Pedro G. Romero eta Filiep Tacq: “Ostiko bat dadoetan…” Aldez aurreko elkarrizketa, hitzaurrea, sarrera. “Etorkizuneko liburua” irakurketa-taldearen hamabigarren saioa.

by

Un Coup de dés jamais n’abolirá le hazard (Dado-jaurtiketa batek ez du inoiz zoria desegingo) Stephane Mallarmeren poema bat da, eta poeta hil ostean argitaratu zuen Gallimardek 1914an. Marcel Broodthaersek irakurri, berrinterpretatu eta berridatzi zuen 1969an, eta orain Israel Galvan flamenko-dantzariaren dantzarako jarraibidea da. Hauxe da saio honen abiapuntua: “Ostiko bat dadoetan…” Pedro G. Romero eta Filiep Tacqekin.

Stephane Mallarme arte modernoaren espazioa asmatu zuen poetatzat jotzen da: lehenengo aldiz poema -idaztea bera- orriaren ertzen zurruntasunetik askatu zuen, eta hitzei inprimakiaren gainean planeatzen utzi zien, jarraibide ireki batez, zinema jaio zen garai bereko marka musikal batez, beharbada. Aldi berean, irakurketa linealaren ordena hautsi zuen, eta, horrela, abstrakzio-maila handitu zuen, esaldien eta hitzen artean elkarrekiko harreman berriak proposatuz, eta hizkuntzari egilearen asmoetatik, testuinguru sozialetik eta haren garaiko baldintzetatik harago doan autonomia itzuliz.

Marcel Broodthaers (MB) pauso bat aurrerago iritsi zen pausoaren irakurketarekin. Testuaren lerro guztiak barra edo lauki zuzen beltzekin estali zituen, irakurri ezinezko bihurtuz, irudi hutsera murriztuz: gune beteen eta hutsuneen eraikuntza batera.

Barra beltz paraleloen erritmoa, musika partitura bat bezalakoa, baina arkitektura konstruktibista bat bezalakoa ere bai, bai eta film abstraktu bat bezalakoa ere, baina zentsuratutako artxibo bat bezalakoa, bai eta inprimaki zibernetiko bat bezala ere, baina baita… MBk bere izena jarri zuen azalean Mallarmeren izenaren ordez, eta “poem” (poema) hitzaren lekuan “image” (irudia) hitza idatzi zuen.

“Ostiko bat dadoetan…” Sevillan sortu zen, Pedro G. Romero artista eta kuradorearen, Filiep Tacq arteko liburuen diseinatzailearen eta Israel Galvan flamenko dantzariaren arteko lehenengo elkarrizketan, gai hauek jorratuta: Mallarme eta hark flamenkoaren generoan utzitako arrasto gorabeheratsua; Broodthaersen irakurketa eta horren barruan Mallarmeren poesiak lortutako ikusgarritasuna; liburu bat egiteko aukera, edo, hobeto esanda, liburu bat egiteko estrategia kontu horiei buruz pentsatzeko eta hausnarketa egiteko forma gisa erabiltzeko aukera.

Elkarrizketa horrek Israel Galvan bailaoreak baliatuko du gero, Belgikako Lovainan datorren azaroaren 17an hirugarren elkarrizketa bat, “hiru alde eta bi zatikoa”, prestatzeko. Han Israel Galvanek emankizuna eskainiko du, dantza, berak bere hizkeran esaten duen moduan, ostikoak jo.

Saioan parte hartzeko eta irakurgaiak jasotzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Biografiak:

Filiep Tacq (Kortrijk, 1959) diseinatzaile grafiko independente lanetan dabil 1984tik, liburu, arte-katalogo eta artista-liburuetan espezializatuta. Irakasle izana da Ganteko Sint-Lucas Instituuten eta Maastrichteko Jan van Eyck Academien. Artisten argitalpenetan egin du lan, besteak beste, Francis Alÿs, Ibon Aranberri, Marcel Broodthaers, James Coleman, Abbas Kiarostami, Moyra Davey, Pedro G. Romero, Rosa Barba eta Teresa Lancetarekin, eta, era berean, Bartzelonako Fundació Antoni Tàpies, New Yorkeko DIA Center for the Arts, Luxenburgoko Manifesta 2, Bartzelonako MACBA eta Bulegoa z/b erakundeekin.

Bulegoa z/b ekimenarekin batera, Filiep Tacqek “Etorkizuneko liburua” proiektuari ekin dio (2015-2017), Marcel Broodthaersen bost liburu aztertzetik abiatuta.

Pedro G. Romero (Aracena, 1964) artista-lanetan dabil 1985etik. Gaur egun, bi gailu handi egiten ari da: Archivo F.X. eta Máquina P.H. Bestalde, UNIA arteypensamienton eta PRPCn (Plataforma de Reflexión de Políticas Culturales – Politika Kulturalen inguruko Gogoeta Plataforma) parte hartzen du Sevillan. DSS2016 Kultura Hiriburutzarako Bake ituna proiektuko komisarioa/kuradorea da.

Archivo F.X. proiektuarekin, Bartzelonako Fundació Antoni Tàpieserako La Comunidad vacía. Política eta Bartzelonako Museo Picassorako Economía Picasso/Economía aurkeztu ditu, besteak beste. Azkenaldian, Sao Pauloko 31. Biurtekorako La Escuela Moderna lana zabaldu du. Alemaniako Spector Books argitaletxean Wirtschaft, Ökonomie, Komjunktur argitaratu du, Stuttgarteko Württembergischer Kunstvereinen erakutsitako proiektuan oinarrituta.

Máquina P.H.ren barruan Plataforma Independiente de Estudios Flamencos Modernos y Contemporáneos (Ikasketa Flamenko Modernoen eta Garaikideen Plataforma Independentea) sustatzen du: www.pieflamenco.com. Israel Galvan dantzariaren zuzendari artistikoa da, eta hainbat artistarekin dabil elkarlanean, hala nola Rocío Márquez eta Tomás de Perraterekin. Bartzelonako Virreinarako eta Gasteizko Montehermoso Arte Zentrorako Ocaña. Acciones, actuaciones, activismo 1973-1983 proiektuaren kuradorea izan zen. Mudito argitaletxeak Exaltación de la visión liburua argitaratu berri dio, Val del Omarren zinemari buruz. Gaur egun, Máquinas de Vivir. El flamenco y la arquitectura en la ocupación y desocupación de espacios proiektuan ari da lanean; proiektua Berlingo Biurtekoan, Compostelako Santiagoko CGACn, Sevillako UNIA arteypensamienton, Donostiako Kristinaenean, Bartzelonako Macban eta Vienako Secessionen aurkeztu da.

Etorkizuneko liburua proiektua performancea egiteko Corpus sarearen barruan garatu da. Honako hauek eratzen dute Corpus sarea: Bulegoa z/b (Bilbo), Contemporary Art Centre (Vilnius), KW Institute for Contemporary Art (Berlin), If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam), Playground (STUK Kunstencentrum & M-Museum, Lovaina) eta Tate Modern (Londres).

Corpus sareak Europar Batasuneko Europa Sortzailea programaren finantziazioa jaso du.