“Etorkizuneko liburua” irakurketa-taldearen laugarren saioa, Isidoro Valcárcel Medinak proposatua: “La celosía”

by

“1957an ALAIN ROBBE-GRILLETEK “SARETA” ARGITARATU ZUEN
1972an VALCÁRCEL MEDINAK ZINEMARA ERAMAN DU
HAUXE DA FILMAREN KARTELA”

Isidoro Valcárcel Medinak egin duen film bakarraren iragarki-kartela guztiz esplizitua eta literala da: La Celosía (Sareta) ez da Robbe-Grilleten liburuaren zinemarako egokitzapena, zinema-mundura lekualdatzeko ekintza baizik. Bi osagaik eratzen dute filma. Alde batetik, hainbat paragrafo, objektuen, pertsonen eta egoeren deskribapen zehatz, objektibo eta errepikakorretatik abiatuta eraikitzen den eleberri batetik ateratakoak. Paragrafoak pantailaren gainean agertzen dira idatzita, edo off-eko ahots batek errezitatzen ditu frantsesez edo gaztelaniaz, ordena sinkronikorik bete gabe. Filmak duen bigarren osagaia iraupena da, hau da, metrajeak dituen 115 minutuak. Material horrekin, filmak ehuntzen duen bilbadura geometrikoa jatorrizko testuaren sareta-egituraren gainean jartzen da, eta mugimendu eta denbora zehatz bat sorrarazten ditu, zinemako pantailaren markoak mugatuta.

Bulegoa zenbaki barik ekimenak gonbit egiten dio Valcárcel Medinari Etorkizuneko liburua irakurketa-taldearekin liburua den film bat fabrikatzeko osagaiak parteka ditzan: testu idatzia duten 300 kartoitik gora, La Celosía eratzen duten beste horrenbeste planotan erabilitakoak; iragarki-kartela; Valcárcel Medinak oharretan jaso eta gidoi gisa erabili zituen bi kopietatik bat, Robbe-Grilleten eleberriaren 1958ko gaztelaniazko edizioarena, eta La Celosía, azken produktua, irudi-testua eta soinu-testua dituena.

Saioan, Marcel Broodthaersen Un voyage en Mer du Nord ikusiko dugu, filma garaikide bat, era berean liburua dena.

Saioa 17:00etatik 20:00etara izango da. Parte hartu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Isidoro Valcárcel Medina

      21-12-1.9371.9381.9391.9401.9411.9421.9431.9441.9451.946
                1.9471.9481.9491.9501.9511.9521.9531.9541.9551.956
                1.9571.9581.9591.9601.9611.9621.9631.9641.9651.966
                1.9671.9681.9691.9701.9711.9721.9731.9741.9751.976
                1.9771.9781.9791.9801.9811.9821.9831.9841.9851.986
                1.9871.9881.9891.9901.9911.9921.9931.9941.9951.996
                1.9971.9981.9992.0002.0012.0022.0032.0042.0052.006
                2.0072.0082.0092.0102.0112.0122.0132.0142.015

Etorkizuneko liburua proiektua performancea egiteko Corpus sarearen barruan garatu da. Honako hauek eratzen dute Corpus sarea: Bulegoa z/b (Bilbo), Contemporary Art Centre (Vilnius), KW Institute for Contemporary Art (Berlin), If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam), Playground (STUK Kunstencentrum & M-Museum, Lovaina) eta Tate Modern (Londres): www.corpus-network.org.

Corpus sareak Europar Batasuneko Europa Sortzailea programaren finantziazioa jaso du.