SARA CATTIN: MAINTENANCE OF WHAT? A PLACE, A THING, AN IDEA. PART III

by

Sara Cattinen ikerketa-proiektuaren inaugurazioa, Bulegoa z/b-n izandako egonaldiaren amaieran. Haren proposamena, Maintenance of What? A place, a thing, an idea. Part III, Mònica Planesen Hacia con el brazo (MURO) proposamenarekin batera aukeratu zuten 2022ko egonaldien deialdian. Epaimahaia Isabel de Naveránek (ikertzailea, kuradorea, editorea eta idazlea), Jorge Satorrek (artista) eta Bulegoa z/b-ko kideek osatu zuten.

Sara Cattin: Maintenance of What? A place, a thing, an idea. Part III
Maintenance of What? proiektua 2018an jarri zen abian Piemonten (Italia), ikerketa zabal gisa, artzaintza nomada edo transhumantearen ingurunea eta esparru geografiko zabaletan baliabide naturalei eusteko duen konpromiso sendoa jorratzeko.

Bulegoa z/b-n egonaldia izan bitartean, proiektuarekin jarraitu dut, eta nire rolean ardaztu naiz bestelako testuinguru batean. Hainbat lurraldetan lanean ari diren artzain eta ikertzaileekin bildu naiz. Bere hitzen, lurraldeen, tresnen eta esperientzien bidez, mapan zehaztu dut artzaintza, ikerketa akademikoa, artea eta landa-aldeko aktibismo-moduak zeharkatzen dituzten praktika materialekin duten lotura.

Sara Cattin artearen arloko langilea Turinen bizi da, eta diziplina anitzeko praktika garatzen du, proiektu bisual, parte-hartzaile eta/edo performatiboen bidez, landa-aldeetako geografiei eta gaiei lotuta. Gerrit Rieveld Academie-n (Amsterdam) ikasi zuen, eta, gero, Dutch Art Institute-n (MA in Art Praxis), eta, hor, modu independentean hurbildu zen ikasketa kritikoetara. 2021az geroztik, batera uztartzen ditu ekoizpenaren eta kudeaketaren arloko lanak eta Accademia UNIDEEren AIR egonaldien programako tutore-lanak, Fondazione Pistoletto-n, ArtEZekin (Arnhem) lankidetzan. 2023az geroztik, CROSS Project-en arte performatiboen erreferente komunitarioa da, Orta lakuaren eremuan. 2020az geroztik, Isterika Istorika antolatzen du, irakurketa- eta ikerketa-klub horizontala, zientzia fikzio feminista eta transfeministari eskainita, hainbat espaziorekin loturak ezarri dituena, besteak beste, BACOrekin. 2021etik, erakunde independenteekin lan egiten du mapaketan eta ingurunearen pertzepzioan aritzen diren arte-proiektu didaktiko esperimentaletan (Resta Qui Airlines).
sara-cattin.com