ZINEMA_ILEGALEKO 108. SAIOA

by

Lide Mikele Billelabeitia Uriartek Maria Muriedas Diezek proposatutako Chimera (Haris Epaminondaren, 2019) eta Four Roads (Alice Rohrwacher, 2021) filmen proiekzioa, eta ondoren solasaldia.

“Hiperikusgarritasunaren, birtualtasunaren mugetan, ba al dago oraindik lekurik irudi baterako? Ba al dago lekurik enigma baterako, formen eta itxurakerien benetako estrategia den ilusio-potentzia baterako? (…) formak ez dira askatzen, irudiak ez dira askatzen. Aitzitik, kateatu egiten dira: kateatzea da haiek askatzeko modu bakarra (…).”
[Jean Baudrillard: Artearen konplota. Ilusio eta desilusio estetikoak, 2005]

Egungo testuinguru hiperestimulatu honetan, Super 8 kamera bezalako medio zaharkituak berpizteak, inguruaren begieste kontzienteago bat lantzera daramakigu. Are gehiago, analogikoaren denbora dilatatuaren aldeko apostua egitea erresistentzia edo ukatze prozesu baten isla izan daiteke. Horrela, Super 8 kamerak, begiratzeko modu desberdin bat planteatzen du analogikoaren denborek, istripuek, edota berezko plastikotasunak baldintzaturik.

Super 8 kameraren alde egiteko apostu horretan, medio honen izaera eta berezitasunak laburbiltzen dituzten eta modu oso desberdinetan lan egiten duten bi emakumeren lanak bateratzea erabaki dugu sesio honetarako: Haris Epaminondaren Chimera (2019) eta Alice Rohrwacherren Four Roads (2021).

Haris Epaminondaren Chimera (2019, 30’’) filma, abandonatutako leku eta paisaien irudi gogoetatsuen fluxu bat da, oroimenaren eta ametsaren arteko tentsio-eremu batean kokatzen dena. Irudi horiek aurkitutako metrajearekin konbinatzen ditu, oroimenaren eta kontzeptu-eraikuntzaren artean dauden lotura eta narrazio imajinaezinak sortuz. Lotura berezi horiek eraikitzeko zubi edo itsasgarria Super 8 kamera izango da. Oso modu desberdinean lotzen ditu Alice Rohrwacherrek Four Roads (2021, 8’’) filmean pandemia zehar grabatu zituen irudiak, berak off-ahots batekin kontakizun narratibo klasikoago baten aldeko apostua egiten du. Kontakizunean, bere auzokoak behatzeko eta deskribatzeko modu soil bat erabiltzen du irudiekin bat egitean osotasun bat eratzen duena. Lan hauen aukeraketaren bidez, Epaminondaren irudi oniriko, arraro edota arrotzekin kontrastatu nahi genuen Rohrwacherren filmaren irudi domestiko soil eta hurbilagoen trataera. Horrela, Super 8-aren bidez, arrotzaren eta ezagunaren arteko dikotomiari buruzko elkarrizketa bat eratuz.

Lide Mikele Billelabeitia Uriarte (Mungia, 2001). Ikus-entzunezkoa, argazkia eta eskultura lantzen ditu. Bere lanek naturarekin eta gauzen materialtasunarekin harremantzeko modu kontziente eta desberdinak arakatzen dituzte.

Maria Muriedas Diez (Mungia, 1994). Ikus-entzunezkoa eta argazkia lantzen ditu. Gaur egun, onirikoa den horretan, egoeren sorreran eta aipatutako euskarriek erregistro-gailu gisa dituzten berezitasunetan jartzen du arreta.