Zinema_ilegala
ZINEMA_ILEGALEKO 89. SAIOA: HAMARGARREN URTEURRENA + PROGRAMA BIKOITZA
by
Igandea, 2020ko azaroaren 15a, 19:00: Jugoslavia. Nola mugitu zuen ideologiak gure gorputz kolektiboa (2013). Proiekzioa eta elkarrizketa Marta Popivodarekin Bilboko Arte Ederren Museoan.
Bulegoa z/b-ren hamargarren urteurrena ospatzeko, Zinema_ilegaleko programa bikoitza antolatu dugu ZINEBI-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiarekin lankidetzan: batetik, Zinema_ilegaleko saio berezi bat Bulegoan z/b-n, 89. saioa, Bilbon Zinema_ilegala koordinatzen aritu diren pertsona guztiek proposatua, eta, bestetik, Bilboko Arte Ederren Museoan Jugoslavia. Nola mugitu zuen ideologiak gure gorputz kolektiboa (2013) proiektatzea, Zinema_ilegala abiarazi zuen Marta Popivodarena, eta, ondoren, egile horren eta Isabel de Naveránen arteko elkarrizketa.
PROGRAMA
Igandea, 2020ko azaroaren 15a, 19:00
Jugoslavia. Nola mugitu zuen ideologiak gure gorputz kolektiboa (2013)
Proiekzioa eta elkarrizketa Marta Popivodarekin
Tokia: Bilboko Arte Ederren Museoko Auditorioa
Sarrera: 3,50€
Astelehena, 2020ko azaroaren 16a, 17:00
Jugoslavia. Nola mugitu zuen ideologiak gure gorputz kolektiboa (2013)
Tokia: Bilboko Arte Ederren Museoko Auditorioa
Sarrera: 3,50€
Osteguna, 2020ko azaroaren 19a, 18:00
Zinema_ilegaleko 89. saioa
Zinema_ilegalaren sei koordinatzaileek proposatutako saio berezia.
Tokia: Bulegoa z/b
Edukiera mugatua
Saioan parte hartzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
ZINEMA_ILEGALAZ
2010eko abenduan, gure bulegoa ireki berritan, Marta Popivoda eta Ana Vujanović gonbidatu genituen, Teoria ibiltariaz–TkH [Teorija koja Hoda] hitz egiteko, hau da, performanceko, antzerkiko, arte bisualetako eta zinemako teorialariek eta artistek osatutako Belgradeko plataforma independente eta estraakademikoaz. Antzinako Jugoslaviako gerren ondoren 2000. urtean sortutako TkH-en antzekotasunak ikusten genituen Bulegoa z/b-n egin nahi genuenarekin: zubiak eraiki, jardun artistikoaren eta hausnarketa teorikoaren artean.
Bulegoa z/b-ra egindako lehen bisita hartan, Popivodak Zinema_ilegala aurkeztu zuen, berak 2007an Belgraden hasitako programa, ordutik aurrera hainbat hiritara bidaiatuko zuena: 2008. eta 2009. urteen artean edizio bereziak egin ziren Zagreben eta Istanbulen, eta, 2010etik aurrera, modu egonkorrean antolatzen hasi zen Parisko Les Laboratoires d’Aubervilliers-en. Urte horretako abenduan Bilbok bat egin zuen hiri horiekin, eta gaur egun programa jardunean duen hiri bakarra da.
Hamar urte hauetan, Zinema_ilegalak gure bulegoaren egiteko moduak egituratzen lagundu du. Baina, zer da Zinema_ilegala? Garai honetan guztian koordinazioaz arduratu direnen hitzak lagungarriak dira azaltzeko:
“Erraza da Zinema_ilegalaren funtzionamendua. Batek film bat proposatzen du. Ikus-entzunezko edozein dokumentu, berak egindako lanak izan ezik (…). Biltzen gara. Aurkezpena egin ondoren, proposatutako materiala aztertzen dugu. Proiekzioa amaitu ondoren, sutsu jarduten gara horretaz berbetan.” (Pablo Marte, 2018ko iraila–gaur egun)
“Proiektu irekia eta (auto)hezitzailea da, zer den ez dakigun hori trukatzeko eta testuinguruan kokatzeko: zinema ilegala.” (Jorge Núñez, 2011ko martxoa–2012ko otsaila)
“Ikus-entzunezkoari, haren formei eta testuei buruz, testuaren eta testuinguruaren arteko erlazioari buruz eta estetikaren eta etikaren arteko bilakaerari buruz eztabaidatzeko egoera-esparrua da.” (Cristian Villavicencio, 2012ko martxoa–2013ko ekaina)
“Bide bat da, aukera ematen baitio lagun askoren eta askotarikoen talde bati proiektagailuaren argipean biltzeko, eta terminoa zentzuz hornitzeko. Zinema_ilegala noiz-nolakoa da beti.” (Leire San Martín, 2013ko uztaila–2014ko abendua)
“Zinema_ilegaleko saioak bide egokia dira, bestelako jakintza eta diskurtso bat ekoizteko, nahitaez espezialistak izan behar ez duten pertsonen artean”. (Marion Cruza Le Bihan, 2015eko otsaila–2016ko iraila)
“Zinema_ilegalean ez dago komisariorik, ez programatzailerik. Koordinatzaileak proposamenak jasotzen eta laguntzen ditu, saio bakoitzerako bidean, saioaren aurretik edo saioa egin bitartean. (Ainara Elgoibar, 2016ko urria–2018ko urtarrila)
JUGOSLAVIA. NOLA MUGITU ZUEN IDEOLOGIAK GURE GORPUTZ KOLEKTIBOA (2013)
2013. urtean, Bulegoa z/b-k Marta Popivoda gonbidatu zuen berriro Auzi sozialaren ideologiak eszenaratzen sinposioan parte hartzera, Bojana Cvejić, Asier Mendizabal eta Vujanović-ekin batera. Mintegian Jugoslavija, kako je ideologija pokretala naše kolektivno telo proiektatu zen (Jugoslavia. Nola mugitu zuen ideologiak gure gorputz kolektiboa). Zazpi urte geroago, ZINEBIren eta Bulegoa z/b-ren hamargarren urteurrenaren esparruan, zinemagilea eta ikertzailea gonbidatu dugu berriz pelikula-saiakera hau proiektatzera. Hona hemen haren hitzak:
“Oso ikuspegi pertsonala eskaintzen digu Jugoslavia sozialistako historiari eta bere amaiera dramatikoari eta oraintsuko eraldaketari buruz, hainbat estatu nazional demokratiko baitaude gaur egun. Bi arrazoik bultzatu naute atzera begiratzera, hedabideetako eta artxiboko irudietan bila aritzera, eta aztertzera espazio publikoan bere burua eszenifikatuz sistema sozial bat nola aldatzen den: estatua desegiteko esperientzia, eta Serbian kapitalismo ‘basatiak’ klase-sistema berrezartzeko izan den prozesua.”
Marta Popivoda (Berlin/Belgrad) zinemagilea, bideo-artista eta ikertzailea da. Bere lanak oroimen eta historiaren, gorputz kolektibo eta indibidualaren, ideologia eta eguneroko bizitzaren arteko tentsioak aztertzen ditu, eta Jugoslavia zaharreko proiektu sozialistaren potentzial antifaxista eta feministan jartzen du arreta. Lanak lotura estua du TkH (Teoria ibiltaria) plataforma eta aldizkari teoriko-artistikoarekin, eta haren argitalpen-kolektiboaren parte da 2005etik. Besteak beste, erakunde hauetan aurkeztu du lana: MoMA, New York; Tate Modern, Londres; M HKA, Anberes; 21er HAUS eta Q21/ MuseumsQuartier, Viena; HOME, Manchester; McaM, Shangai; Beirut Art Center, Beirut; Musée de la danse, Rennes; Museum of Modern Art + MSUM, Ljubljana, Arsenal – Institut für Film und Videokunst, HAU – Hebbel am Ufer, SAVVY Contemporary, NGBK Gallery eta District, Berlin; Kampnagel, Hanburgo; Matadero eta La Casa Encendida, Madril; Forum des Images, MK2 Beaubourg, École Nationale Supérieure des Beaux-Arts, Les Laboratoires d’Aubervilliers eta Khiasma Galler, Paris; Beursschouwburg eta Kaaitheater, Brusela; Jugoslaviako Historiaren Museoa eta Arte Garaikidearen Museoa, Belgrad, etab.