“Hamabigarren ikasgaia: Translation”. Ion Munduate

by

Translation da egiten ari naizen ikerketa-proiektuaren izena. Ikerketa honek asmo-gurutzaketa batean du abiapuntua, hiru artistaren hiru performancek osatzen duten markoaren barruan. Pieza horiek eratutako esparrua mugatuz eta haiek berriz bisitatzeko ekintzaren bidez, lanerako espazio berriak askatu nahi ditut. Hona hemen performanceak zein diren: John Cageren Water Walk (1960), Trisha Brownen Locus (1975) eta Joan Jonasen Organic Honey’s Visual Telephaty (1972). Performance horiek hautatu ditut, haietan dauden identitate-keinuengatik eta autoerrealizazioa lortzeko erabiltzen diren estrategiengatik, aipa litezkeen beste osagai batzuk alde batera utzita, hala testuingurukoak, nola betearazpenari eta azterketari lotutakoak, edota performancearen historiaren barruan duten esanahiari buruzkoak. Lan horiek berriz bisitatu behar dira, barruko osagaietatik abiatuta, asmo hauek tresna gisa garatzeko: forma zeharkatzeko, jarrera finko bat aurkitzeko euskarri desberdinetan eta estrategia bat sortzeko. Lanean aritzen naiz hiru performanceetara hurbiltzen, eta ohar-nozioak hartzen partitura bat eratzeko. Ohar horren xedea ez da jatorrizko performancearen esanahia edo betearazpena harrapatzea izango; aitzitik, zerbaiten jaiotza iradokitzeko berezitasuna izango du oharrak.

Jarduera 10:00tatik 14:00etara izango da. Parte hartu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Ion Munduate. Donostian, Madrilen eta Parisen hezitako artista. 1994an, Blanca Calvo koreografoa ezagutu zuen, eta orduan abiarazitako elkarlan artistikoaren emaitza dira pieza hauek: Mármara (1994) MMMM (1995) eta Sangre grande (1996). 1998an, Ángel Bados eta Txomin Badiolaren bigarren tailerrean hartu zuen parte Artelekun, eta, esperientzia horren ondorioz, bere piezak sortzeari ekin zion: GoGo, Caja Roja eta lucía con zeta (1999), Boj de largo (FlyBall) (2000), ASTRA TOUR (2003-2004), BAT, Beautiful Animals Trying (2006), Extras de artificio (2007), eta Sin título, en colores (2010). Europako hainbat museo, antzoki eta jaialditan aurkeztu ditu pieza horiek. 1998tik, Mugatxoan proiektua zuzentzen du, Blanca Calvorekin batera. Koreografia, performance eta arte bisualen artean kokatutako praktikak dira proiektu horren ardatza (www.mugatxoan.org). Tailer ugari eman ditu, eta tutore eta laguntzaile artistikoa izan da artista gazteek egindako hainbat piezatan.

www.mugatxoan.org/piezas/boj-de-largo-flyball/