“SOINEKO PAISAIA / PAISAJE DORSAL”_ Nader Koochaki*

by

Hiru eguneko irtenaldia egingo dugu mendira, artzaintza-gune batera. Hor, artaldeen mugimenduak eta lan-erritmoa aztertuko ditugu, Gipuzkoako artaldeen soinu-erregistroa osatzeko. Artaldeen soinua grabatuko dugu, ardiak bazkan, ibiltzen edo korrikan ari direnean, betiere, zintzarrien hotsa entzuten bada. Artaldearen denbora izango da gurea. Bestetik, artaldeak identifikatzeko moduan egon beharko du; eta, ildo horretan, kontuan izan behar dugu hori ez dela egun osoan gertatzen. Ez dugu inoiz ere grabatu behar ezagutzen ez dugun artalderik, ezta jabe ezezaguneko artalderik ere. Egunsentian eta arratsean izango ditugu grabatzeko egoerarik onenak, une horietan artaldeak bereizten baitira eta artzaina agertzen baita. Eguna argitzean, artzainak artaldeari deitzen dio, eta, horrela, ondo egiazta dezake artaldea dagokion tokian dagoela, dagokion lekurantz doala, eta bereizten ari dela gaua igarotzean batu zaizkion beste artalde batzuengandik. Arrastirian, artzainak artaldea dagoen tokira jotzen du, artaldea biltzeko eta askara eramateko, eta, behar den garaian, jezteko. Une horretaz baliatzen da ardiak zenbatzeko, eta ardiak nola dauden aztertzeko. Gero, larretara eramaten ditu berriz.

Bi gau emango ditugu toki horretan. Horrela, bi arrats eta bi egunsenti izango ditugu lekuan bertan aritzeko. Lehenengo iluntzean ez dugu ezer grabatuko. Ondo kokatuko gara lekuan, artzainen bat bilatuko dugu, eta hurrengo goizean izango diren mugimenduen berri jasoko dugu. Lehenengo goizean, grabazioren bat egiten saiatuko gara, eta, aldi berean, arratsean izango diren mugimenduen berri jasoko dugu, aurreko gauean bezalaxe. Arrats horretan eta hurrengo goizean, lekuan ondo kokatuta egon ondoren, grabatzera aterako gara, behar bezala mugitzeko behar dugun informazioa aurretik edukita. Ez dugu erregistro bisualik jasoko. Grabazio bakoitzarekin batera, ohar batzuk jarriko ditugu idatziz. Ohar horietan, zehatz azalduko dugu grabazio bakoitza nola egin dugun (tokia, tarteak, lekura heltzea, artaldearekin biltzea, orientabidea, gertaerak, ardien markak…). Mapak erabiliko ditugu.

Tokian bertan egingo dugu lo. Lurraldeaz jabetuko gara, soinuaren eta mugimenduaren bidez.

Nader Koochaki (1983, Donostia-San Sebastián) lizentziaduna da EHU/UPVtik, eta arlo artistikoan lan egiten saiatzen da. Era askotako materialekin egiten du lan. Hainbat lan-ildo zabaldu ditu, eta oraindik ez du ildo bat ere itxi.

*Irtenaldia uztailaren 17tik 19ra bitartean izango da. Taldea osatua dago.

Grabatzeko materiala:

– Mikrofonoa (ahal dela, kanoi-mikrofonoa, shotgun-a; bestela, giroko mikrofonoa)

– Haizeen aurkakoa

– Canon mikrorako sarrera duen grabagailua (dagokion aurretikoarekin)

– Entzungailuak

– Memoria-txartela

– Mikrofonoen euskarria edo haga