ERAKUSKETA: URAK DAKAR. TAILERRETIK IRTETEAN

by

  • Marrazketa tailerra Raúl Domínguezekin

  • Tokimagik. Jeletonen tailerra

  • Marion Cruza Le Bihan + Aitor Izagirre: Urak daroa (O destrucción de la Balco) (2023)

  • Marion Cruza Le Bihan + Aitor Izagirre: Urak daroa (O destrucción de la Balco) (2023)

  • Tripak/Haiek: Posidonia (2023)

  • Taller de dibujo con Raúl Domínguez

  • Tokimagik. Taller de Jeleton

Urak dakar. Tailerretik irtetean erakusketa kolektiboak Equipo Jeleton, Marion Cruza Le Bihan eta Aitor Izagirre, Tripak (Haiek-ekin) eta Raúl Domínguezen marrazketa-tailerreko parte-hartzaileen lanak biltzen ditu. Artistek lau tailer egin zituzten 2022an, Urak dakar ekimenaren barruan. Erakusketarekin batera, lau une daude lanak jendaurrean aktibatzeko.

Urak dakar Space is The Place / The Place is Space programaren 2022-2023ko edizioa da. Sun Ra-ren 1974ko film afrofuturista parafraseatzen du 2018an hasitako programa honen izenburuak.

INAUGURAZIOA:
2023/11/24 – 17:00

TOKIA:
Chillida Aretoa, Bizkaia Aretoa
Abandoibarra etorbidea 3
48009-Bilbo

DATAK ETA ORDUTEGIAK:
Egunak: Azaroak 24, 27, 28, 29, eta abenduak 1, 4, 5
Ordutegia: 11:00-20:00

AKTIBAZIOAK:
2023/11/27 – 18:00: Tokimagik, Equipo Jeleton
2023/12/01 – 18:00: Urak daroa (o destrucción de la Balco), Marion Cruza Le Bihan eta Aitor Izagirre
2023/12/04 – 18:00: Marrazketa-tailerra, Raúl Domínguez
2023/12/05 – 18:00: Urak dakar. Tailerretik irtetean… eta gero, Bulegoa z/b

Aktibazioetan parte hartzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

URAK DAKAR. TAILERRETIK IRTETEAN
2022an, Raúl Domínguez, Equipo Jeleton, Marion Cruza Le Bihan eta Aitor Izagirre, eta Tripak gonbidatu genituen lau tailer egitera Urak dakar proiektuaren esparruan. Gonbidapenarekin batera, beste enkargu bat zegoen: hurrengo urtean erakusketa kolektibo batean parte hartzea. Prozesu artistikoak erakusteko bi modu probatzea proposatu genien, bakoitza bere denbora, espazio eta dinamika bereziekin. Alde batetik, tailerraren testuinguru pribatua eta erreserbatua, non artistak bere lan egiteko modua eta metodologiak pertsona-talde batekin partekatzen dituen; bestetik, erakusketaren esparru publikoa, non artista jada ez dagoen eta lanak modu autonomoan aurkezten diren.

Gonbidapenean, zabalik geratu zen erakusketako lanak nahitaez tailerraren emaitza ez izateko aukera, baina espero genuen aldez aurreko esperientzia horretatik zerbait iragaztea erakusketan. Nolanahi ere, artista bakoitza libre zen gonbidapena bere inguruabarretara egokitzeko, betiere prozesu artistiko eta prozesu kolektiboek berez dituzten irekitasun, ziurgabetasun eta prekarietatearen mende. Kontu finko bakarra esparrua zen, Urak dakar, Space is The Place/The Place is Space 2022-2023ko edizioa, egoerak sortzea eta bizitzeko eta espazioa sortzeko moduak irudikatzea helburu duena, eta in situ, espazioan eta tokiarekin pentsatzea proposatzen duena.

ERAKUSKETAKO ARTELANAK ETA ARTISTAK

MARRAZKETA-TAILERRA, RAÚL DOMÍNGUEZ
“Marrazten hasi aurretik, isiltasun bat dago; horrela ateratzen gara eguneroko inertziatik.

Marrazteak esan nahi du beste bizitza-denbora batean sartzea, eta beharrezkoa da bertan egotea gorputzarekin inplikatuta. Irudia bizitzea, pasiboki jaso beharrean.

Gauzekin benetan elkartu ahal izateko, beharrezkoa da aukeraren espazioa sortzea, hor, noizbait, dena hankaz gora jartzeko modua egon dadin. Ikusitakoa eta jakindakoa krisian jartzea. Zentzugabekeriara joan eta itzultzea.” [Marrazketa-tailerraren deialdiaren testua]

*

2022ko martxoan, 12 lagun bildu ginen 4 marrazki-saio praktikotan.

Funtsean, tailerrak proposatzen zuen irudi bat pasiboki jasotzearen eta gure eskuekin egiteko prozesua bizitzearen arteko aldea esperimentatzea. Marrazkian, gorputzarekin inplikatzen gintuen begiratzeko modu bat aurkitu genuen, pentsatzea eta egitea bereizten ez dituen jarduera bat.

Emaitza izan diren marrazkien berezitasuna da parte-hartzaileen karraren ondorioa direla; eta agerian uzten dute gure inguruan eta geure baitan izaten diren mugimendu eta egituretan dagoen zerbait.

2022ko marrazketa-tailerreko parte-hartzaileak: Pedro Canive, Conchi Carazo, Jesús Cardaño, Teo Delgado, Maribel Ochoa de Alda, Marga Parriel, Feli Ruiz Díez, Edurne Sagarna, Jaime Val Sáez, Javier Vicario, Txabi.

TOKIMAGIK, EQUIPO JELETON
Tokimagik-ek tailer batean deitutako denbora eta harreman-munduak zabaltzen ditu. Proiektuaren jeinu babeslea den Sun Rak Paraleloak (1972) poeman honela zioen:*

Hemen ez bada
Han izango da
Bada, lekuren bat eta bat ere ez
paraleloak
Bata bestearen bertsioetan… non
Ezer ez den zerbaiten ondoren
Edota zerbait izan aurretik

*Mariana Castillo Deball, Tania Islas Weinstein eta Alberto Ortegak itzulia En algún lado y en ninguno. Poemas liburuan (Arts Libris – Bom Dia Boa Tarde Boa Noitek argitaratua).

2022ko Tokimagik tailerrean, honako hauek parte hartu zuten marrazki eta performanceekin: Leire Aranberri, Jesús Arpal Moya, Aimar Arriola, @art.worldbuilding, Amparo Badiola, Beatriz Cavia, Santiago Fernández Mosteyrin, Eva García Fernández, Gema Intxausti, Miren Jaio, Gelen Jeleton, Laida Lertxundi, lucia, Maite Martínez de Arenaza, Izar Ocariz, Kristina Ortiz, Ander Pérez, Irene Pérez, Ainize Sarasola, Susana Talayero, Josune Urrutia Asua, Víctor, Gabriel Aparicio Rey, Paula Martínez Sancho, Paola Vega.

URAK DAROA (O DESTRUCCIÓN DE LA BALCO), MARION CRUZA LE BIHAN ETA AITOR IZAGIRRE
2013/X – Miaketa.
2014/V – Txatarraren Mercadona, espoliazioa atzera-aurrera.
2014/X – Hangar abandonatua sutan.
2016/V – Sutea bulego zaharren eraikinean. Artxiboa suntsituta geratu zen.
2017/I Fabrika zaharra berriz sutan.
2017/IX – Bilbo: identitate-krisia eta periferia.
2018/II – Trapagaran, dena prestatzen, Amazon bertara irits dadin.
2019/VII – Galindoko bulego historikoak eraisten.
2019/XI – X-k inoiz ez du lekua markatzen. Tropel ibiltaria.
2019/XII – Jatorrizko 10 pabiloiak erori ziren.
2021/V – Jantoki zaharrak erabat kiskalita.
2022/VII – Ibilbidea hemendik, Durañona.

Ibilbidea hemendik. Tailer/esplorazio kolektiboa 2022ko tailerrean honako hauek parte hartu zuten: Charo, Miguel, Oihana, Justo, Rafa, Joseba, Hugo, Jugatx, Israel, Ula, Yeray, Eider, Terri, Álvaro, Ibon, Silvia, Pablo, Miren, Aitor, Begoña, Marce, Aitor eta Marion.

POSIDONIA, TRIPAK + HAIEK
Munduaren amaierako arkitekturak dira munduaren etorkizuneko amaiera eraikitzen dutenak. Lagungarri dira bera definitzeko, hiltzera laguntzen dute edo beragatik hiltzen dira.

Tripak Haiek-en egitura etengabe hiltzen da, eta bide ematen digu krisiaz, gainbeheraz eta harreman arduratsuez gogoeta egiteko, edo, behintzat, prozesu horretaz adi egoteko.

Egitura izaki bizidun baten modukoa da, eta gorputzak, bizigabeak bailiran, harekin konprometitzen dira, zatikatu egiten dira eta bera zartatzen dute.

*
Neskak dio iturria pertsona bat dela eta, aldi berean, ur-mendi bat, esmeralda bezain distiratsua. Ez du besorik, ez aurpegirik, itsua da, mugitu gabe ibiltzen da, inguruan dituen ur tolesdurak ez desegiteko.

Gaur otarraina jan dugu lehertu arte. Bi ekarri ditut, bi kilokoak, eta beste lau, txikiagoak. Ur berde batean harrapatu ditut. Botila baten barruan murgiltzea bezala zen. Inpresio errepikaezina. Orinocoko ura da.

2022ko Tripaken tailerrean honako hauek parte hartu zuten: Izarne Oyarzabal, Candela Azpiroz, Ander Pérez Puelles, Hodei Herreros Rodríguez, Víctor Ortuño, Kristina Ortiz, Esterling Suriel, Leire Ugalde Blanco, Paula Brezo Allende, Judith Voet, Narlin Roman, Izar Ocariz, Ainhoa Pardellas.

BIOGRAFIAK

Raúl Domínguez (Barakaldo, 1984) artista da. Marrazketan oinarritzen du bere lana. Gaur egun, ilustrazio zientifikoarekin, diseinuarekin eta irakaskuntzarekin uztartzen du lan artistikoa. Azken erakusketen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: Media hora de sol eta Palabra de conejo, Carreras Múgica Galeria (Bilbo); Es ir a Galería Pelaires (Palma de Mallorca); Ambergris, Carbonería Lorences (Madril); Re-Ilustrazioa (Ángela Palaciosekin batera), Oier Etxeberriak komisariatua, Cristina Enea Fundazioa (Donostia-San Sebastián); First thought best, Peio Aguirre, Beatriz Herráez eta Itziar Okarizek komisariatua, ARTIUM (Vitoria-Gasteiz); Kabinete Abstraktua, rekalde aretoa (Bilbo); eta Otzan (kolektiboa), Galería Elba Benítez (Madril).

Equipo Jeleton Jesús Arpal Moyak eta Gelen Alcántara Sánchezek osatzen dute. Mitologia esperimentaletatik abiatuta, lengoaia narratiboak lantzen dituzte, poesiatik kantuetara joz, marrazkietan koreografiatuz. Irudien eta sinboloen botereari men egiten diote eta etengabe matxinatzen dira. Duela gutxi, leku hauetan erakutsi dute beren artea: Black Maritxu (Arrieta, Bizkaia), MNCARS (Madril), Bilboko Arte Ederren Museoa, MACBA (Bartzelona) eta Fundación Miró (Bartzelona).

Marion Cruza Le Bihan eta Aitor Izagirre artistak eta irakasleak dira. 2013. urtetik, hainbat proiektutan aritu dira lankidetzan, baina nabarmenena Giltzapekoak: Notas sobre la reclusión erakusketa da, Pablo Marterekin batera komisariatu zutena (Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia-San Sebastián 2016). Marionek praktikatik abiatuta ikertzen ditu filmak imajinatzeko moduak eta “eszenen” eraikuntza. Horrek barnean hartzen ditu bideo eta fotografiako lanak, elkarrizketen idazketa, performanceak, marrazkiak eta instalazioak. Aitorrek filosofia ikasi zuen Donostian, eta urte askotan parte hartu du musika esperimentaleko euskal eszenan. Testuak argitaratu ditu zenbait fanzine eta aldizkaritan.

Tripak. Maite Mugerza, Natalia Suárez eta Marina Suarez artista plastikoek eta Andrea Berbois biolin-jotzaileak osatutako arte eszenikoen euskal konpainia. 2013an sortu zuten, Gasteizko Baratza aretoan, Sorkuntza Laborategiaren inguruan, munduaz eta estetikaz duten ikuspegi berezian oinarritutako sorkuntzak eskaintzeko.

Haiek. 2005ean hasitako ibilbide artistikoak Ion Arregi artista eta Martín Ferrán arkitektoa elkartu zituen, lehenik, “elminius modestus” izeneko proiektuan. Banakako ibilbide artistikoak eta diseinu, arkitektura, altzari eta jostailuaren arloko beste lan batzuk uztartu ziren, 2017an erakusketa-diseinuko lehen enkargua jaso zuten arte. 2020an, Haiek kooperatiba sortu zuten, eta obra horiei abiaburu berria eman zieten.

Tripak + Haiek. Tripak (Maite Mugerza, Marina Suárez Ortiz de Zárate, Natalia Suárez Ortiz de Zárate eta Andrea Berbois) eta Haiek-en (Ion Arregi eta Martin Ferran) arteko lankidetzak topaketa bat du sorburu: bere kezkak formatu eszenikoan aztertu nahi dituen konpainia baten eta lan bera arkitektura eta eraikuntza-formez egiten duen beste konpainia baten artekoa. Topaketan, prozesuari berari behatzen diote, eta gorputz desberdinen arteko topaketak dituen plazerari eta tentsioari.

Urak dakar proiektuak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBK Fundazioaren laguntza du.