Etorkizuneko liburua, Ikerketa taldeak
“Etorkizuneko liburua” irakurketa-taldearen bigarren saioa, Mónica Carballasek proposatua: “Liburua zabaltzeko moduak”
by
Etorkizuneko liburua irakurketa-taldearen saio honetan hiru artistak egindako proposamenak landuko ditugu, proposamen ameslariak, zalantza pizten dutenak; eta Marcel Broodthaers-en Pense-Bête lanarekin jarriko ditugu harremanetan. Izan ere, Broodthaers-enak ez bezalako espazio eta jarrera estetikoetatik abiatuta, aukera berriak zabaldu zituzten joan den mendearen azken laurdenean etorkizuneko liburuaz gogoeta egiteko.
Bigarren saio honetan, alfabetoa ezeztatu nahi izan zuen obra hartu nahi dugu hizpide, Wlademir Dias-Pino-ren (Rio de Janeiro, 1929) Enciclopedia visual. Brasilgo talde konkretistako kidea izan zen Dias-Pino berrogeita hamarreko hamarkadan, eta Poema/Processo mugimendua bultzatu zuen Rio de Janeiron eta Brasilgo ipar-ekialdean (1967-1972). Ulises Carrión-en (San Andrés de Tuxtla, 1941 – Amsterdam, 1989) idazkien bidez, book-work kontzeptura hurbilduko gara. Carrión poeta, artista, argitaratzaile eta teorialariak Other Books and So espazio alternatiboa sortu zuen Amsterdamen, eta nazioarteko postako arte-sarea dinamizatu zuen hirurogeita hamarreko hamarkadan. Azkenik amaitu gabeko edo, beharbada, amaierarik gabeko liburuaren proiektua ikusiko dugu: Hélio Oiticica-ren (Rio de Janeiro, 1937-1980) Newyorkaises izenekoa.
Mónica Carballas (Madril, 1971)
Azken urteetan, XX. mendearen bigarren erdialdeko Latinoamerikako arteko berrirakurketa kritikoak hartu ditu aztergai, hala ikerketa, nola edizioa edota komisariotza. 2014an Archivo Lafuente bilduma dokumentatzeko lanetan aritu zen. Nerter aldizkariko argitaratzaile gonbidatua izan zen La Laguna Unibertsitatean, 2014an, eta Escritos sobre cine brasileño lana egin zuen. Cuando Brasil devoró el cine (1960-1970) programatu zuen, Madrileko MNCARS Reina Sofía Arte Zentro Museo Nazionalean, 2011n. Video otra vez lana prestatu zuen Patrick Hamilton eta Guillermo Machucarekin batera (Metales Pesados, Santiago, Txile, 2010). Río experimental, más allá del arte, el poema y la acción laneko komisarioa izan zen Santanderreko Villa Irisen, 2010ean. 2009an Txileko Santiagoko Trienalean hartu zuen parte, ikus-entzunezko programa honekin: Laberinto de visibilidad: audiovisual experimental y dictaduras. Marcelino Botín Fundazioko komisariotzako bekaduna izan zen 2007an. 1999tik 2007ra arte, erakusketen koordinatzailea izan zen Madrileko MNCARS Reina Sofía Arte Zentro Museo Nazionalean. Pisueña Press argitalpen-proiektu independentean sortu zuen Kevin Power-ekin, eta gaurdaino hamalau liburu eman dituzte argitara. 2014tik aurrera, MAS Santanderreko Arte Moderno eta Garaikideko aholku batzordeko kidea da.
Etorkizuneko liburua proiektua performancea egiteko Corpus sarearen barruan garatu da. Honako hauek eratzen dute Corpus sarea: Bulegoa z/b (Bilbo), Contemporary Art Centre (Vilnius), KW Institute for Contemporary Art (Berlin), If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam), Playground (STUK Kunstencentrum & M-Museum, Lovaina) eta Tate Modern (Londres): www.corpus-network.org.
Corpus sareak Europar Batasuneko Europa Sortzailea programaren finantziazioa jaso du.