ZINEMA_ILEGALA KOORDINATZEKO DEIALDI IREKIA

by

Epea: 2024/01/31tik 2024/03/01era

Zinema_ilegala espazio bizia da, baina, nola jarraitu hori egiten eta pentsatzen oraintxe bertan? Nola sortu baldintzak pertsona-talde batek film bat elkarrekin ikusteko esperientzia partekatzeko?

ZINEMA_ILEGALA KOORDINATZEKO DEIALDI IREKIA

2024ko urtarrilean, Bulegoa z/b-k deialdia egingo du Zinema_ilegala koordinatzeko lanak egiteko. Koordinazio-lana 2024ko martxoan hasi, eta 2025eko irailean amaituko da, orduan beste deialdi bat egingo baita.

Zinema_ilegala koordinazioko lanetan, laguntza eman behar zaio filma proposatzen duen pertsonari, saioa prestatzeko, antolatzeko eta proiekzioaren ondoko elkarrizketan jarduteko. Filmak taldeka ikusteko ekitaldi gisa eskaintzen zaie ikusleei saio bakoitza. Zinema_ilegalaren ardatza da filma orain eta hemen ikustea, haren potentzialtasun plastikoa eta agertutako ikusleekin partekatutako esperientzia bat eraikitzeko modua.

Orain, hirugarren aldiz irekiko da Zinema_ilegala koordinatzeko deialdia. Gaur egun arte programa koordinatzeko ardura hartu duten pertsonek nork bere estiloz egin dute, eta zinema, ilegaltasuna eta praktika kolektiboak bere praktika berezietatik ulertzeko duten eraz. Ordena kronologikoari jarraiki, honako hauek arduratu dira Zinema_ilegala koordinatzeaz: Jorge Núñez, Cristian Villavicencio, Leire San Martín, Marion Cruza Le Bihan, Ainara Elgoibar, Pablo Marte, Aizpea de Atxa eta Akane Saraiva elkarlanean, eta Akane Saraiva.

Epaimahai batek aukeratuko ditu proposamenak. 2013ko irailetik 2014ko abendura arte Zinema_ilegalaren koordinatzaile Leire San Martinek eta 2022ko irailetik 2024ko otsailera arte Zinema_ilegalaren koordinatzaile Akane Saraivak osatuko dute epaimahai hori.

ZINEMA_ILEGALA-RI BURUZ 

2010reko abendutik gaurdaino, Zinema_ilegala egin da Bulegoa z/b-n. Orain arte, 109 saio egin dira, eta, gaur egun, Bilbo da programa honekin aurrera jarraitzen duen hiri bakarra. Zinema_ilegala Belgraden jaio zen 2007an, Teoria Ibiltaria-ThK plataformako kide Marta Popivodaren ekimenez, eta, harrez gero, hainbat hiritan egin da, besteak beste, Zagreb, Istanbul, Paris eta Berlinen.

Zinema_ilegalaren funtzionamenduaren dinamika erraza da. Saio bakoitzean, pertsona batek bulegoko espazioan film bat ikustea proposatzen du, eta hitzematen du laguntza emango duela ondoren izango den eztabaida pizten, programa koordinatzen duen pertsonarekin batera.

Hamalau urte hauetan, Zinema_ilegalak gure bulegoaren egiteko moduak egituratzen lagundu du.

DEIALDIAREN BALDINTZAK:

  1. DESKRIBAPENA
  • Koordinazio-aldian (2024ko martxoa-2025eko iraila), Zinema_ilegaleko 10 edo 12 saio inguru antolatuko dira.
  • Koordinatzaileak laguntza emango dio filma proposatzen duen pertsonari, saioa prestatzeko, antolatzeko eta proiekzioaren ondoko elkarrizketan jarduteko.
  • Filmak ikusteko proposamenek bi baldintza hauek baizik ez dute bete behar: norberaren lanik ez erakustea eta bertaratuen artean elkarrizketa piztea.
  1. EGUNAK
  • Deialdia aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 31n ireki, eta martxoaren 1ean itxiko da.
  • Ebazpena 2024ko martxoaren 5ean jakinaraziko da.
  1. AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
  • Azalpen gutun laburra, aurkezteko arrazoiaz eta koordinatzeko proposamenaz (gehienez orri bateko PDFa).
  • CV eguneratua.
  • Harremanetarako datuak (e-maila eta telefono zk.).
  • Dokumentazioa formulario honen bidez bidaliko da.
  • Dokumentazio osoa formatu digitalean aurkeztuko da, PDF artxibo bakar batean, IZENA_ABIZENAK_ZINEMA_ILEGALA.PDF izenarekin.
  1. HAUTAKETA BATZORDEA
  • Leire San Martinek eta Akane Saraivak eratutako batzordea arduratuko da proposamenak aukeratzeaz.
  1. ORDAINSARIA
  • 1.800 € gordin koordinatzailearentzako.

 

    Elkartu dokumentu guztiak 5Mb arteko fitxategi bakar batean eta erantsi zure proposamena PDF formatuan.

    Zure datuak bidaltzean, gure pribatutasun politika onartzen duzu.