MARÍA CERDÁ ACEBRÓN: VIDA NEUS A VECES ANA

by

María Cerdá Acebrónen aurkezpena, Bulegoa z/b-ko egonaldiaren parte gisa. Vida Neus a veces Ana izeneko bere proposamena aukeratu zuten 2021eko egonaldien deialdian, Alejandra Pombo Su-ren What Looks At Me Surroundings Me lanarekin batera. Epaimahaia Iratxe Jaiok (artista), Laura Vallés Vilchesek (kuradorea, editorea eta ikertzailea) eta Bulegoa z/b-ko kideek osatu zuten.

VIDA NEUS A VECES ANA

Vida Neus a veces Ana proiektuan Neus Espresate Xirau kataluniar-mexikar erbesteratuaren bizitzaren zatiak berreraiki ditut (Canfranc, 1934-Mexiko hiria, 2017), bizitzea egokitu zitzaizkion gertaera historikoek zeharkatuta. Neus erbesteratu, aktibista, editore eta Mexikoko ERA argitaletxearen sortzaileetako bat izan zen. Bere oroitzapen eta esperientzia pertsonalek Latinoamerikako, Espainiako estatuko eta joan den mendeko bigarren erdialdeko independentzia-mugimendu antikolonialen historia politiko zurrunbilotsuaren berri ematen dute.

Neusekin eta haren gertuko pertsonekin egindako elkarrizketetan oinarrituta, collageak, marrazkiak eta diagramak sortzen ditut. Horiek eskuz egindako denbora-lerroak dira, bizipen pertsonalen eta historia garaikideko gertaera handien arteko muntaia konplexua bisualki itzultzeko. Horiek kontakizun historiko baten dimentsioa hartu, eta ikuspuntu ugariz osatutako narrazio bat sortzen dute.

Bulegoa z/b-ko egonaldiaren esparruan, hitzaldi performatibo bat egingo dut, diktadura frankistaren garaian argitalpenak ezkutuan sartzeko sortutako laguntza-sareei buruz, bai eta Neusen ildo editorialaren (ERA) eta langile-mugimenduaren arteko loturei, borroka sindikalei eta Bilboko industria-birmoldaketaren prozesuko egoera politikoei buruz ere.

Lotura horiek elkarrizketen eta belaunaldien arteko tailer baten bidez sortuko ditut. Azken hori espazio gisa planteatzen da, kontakizun ofizialen eta etxeko kontakizunen arteko harremanaren berri emango duten oroitzapen eta esperientzia pertsonal, familiar eta auzokoak biltzeko, eta Bulegoa z/b-tik gertuko bizilagunen eta agenteen memoriak erlazionatzea du helburu.

Memoria horiek idazketaren, collagearen edo esku hartutako argazkiaren bidez gauzatuko dira, azkenean argitalpen kolektibo bat sortzeko. Edizio kolektiboko lan baten bidez, gero argitalpena Bulegoa z/b-ko liburutegian egongo den kontsulta-material bihurtuko da.

María Cerdá Acebrónen egonaldiak ageriko hainbat une izango ditu: urriaren 26ko aurkezpen publikoa, tailerra eta itxiera-saioa, egonaldiaren emaitzetako batzuk aurkezteko.

Urriaren 26ko aurrez aurreko saioan eta/edo tailerrean parte hartzeko, idatzi bulegoa@bulegoa.org helbidera. 

María Cerdá Acebrón (Madril, 1984) artista bisuala, ikertzailea eta irakaslea da. Imajinarioak birformulatzen, iragan hurbileko narratiba hegemonikoak zalantzan jartzen eta berregiten dituen gailu gisa ulertzen du bere produkzio bisuala. Arte Ederretan lizentziaduna da Madrilgo Konplutentse Unibertsitatetik (2010). Erasmus programa egin zuen Universität der Kunste Berlinen (2008-2010). Mexikoko Cuajimalpako UAMeko Gizarte Zientzien eta Giza Zientzien graduondokoa ikasi zuen, Mexiko Hirian (2016). Arlo horretan, diziplinarteko proiektu bat garatu zuen, Mexikoko hirugarren belaunaldietako espainiar erbesteratu errepublikanoen oroimen bisualari buruz. Proiektu hori 2018an erakutsi zuen Mexikoko Espainiako Kultura Zentroan eta 2019an Madrilgo Nadie Nunca Nada No aretoan. Bere lana ikusgai egon da Tlatelolca Bienalean, Mexiko Hirian (2021), Amparo Museoan, Pueblan (2020), eta Arte Garaikideko Carrillo Gil Museoan (2019). 2013ko Injuve Gazteentzako Sorkuntzarako Laguntzak, 2011ko Zirkuituak eta 2011ko Intransit Artxiboa eskuratu zituen.

Ekitaldi honek New Yorkeko Foundation for Arts Initiatives (FFAI) erakundearen babesa du.