Mintegi Iraunkor Arrunta
MIA 4. OHIKO GOGOETAK, LANEKO BETEKADAREN ONDORIOZKOAK (COVIDAREN GARAIAN)
by
Mintegi Iraunkor Arruntaren laugarren saio honetan, Señoras hasta el coño-k, Lorena Ruiz Marcosek eta Begoña Marugán Pintosek Ohiko gogoetak, laneko betekadaren ondoriozkoak (Covidaren garaian) aurkeztuko dute. Mintegi Iraunkor Arrunta Bulegoa z/b eta Sociología Ordinariaren arteko lankidetza-programa publikoa da. 2020an eta 2021ean egingo da, elkarrizketen eta topaketen bidez, formatu birtualean eta presentzialean.
SEÑORAS HASTA EL COÑO, DEL TRABAJO Y MUCHO MÁS
Laurogeiko hamarkadan, soziologiaren barruan, lanaren amaierari buruzko eztabaida hasi zen. Harrezkero, lana eztabaidatik, prestakuntzatik, protesta sozialetik… atera da. Enpleguari buruzko proposamenak urriak dira, eta, eztabaidatzen direnean, enplegatuek beren lanpostua arriskuan ikusten dutenean edo kaleratuta daudenean izan ezik, subjektibotasunean ardazten dira publikoki, subjektibotasuna baldintza materialetan oinarrituta eraikiko ez balitz bezala. Izan ere, pandemiarekin eta pandemiarik gabe, gure lan-bizitza, ontologiari dagokionez, sekulako kakazaharra da. Kalte egiten diguten eta gaixotzen gaituzten baldintza eta jardunbide gehiegizkoak, ziurgabetasunez beterik uzten gaituztenak, bitala ere baden ezegonkortasun ekonomikoarekin. Eta, ez, mundu mailako pandemia ez da aukera bat; beraz, Manolo, egin mesedea, eta ez ekarri gehiago bulegora gero nik neure gain hartu beharko dudan proposamenik.
Saio honetan, bizi-baldintza materialetara jaitsi nahi dugu, ez baikara aireaz bizi. Ez du glamour askorik izango, baina lanaren materialtasunez eta arlo materialeko lanez hitz egingo dugu, eta era askotako egoerak jarriko ditugu mahai gainean: zulo beltzetan galtzen diren fakturak, horizontaltasun hierarkikoak, señoro aliatuak edo kontratu izeneko huskeria horiek. Izan ere, zertaz bizi gara? Zerk ematen digu jaten? Zer-nolako eragina du gure bizitzetan? Galdera horiek partekatuko ditugu, eta elkarrekin pentsatuko dugu zer egin dezakegun, nola egin aurrera. Batzuek jardunbide egokiak deitzen diote horri. Guk aluraino egotea esaten diogu.
Online / aurrez aurreko saioan parte hartzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
You Tube: https://youtu.be/D_uVL4Lu3ek
Señoras hasta el coño. Lanaz (eta beste gauza askotaz) potorreraino gauden emakume batzuk gara. Gure lan-bizitzako istorioak kontatzen ditugu, horretarako klandestinitatetik igaro behar badugu ere. Tiradizoa izan zuen fanzine baten egileak gara; hor, gure ele-melerik gogokoenak kontatzen genituen, kultura- eta lankidetza-esparruetako lanari buruz. Mehatxua egiten dugu bigarren kapitulua idazteko. Edo agian ez.
Lorena Ruiz Marcos. Soziologian doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (UCM), eta osasunaren alderdi sozialarekin lotutako eremuak aztertzen ditu. 2014tik 2018ra, Medialab Prado Herritarren Berrikuntzako Laborategiko kultura-bitartekaria eta arduraduna izan zen. Esperientzia horren ondorioz, gaur egun prestakuntza eta aholkularitza ematen ditu herritarren laborategiei eta lankidetza publiko eta sozialeko prozesuei buruz.
Begoña Marugán Pintos. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Lanaren Soziologiako eta Generoaren Soziologiako irakasle elkartua eta CCOOko Herritarrentzako Zerbitzuen Federazioko Emakumearen Idazkaritzako albokoa. Bi ikerketa- eta irakaskuntza-ildo nagusi garatu ditu: bata itsasoko jendearen bizitza- eta lan-baldintzei buruzkoa, eta, bestea, generoari buruzkoa, lan-enpleguan eta emakumeen aurkako indarkerian ardaztua.
Ekitaldi honek New Yorkeko Foundation for Arts Initiatives (FFAI) erakundearen babesa du.