Zinema_ilegalaren 77. saioa, denboraldiaren hasiera eta koordinazio berria

by

Détruire dit-elle (Marguerite Duras, 1969)

Pablo Martek proposatutako proiekzioa. Berak Zinema_ilegalaren saioak koordinatuko ditu 2018tik aurrera.

Idaztea. Filmatzea. Suntsitzea.

Batez ere idaztea.

Eta idatzitakoa filmatzea. Indarkeria dago testuaren eta irudiaren artean ireki eta ixten den espazioan. Mendekotasunak eta erlazio konplexu bat dago. Aspaldiko harreman bat. Idazteak itxaropenekin jokatzen baitu, eta filmatzea itxaropenak hiltzen ikustea bezalako zerbait baita. Ez dezepzioa, filmean edertasun berezi eta aparteko bat ere sortzen baita, beste zentzu batean… Beharbada, ahitze bat.

Suntsitzea: hitzen eta irudiaren artean amodiozko istorio bat dago; hor, maitaleek hasieratik dakite hizkuntza desberdinetan hitz egiten dutela, eta amaieran ohartzen dira ez dutela elkar ezagutzen. Hori da amaiera. Guztiaren amaiera. Ordura arte, biak lotzen zituen zerbait zegoela sinetsi eta konfiantza izan dute, hain zuzen, nolabaiteko intimitatez ezagutzen zutela elkar. Baina, ez da horrela. Azkenean, egia horrek zur eta lur uzten ditu biak, ez dutela elkar ezagutzen.

Pablo Marte (Cádiz, 1975). Nire praktika artistikoa lexikografikotzat joko nuke. Gauzen eta irudien esanahia bezainbeste interesatzen zait haien etimologia, egitateen eta gertaeren iturria bezainbeste haien gramatologia, historiaren eta teoriaren fonetika haren idazketa baino gehiago, etikaren fonetika bezainbeste haren mintzaira. Eta aurreko guztia bezainbat amodioa. Sarritan egin dut lan lagunduta, eta benetan gozatu dut, sakonki. Hala ere, bakarrik idazten dut. Iraultzen uhinek astintzen duten mundu ideala bezalakoa da idazketako bakardadea.