“Zer egin subsuntzio errealarenpean?” irakurketa-taldearen bigarren saioa*

by

“Zer da subsuntzio erreala? Marxen arabera, ‘subsuntzio formala’ izeneko prozesuaren bidez, kapitalak aurrez zeuden lan-prozesu batzuk bereganatzen ditu: teknikak, merkatuak, produkzio-bideak, langileak etab. Hala ere, kapitalaren garapenak ezinbestez aldatzen ditu jendarteko harremanak eta lan egiteko moduak, bere beharrizanen arabera. Lan-prozesuen alderdi guztiak ekoizpen kapitalistaren menpe jarri ondoren, prozesu horien subsuntzio erreala izaten da, eta balioa bera balioestea baizik ez du xede.”
Ray Brassier: “Wandering Abstraction”

Finantzako krisialdiaren ondoren, munduan barrena era askotako borroka sozialak pizten diren bitartean, aberatsak gero eta aberatsago dira, pobreak gero eta pobreago, eta ez dugu aukera politiko sinesgarririk prozesu hori geldiarazteko. Zein dira tresna teorikorik egokienak, gure denboraldi historikoaz zuzen hausnartu ahal izateko? Non topa ditzakegu tresna horiek, erortzeko zorian dagoen paisaia kultural honetan? Argi dago gaur egun ez dugula krisiari buruzko kontakizun sinesgarririk; eta, hala ere, teoria-motaren bat eta bat etortzeko puntu batzuk behar ditugu oraindik, horiek abiaburutzat hartuta, taldeka jokatu ahal izateko aski modu adierazgarrian. Alde batetik, gaur egun, ekintza soziala sekula baino premiazkoagoa da; bestetik, nagusi den ideologiak jendea bereiztera eta zatikatzera jotzen du. Internetek elkarren artean dugun konektibitatea handitzea lortu du, baina subjektibazioko banakako forma gehiago sortzen ditu, gero eta gehiago. Itxuraz, taldeka jokatzea oso zaila da, eta, lortzen denean, oso eskaera eta hitz generikoekin egiten da, adibidez, we are the 99% edo ¡Democracia real YA! adieraziz. Irakurketa-talde honetan, “organizazioa” eta “kolektibitatea” bezalako nozioez hitz egin nahi dugu, eta, horrez gain, gaur egun subjektu iraultzaile bat izateko dagoen aukeraz egin nahi dugu gogoeta.

Hori lortzeko, egungo kapitalismoaren egoera aztertuko dugu, eta geure buruari galdetuko diogu ea zein motatako politikak izan daitezkeen kritiko, desiragarri eta eraginkor subsuntzio errealarenpean. Aldi berean, politika horiek praktika artistiko garaikideetan dituzten ondorioak ikertu nahi ditugu. Ildo horretan, agertzen ari diren teoria batzuk aztertuko ditugu, kapitalismoa gainditu nahi duten teoriak. Abiaburu gisa, Ray Brassier filosofoaren oraintsuko testu bat irakurriko dugu, bi joera teoriko hauek aztergai dituena: komunizazioa eta azelerazionismoa. Biak Marxengandik abiatu arren, zalantzan jartzen dute, subsuntzio errealarenpean, proletarioak subjektu iraultzailea direnik. Kasu horretan, komunizazioa ez dator bat Tiqqun edo Komite ikusezinak hitzaz egiten duen erabilerarekin; gehiago hurbiltzen da ezker muturreko talde marxista batzuek egiten duten teorizaziora, adibidez, Théorie Communiste, Endnotes, Blaumachen edo Riff-Raff taldeetara –talde horiek SIC- International Journal for Communisation argitaratzen dute denek batera–.

Azelerazionismo hitza Benjamin Noysek atera zuen 2008. urtean, Nick Land filosofo britainiarrari egindako kritika gisa. Landen tesiaren arabera, kapitalismoak ezaugarri askatzaile batzuk ditu, eta horiek hartzeko modukoak dira; are gehiago, azken hariraino eraman behar dira, errotikako aldaketa lortu ahal izateko. Ideia horrek 1968. urteko porrotean eta horren ondoriozko desilusioan du sorburua, eta Jean-François Lyotarden Économie libidinale eta Gilles Deleuze eta Félix Guattariren L´Anti-Edipe dira bere erreferente historikoak. Orain dela gutxi, Alex Williamsek eta Nick Srnicek-ek berriz aztertu dute azelerazionismo nozioa, “#Accelerate Manifesto” manifestuan. Batzuek “Errealismo espekulatibo” izenez ezagutzen den mugimendu filosofikoaren adierazpen politiko gisa deskribatu dute manifestua. Arreta handia jarri zaio, eta Toni Negri bezalako pertsonaia gailenen iritziak jaso ditu.

Komunizazioak, Endnotes taldeak ulertzen duen moduan, zuzenean suntsitzen du kapitala, bere burua balioesteko gai den balio gisa, eta, era berean, amaiera ematen die langileek langile gisa dituzten erreprodukzioko harremanei. Komunizazio nozioa “programatismo” ideiaren aurrez aurre azaltzen da: klase-borrokaren praktika eta teoria horren arabera, askapenerako bidean, proletarioek etorkizuneko organizazio sozial baten oinarrizko osagaiak aurkitzen dituzte, lortu nahi den programa bilakatzen den erakundearenak. Aitzitik, azelerazionismoaren politikei jarraiki, “programatismo” mota bat, posiblea izateaz gain, beharrezkoa da, kapitalismo berantiarraren konkistak eta teknologiak gordetzeko, aldi berean, balio-sistema eta gobernantzako egiturak gainditzen diren bitartean. Bi ikuspegi desberdin aurkitzen ditugu hemen, geure etorkizunaz gogoeta egiteko moduez. Hortik, funtsezkoak diren bi galdera hauek sortzen dira: balio-sistema kapitalistak erabat manipulatzen al du pentsamendua, edo erabili ahal dugu salgai bihurtzen gaituzten prozesuak ulertzeko? Nola egin dezakegu hausnarketa arlo kontzeptualaren eta sozialaren arteko harremanaz praktikan?

Galdera horiek jendarte kapitalista guztiei egokitu ahal zaizkie, baina guztiz egokiak dira hemen, Bilbon. Izan ere, Euskal Herriko testuinguru berezia aintzat hartuta, egoera politiko berria azaldu da ETAren su-etenaren ondoren. Era berean, Estatu espainiarrean, hamaika borroka eta manifestazio izaten ari dira murrizketa ekonomikoen aurka, eta larderiaz gobernatzen duen administrazioak gobernari ustelek babestutako kapitala sustatzen du. Nola jarri harremanetan teoria horiek testuinguru zehatz horrekin?

Irakurketa-saioa 10:00etatik 14:00etara izango da. Parte hartzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Proposatutako testuak:
“Historia de la subsunción”, Endnotes
http://endnotes.org.uk/es/endnotes-the-history-of-subsumption

“Comunización y teoría de la forma-valor”, Endnotes
http://endnotes.org.uk/es/endnotes-communisation-and-value-form-theory

* “Zer egin subsuntzio errealarenpean?” irakurketa-taldeak egingo dituen bost saioetatik bigarrena da hau. Saioei amaiera emateko, lantegi bat izango da 2014ko azaroaren 29an. Loty Negarti eta Mattin arduratuko dira irakurketa-saioak eta mintegia koordinatzeaz.

Erabili dugun bibliografia ingelesez dago, salbuespen bat edo beste kenduta, adibidez, bigarren saio honetakoa, kasu honetan testuen gaztelaniazko itzulpena izan baitugu. Iruzkinak eta eztabaidak gaztelaniaz izango dira.