Hona hemen Broodthaers-ek dituen bost argitalpenak: Pense-Bête (1963-1964), Un coup de dés jamais n´abolira le hazard (1969), MTL (1970-1972), Un voyage on mer du nord (1973) eta L’Angelus de Daumier (1975). Liburuko alderdiak lantzen ditu haietako bakoitzak, adibidez, beste forma artistiko batzuekiko harremana (eskultura, poesia, erakusketa, zinema eta pintura) edo ekartzen dituen ekoizteko prozesuak (teknikoak eta materialak, instituzionalak eta hirugarrenekiko negoziaziokoak).
Proiektuaren izenburuak aipuen kate bat du hizpide. Etorkizuneko liburua proiektuak Maurice Blanchotek 1959an argitaratutako liburu batetik hartu du izena, eta liburu horren erdigunean beste bat dago, Stéphane Mallarmé-ren Un coup de dés jamais n´abolira le hazard (1914), Broodthaersek 1969an izen bereko lan batean erantzundakoa. 1997an, Jacques Derridak objektu inprimatuaren etorkizunaz gogoeta egitea proposatu zuen “Etorkizuneko liburua” hitzaldian, garapen teknologikoak aldaketa sakonak iragarri baitzituen irakurketan eta idazkeran.
Handik hamarkada batzuetara, behin aldaketak eginda, Etorkizuneko liburua proiektuak liburuaren performatibitatea aztertzea proposatzen du, besteak beste, irakurketa eta idazketaren, irudi eta testuaren, material eta immaterialaren, bizidun eta inertearen arteko harremanari erreparatuta. Era berean, zalantzan jarri nahi du aipagai duen etorkizunaren ideia: liburu bat, edozein liburu, berez, objektu finkoa da, beti zain eta beti zelatan, etorkizun izateari sekula ere ez utzita.
Etorkizuneko liburua abiatzeko, irakurketa-talde bat egongo da, zortzi saiorekin. Hilean behin izango dira saioak, 2015eko apiriletik 2016ko urtarrilera arte. Hainbat gonbidatuk proposamenak egingo dituzte, eta irakurketek lotura izango dute liburuarekin, praktika artistiko bide berezi gisa hartuta.
Honako hauek eratzen dute Corpus sarea: Bulegoa z/b (Bilbo), Contemporary Art Centre (Vilnius), KW Institute for Contemporary Art (Berlin), If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam), Playground (STUK Kunstencentrum & M-Museum, Lovaina) eta Tate Modern (Londres).
Corpus sareak Europar Batasuneko Europa Sortzailea programaren finantziazioa jaso du.