“Etorkizuneko liburua” irakurketa-taldearen seigarren saioa, Karl Larssonek proposatua: “MTLrekin hasi”

by

Gauza batzuk izugarri argi egin direla ematen du, urte asko igarotakoan haiei begira jartzen garenean. Batzuek honela esaten dute: Marcel Broodthaers poeta zen, gero artista bilakatu zen, eta gero zinemagile ere bai. Beste batzuek honela esaten dute: Rimbaud genio liriko gazte-gaztea zen, erabat gogaitu, eta Afrikara joan zapaltzaile bilakatu arte.

Eta gero aurreko eta geroko istorioak ditugu. Esate baterako, Broodthaersen seme-alabek harrotasunez janzten zituztela piltzarrak, bai baitzekiten aita poeta zela, baina aita objektuak ekoizten eta saltzen hasi zenean, iruzur egin ziela pentsatu zutela. Edo eskola bukatu ondoren familiaren liburudendan jolasean aritu ahal zirela, baina estudiora ezin zirela inola ere sartu.

Maite dut pentsatzea poesiak beti asmatu behar duela bere forma. Ez dela benetan poesia, harik eta erabateko eraldaketa-egoera zeharkatu eta nolabait “suspertu” arte, edo guztiz berria den zerbait bilakatu arte, zerbait berria, benetan berria… berria HEMEN, ORAIN, ORAIN. Hortaz, nolabait ere, ezin duzu sekula esan “horrela izan behar du” edo “horrela egin izan da beti”.

MTLrekin hasi, erakusketa moduko jakinarazpen, zirrimarratu eta zirriborroen erakuskaria izan baitzen. Gustatuko litzaidake itzultze berrien, istorio amaigabeen, ilusioen, begizten eta une eder eta zehatzen aukeraz hitz egitea. Baina haurrez ere hitz egitea. Nola batzuetan gelditu egiten diren, besterik gabe, nola bira eman eta hitz bat esaten dizuten, hitz guztiz perfektua, baina testuinguru guztiz okerrean, eta une batez arrotz bilakatzen diren, munstro ere bai, milisegundo batez, jauzi bat eginez alde egin aurretik.

Jardueran parte hartu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Karl Larsson (Kristianstad, 1977) poeta eta artista suediarra Berlin eta Malmö artean bizi da. Bere lana idazketa eta hizkuntzaren ertzetan garatzen da, eta poema eta instalazioetan gauzatzen da. Hainbat lekutan izan ditu ikusgai, kasu hauetan banaka: Portland Institute for Contemporary Art, Portland; Hamburger Kunstverein, Hamburgo; Castillo/Corrales, Paris; Signal, Malmö; CAC, Vilnius. Taldeka ere aritu da: Grazer Kunstverein, Graz; AlhóndigaBilbao, Bilbo; Frutta, Erroma, NGBK, Berlin. Hona hemen bere argitalpen batzuk: Strange, Mousse Publishing, Milan, 2015; Form/Force, Walther König Verlag eta Black Square, 2013; Poetical Assumption, Torpedo JVE, 2012; Consensus (The Room), Paraguay Press, 2012; Parrot, Paraguay Press, 2010.

Etorkizuneko liburua proiektua performancea egiteko Corpus sarearen barruan garatu da. Honako hauek eratzen dute Corpus sarea: Bulegoa z/b (Bilbo), Contemporary Art Centre (Vilnius), KW Institute for Contemporary Art (Berlin), If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam), Playground (STUK Kunstencentrum & M-Museum, Lovaina) eta Tate Modern (Londres): www.corpus-network.org.

Corpus sareak Europar Batasuneko Europa Sortzailea programaren finantziazioa jaso du.