Urak dakar - Tailerrak
TOKIMAGIK. JELETONEN TAILERRA
by
Jeleton taldeak gidatutako tokimagik tailerra Urak dakar-en jardueren artean dago. Space is The Place/The Place is Space programaren 2022-2023ko edizioaren izenburua da Urak dakar. Programaren helburua da artea praktika kritiko gisa aztertzea, tresnak eskaintzen baititu gelditzeko, begiratzeko eta munduan kokatzeko, edota egoerak sortu, bizitzeko moduak irudikatu eta espazioa sortzeko. Aldizkako topaketen bidez egituratuta dago, eta hainbat forma hartzen ditu, hala nola tailerrak, aurkezpenak, irakurketa-saioak, ibilaldiak, lurraldearen gaineko ekintzak eta hainbat arte-ekoizpen.
Keinua eta fikzioa, artea eta magia, memoria eta borroka, worldmaking marrazketa eta pose tailerra Jeletonekin.
Eguna: 2022ko ekainaren 19, igandea
Ordua: trinkoa, 10:00etatik 22:00etara Bulegoa z/b-n
TOKIMAGIK
Solstizioko tailerra, egun osokoa, goizeko hamarretatik gaueko hamarretara, denbora mugatua baina hedatua, etenaldi, otordu eta lo-kuluxkarekin eta bere potentzialarekin (etxera joan eta itzul zaitezke, hala espero dugu). Igande ameslari intergalaktikoa. Lanetik eta atsedenetik ihesi. Genero guztietako kontalari, dantzari, kantari eta marrazkilarien topaketa, zahar zein gazte, Bulegoa z/b-n, Solokoetxen, eta eguraldi ona eginez gero, plazan, parkean, kalean. Gure aldetik dena jarriko dugu, indarkeria arrazista, transfobo, matxista, kapazitista, klasistarik gabeko espazioa izan dadin. Heroirik gabe, mese. Distira eta izpiekin, eta espazio-denboran zeharreko bidaiekin. Topaketa eleanitza, itzulpen kolektiboko bat-bateko zerbitzuarekin.
Ekintza-proposamenak:
– Errezetak eta formula alkimikoak ipuinetan ezkutatzea
– Espazioa okupatzen duten dantzak dantzatzea
– Mundua hausten duten kantak abestea
– Gauza politak marraztea
Horren guztiaren haziek hegan egingo dute norabide guztietan; horietako bat, hau: horma-irudi kolektibo grafiko eta soinuduna, Bulegoa z/b-k komisariatutako neguko erakusketa kolektibo baterako, nahi duten guztiek parte hartuta, Jeleton taldeak gidatuta, lanaldi erdiko behin-behineko psikopompoen ikastun gisa.
Nahitaezkoak ez diren irakurketak:
La teoría de la bolsa transportadora de la ficción, Ursula K. Le Guin, Irene Perezek gaztelaniara itzulia.
Sembrar mundos. Una bolsa de semillas para terraformar con alteridades terráqueas, Donna J. Haraway, Helen Torresek gaztelaniara itzulia.
La invención de las mujeres, Oyèrónkẹ́ Oyěwùmí, Alejandro Montelongo Gonzálezek gaztelaniara itzulia.
Mafe Moscosoren idazki eta hitzaldi asko, jatorrizko gazteleraz.
Tailerrean honako hauek parte hartu dute marrazki eta performanceekin: Leire Aranberri, Jesús Arpal Moya, Aimar Arriola, @art.worldbuilding, Amparo Badiola, Beatriz Cavia, Santiago Fernández Mosteyrin, Eva García Fernández, Gema Intxausti, Miren Jaio, Gelen Jeleton, Laida Lertxundi, lucia, Maite Martínez de Arenaza, Izar Ocariz, Kristina Ortiz, Ander Pérez, Irene Pérez, Ainize Sarasola, Susana Talayero, Josune Urrutia Asua, Víctor, Gabriel Aparicio Rey, Paula Martínez Sancho, Paola Vega.
Jeleton lan-taldea 1999an osatu zuten Jesús Arpal Moyak edo Jesús Jeletonek eta María de los Ángeles Alcántarak edo Gelen Jeletonek, ikonografiako, literaturako, musikako errepertorioetan jarduteko, eta, era kritikoan eta bihurrian, trebatu (desitxuratu) gaituzten errepertorio artistikoei heltzeko. Emaitzak espazioan, denboran eta banaketa-kanaletan sakabanatzeko, aurre eginez aurkezpen-testuinguruak desaktiba ditzan. Besteak beste, La Taller, Centro Párraga, El Respiradero, Halfhouse, MACBA, X Bienal Centroamericana, Tabakalera, Bulegoa z/b eta Manifesta 8ra eraman dute beren praktika.
Urak dakar programak Eusko Jaurlaritza, Bizkaia Foru Aldundia eta Zinebi jaialdiaren babesa jaso du.