Urak dakar

Space is The Place / The Place is Space programaren 2022-2023ko edizioak, Urak dakar izenekoak, lau une ditu: artistek zuzendutako eta 2022ko martxoa eta azaroa bitartean antolatuko diren lau tailer, 2022ko azaroaren 16an egin den zinema-programa, 2022ko azaroaren 18an eta 19an gauzatuko diren topaketa batzuk eta 2023ko otsaila eta martxoa bitartean zabalik egongo den erakusketa.

Urak dakar programak topaketa-egoera baten potentziala aztertu nahi du, esperientzia partekatuak eta aukeretarako espazioak sortzeko. Era berean, proposatzen du irudimenarekin, fikzioarekin eta gorputzetan inskribatutako memoriarekin lan egitea, espekulatzeko bitarteko gisa, eta historiaren gainean eraikitako kontakizunak desordenatuko dituzten irudikapen berriak sortzea, oraingo unean birkokatzen eta etortzeko dauden beste une batzuk irudikatzen lagunduko digutenak.

URAK DAKAR
Itsasadarra ez da ibaia. Topaleku bat da. Uren topaleku. Puntu zehatz batean, ibaiak utzi egiten dio ibaia izateari, eta itsasoak lurrean egindako sartze bilakatzen da, itsasadar.

Ur gaziko mihi hori mareen eraginpean dago. Itsasgora denean, badirudi ura korrontearen kontra doala, denbora eta grabitatearen indarrak logika guztien aurka doazela, atzeraka, mobiola batean bezala. Kontraesan hori itxurazkoa da. Itsasadarra ez da ibaia. Korrontea gora edo behera, urak jarioan jarraitzen du.

Ilargiaren eta eguzkiaren grabitate-erakarpeneko indarrek sortzen eta zuzentzen dituzte itsasadar bateko mareen erritmoak. Dagokien denbora ziklikoa da. Mareek ez dituzte bereizten iragana, oraina eta etorkizuna, denbora linealaren dimentsioak.

Bilboko itsasadarreko urak mareen erritmo ziklikoen mende jartzen dira, eta haren ibaiertzak, berriz, denbora lineal edo historikoaren mende. Gaur egun, XX. mendearen amaieran “Bilbo efektua” sortu zuten hirigintzako eraldaketen epizentroa izan zen eremuan, egun Abandoibarra izenez ezagutua, museo bat, paraninfo bat, unibertsitate-liburutegi bat, kongresu jauregi bat, dorre bat, merkataritza-gune bat, hotel bat eta luxuzko zenbait egoitza daude. Orain dela hogeita hamar urte, ontziola bat, trenbide-linea bat, edukiontzien terminal bat, biltegi batzuk eta zamalanetarako garabi batzuk zeuden. Hamarkada batzuk lehenago, portuko industriagune horren barruan, txabolen kokaleku bat egon zen, lan bila hirira etorritako etorkinek eraikia.

Urak dakar programak Eusko Jaurlaritza, Bizkaia Foru Aldundia eta Zinebi jaialdiaren babesa jaso du.