. (…) Jende guztia dago gonbidatuta Zinema_ilegalean parte hartzera, horrela elkarrekin ikasteko.”
[Ainara Elgoibar, Zinema_ilegaleko koordinatzailea, 2016ko urritik 2018ko urtarrilera arte]

“Zinema_ilegala proiektu irekia eta (auto)hezitzailea da, zer den ez dakigun hori trukatzeko eta testuinguruan kokatzeko: zinema ilegala.”
[Jorge Núñez, Zinema_ilegaleko koordinatzailea, 2011ko martxotik 2012ko otsailera arte]

“Zinema_ilegala esparru-egoera bat da, ikus-entzunezkoei eta haien forma eta testuei buruz eztabaida egiteko sortua. (…) Zinema_ilegalean, testuaren eta testuinguruaren arteko harremanak du ardura, eta estetika eta etikaren arteko bilakaerak ere bai.”
[Cristian Villavicencio, Zinema_ilegaleko koordinatzailea, 2012ko martxotik 2013ko ekainera arte]

“Zinema_ilegala modu bat da zinemaren esparruan ilegaltasunaz hartzen dugun horretaz pentsatzeko, okertzeko eta berriz pentsatzeko. Zinema_ilegala bide bat da, aukera ematen baitio lagun askoren eta askotarikoen talde bati proiektagailuaren argipean biltzeko, eta terminoa bera zentzuz hornitzeko. Zinema_ilegala noiz-nolakoa da beti.”
[Leire San Martín, Zinema_ilegaleko koordinatzailea, 2013ko uztailetik 2014ko abendura arte]

“Zinema_ilegala kalean bertan dagoen bulego batean egiten da, Bilboko Solokoetxe auzoan. Zinema_ilegaleko (…) saioak bide egokia dira, bestelako jakintza eta diskurtso bat ekoizteko, nahitaez espezialistak izan behar ez duten pertsonen artean. (…) Zinema_ilegala aldatuz doa, hazten da, eta norabidea aldatzen du, saio bakoitzean lantzen diren proposamenekin.”
[Marion Cruza Le Bihan, Zinema_ilegaleko koordinatzailea, 2015eko otsailetik 2016ko irailera arte]

DEIALDIKO BALDINTZAK:

  1. DESKRIBAPENA
  • Koordinazio-aldian (2021eko martxoa-2022ko urria), Zinema_ilegaleko 10 edo 12 saio inguru antolatuko dira.
  • Koordinatzaileak laguntza emango dio filma proposatzen duen pertsonari, saioa prestatzeko, antolatzeko eta proiekzioaren ondoko elkarrizketan jarduteko.
  • Filmak ikusteko proposamenek bi baldintza hauek baizik ez dute bete behar: norberaren lanik ez erakustea eta bertaratuen artean elkarrizketa piztea.

2. EGUNAK

  • Deialdia aurkezteko epea 2021eko urtarrilaren 15ean ireki, eta urriaren 15ean itxiko da.
  • Ebazpena 2021eko martxoaren 1an jakinaraziko da.

3. AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

  • Azalpen gutun laburra, aurkezteko arrazoiaz eta koordinatzeko proposamenaz (gehienez orri bateko PDFa).
  • CV eguneratua.
  • Harremanetarako datuak (e-maila eta telefono zk.).
  • Dokumentazioa web-orriko inprimakiaren bidez bidaliko da: www.bulegoa.org
  • Dokumentazio osoa formatu digitalean aurkeztuko da, PDF artxibo bakar batean, IZENA_ABIZENAK_ZINEMA_ILEGALA.PDF izenarekin.

4. HAUTAKETA BATZORDEA

Pablo Martek eta Irantzu Sanzok eratutako batzordea arduratuko da proposamenak aukeratzeaz.

5. ORDAINSARIA

1.800 € gordin koordinatzailearentzako.

 


    Elkartu dokumentu guztiak 5Mb arteko fitxategi bakar batean eta erantsi zure proposamena PDF formatuan.

    Zure datuak bidaltzean, gure pribatutasun politika onartzen duzu.