Eskuz idatziak, ahoz josiak
ELKARRI LOTUTA. MENDE KOLONIALETAKO EGUNGO AZTARNAK
by
Ostirala, 2024/06/21. 10:00etatik 19:30etara
Elkarri lotuta. Mende kolonialetako egungo aztarnak Nabarnizera egindako txango bat eta programa publiko bat da. Hinrich Sachs, Ana María Benito Domínguez, Óscar Álvarez Gila eta Mariem Iman eta Ane Berganzaren laguntzaz.
TOKIA
Nabarnizko Eleizondo udal-pilotalekua
Elexalde auzoa, z. g.
48312-Nabarniz
AUTOBUSAREN IRTEERA- ETA ITZULERA-ORDUAK
10:00. Irteera Begoñako Andre Mariaren basilikaren ondotik, Bilbo.
18:30: Itzulera Nabarniztik.
PROGRAMA
11:00-11:15: Heldu ondoren, aurkezpena
11:15-12:00: Hinrich Sachs. Harremanak onartzea
12:00-12:50: Ana María Benito Domínguez: Nabigazio komertzial esklabista Euskal Herrian. Iturritxikiko ontzia
12:50-13:30: Óscar Álvarez Gila. Esklabotzaren memoria eztabaidatua Euskal Herrian
13:30-14:00: Elkarrizketa
14:30-16:00: Bazkaria Nabarniz jatetxean
17:00: Mariem Iman eta Ane Berganza: B2B
Eskuz idatziak, ahoz josiak izeneko lantaldearen parte da Elkarri lotuta, idaztea, imajinatzea eta opera bat egitea helburu duen lantaldearen parte.
Eskuz idatziak, ahoz josiak Space is the Place/The Place is Space-ren 2024-2025 edizioa da. 2018an hasitako programa horrek Sun Raren 1974ko film afrofuturista parafraseatzen du izenburuan. In situ pentsatu nahi du, espazioan eta lekuarekin.
Plaza mugatuak. Autobusean bidaiatzeko eta bazkarirako izena eman nahi baduzu, idatzi bulegoa@bulegoa.org helbidera.
ELKARRI LOTUTA. MENDE KOLONIALETAKO EGUNGO AZTARNAK
Guztiz desberdinak diren testuinguru batzuetan —Euskal Herriko ehungintzan, urpeko arkeologian, historian, arte bisualetan— egindako aurkikuntzetatik abiatuta, diziplinaz gaindiko hausnarketa-jardunaldi bat prestatu dugu. Oraintsu aurkitutako proiektu kolonialaren aldiko aztarnak eta haien interpretazio garaikideak dira ardatza; beraz, hainbat lekutan partekatu eta eztabaidatuko dira sortu ahala. Jardunaldiari hasiera emateko, Bilboko Begoñako Andre Mariaren basilikara bisita egin ondoren, hizlariak eta parte-hartzaileak autobusez joango dira Nabarnizko itsasaldeko herrira. Egunean zehar, leku horien arteko loturak eta proiektu kolonialaren dinamikarekin duten zerikusia aztertuko dira, narratiba ofizialei helduz eta, era berean, historiaren zirriborroak nabarmenduz.
HINRICH SACHS: HARREMANAK ONARTZEA
Hinrich Sachs-ek, bere aurkezpena hasteko, Donostiako San Telmo Museoko Ez du pausorik debalde ematen proiektuaren ikerketa-aldian eta ondoren egindako aurkikuntza bisual batzuk erakutsiko ditu: adibideak harrigarriki lokalak, nazionalak eta historikoak dira, baita garaikideak ere. Hortik abiatuta, ahalegina egingo du irudikapen askotariko eta itxuraz inkoherente horiek interpretatzeko, “imajinario nautiko” kolektibo gisa ezagutzen denaren esparruan, 1500 eta 1900 bitarteko ustiapen kolonialean teknologia eta tresna nagusia izan zen nabigazioarekin duen lotura agerian utziz.
ANA MARÍA BENITO DOMÍNGUEZ: NABIGAZIO KOMERTZIAL ESKLABISTA EUSKAL HERRIAN. ITURRITXIKIKO ONTZIA
Euskal Herriko nabigazio komertzial esklabistaren lekukotasunik zaharrena Getarian hondoratutako Flandesko krosko baten hondakinak dira. 1520 inguruan abiatu zen, ziurrenik Anberesetik, portugaldarrek Erdialdeko Europako salgaiekin pleitatutako ontzi bat: lingoteak eta kobrezko galdarak, mertzeria-gaiak eta, batez ere, manillak (txanponen aurretik Afrikan erabiliak) zeramatzan. Lisboatik Gineako golkorantz nabigatzen zuen esklaboak erosteko. Baldintza kaskarretan garraiatzen zituen pertsonak Europarantz eta Amerikarantz samaldaka, espainiarrek esku hartuta, merkataritza triangeluar esklabista itxiz (Europa-Afrika-Amerika).
ÓSCAR ÁLVAREZ GILA: ESKLABOTZAREN MEMORIA EZTABAIDATUA EUSKAL HERRIAN
Bi mendez baino gehiagoz, Euskal Herriko historia eta memoria bat zetozen kontu batean: sekula ez genuen esklabotza onartu, “gaitz kaltegarri horretatik aske” Mendebaldean —eta ia munduan— zegoen gune bakarra izan baikinen. Hainbat mito sortu ziren ideia horren inguruan: esklabotza debekatuta egon zela Euskal Herrian, euskal herritarrek uko egin ziotela esklaboen merkataritzan parte hartzeari, eta euskal herritarrek esklabotzan izandako partaidetza bazterrekoa izan zela beti, elite txiki baten onuretara mugatuta. Azken ikerketak goitik behera desegiten ari dira mito horiek guztiak.
MARIEM IMAN eta ANE BERGANZA: B2B
…………………………….… AHORA ENTRA LILLY ALLEN EN UNA TIENDA DE DISCOS Y ESTA. BUSCAN DO ALGO LLEVA UN V ESTIDO ROJO HASTA LOS PIES UNOS AROS DORADOS DICE: HI… ME PREGUNTABA SI TIENES ALGO DE PUNK ELECTRONICKKKA KIND OF RHYTHM KIND OF NEW WAVE RHYTHM ALGO EN PÑLA. BROKJEN BEATSSS PERO DOBLE BROKENM BEATS EN PLAN SOULFULLL NO KIND DRUM AND BASSY PERO BROKEN DRUM AND BASS O EN PLAN BROKEN VREAK BEATSSS,,,SABES LO K TE QUIERI DECIR???? (SUENA EL TELEFÓNO: HOLAAA???? GIIIII LA INVITAN A UNA FIESTAA AHORA MISMO SE VA A A LA FIESTA::::::::
BIOGRAFIAK
Hinrich Sachs (1962) artista bisuala eta idazlea da. Basilean (Suitza) bizi da eta modu ibiltarian eta interkulturalean lan egiten du. Gaur egungo gizarteko irudiaren eta hizkuntzaren erregimenak ikertzen ditu, diziplinaz gaindiko hurbilketa bat eginez, eta hainbat formatu erabiltzen ditu jendaurrean azaltzeko, hala nola erakusketa, ekitaldia eta argitalpena. 2001ean, euskal tipografien enkante-proiektu bat egin zuen Consonnirekin (Bilbo). Nazioarteko hainbat instituziotan erakutsi da bere lana: Le Plateau (Paris); Musée d’art Moderne et Contemporain (Geneva); Museum Ludwig (Kolonia); Moderna Museet, (Stockholm); AMIL proiektua (Lima), Contemporary Art Center (Vilnius); Taipei Museum of Fine Arts (Taipei).
Ana María Benito Domínguez. Historian eta Antropologian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea eta UPV/EHU). Oiassoko erromatar arkeologian hasi zen lanean Aranzadi Zientzia Elkartean. Iturritxikiko (Getaria) krosko esklabistaren urpeko indusketa zuzendu zuen. Euskal portuei buruzko azterketa historikoak koordinatu zituen, eta Getariakoa eta Hondarribikoa egin zituen. Duela gutxi, itsas dibulgazioko erakusketak antolatu ditu (urpeko ondareari, hondoratzeei, urpekaritzari, itsasargiei buruzkoak), besteak beste, hauek: Itsas Museoa (Donostia), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Atlantikaldia (Errenteria), Butroeko Plasentia Museoa (Plentzia), Castro Urdiales. Naufragios en la Costa Vasca: 1916-1976, Getariako Naufragioak eta Iturritxiki liburuak argitaratu ditu.
Óscar Álvarez Gila. Ameriketako Historiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Visiting Fellow izan da Oxfordeko Unibertsitateko Europako Ikasketen Zentroan, W. Douglass Distinguished Visiting Scholar Nevadako Renoko Unibertsitatean, Elena Díaz-Verson Amos Eminent Scholar ere bai Columbus State University-n, eta Magnus Mörner Memorial Professor, azkenik, Stockholmeko Unibertsitatean. Hauek dira bere ikerketa-eremuaren ardatzak: nazioarteko migrazioak, kultura eta diasporako komunitateetan identitateak eraikitzea, zinema eta telebistaren bidez etorkinei buruzko irudiak lantzea eta behartutako migrazioak.
Mariem Iman Bilbon bizi den Huelvako artista bat da. Antropologia sozial eta kulturaleko prestakuntza du. Aro Modernoko testuinguru hispanikoko maitasun-sorginkeriari buruzko artxibo inkisitorialak aztertu ditu, eta Kubako maitasun-magiari buruzko etnografia egin du. Bere bakarkako lehen erakusketan —Conversando con Juana María Mulata izenekoan—, ikerketa horiek bildu zituen, pintura-instalazioa eta artxibo-lana uztartuz. Gaur egun, kopiatzean, transkripzioa egitean eta itzultzean izaten diren dibergentzia-prozesuak aztertzen ari da, marrazkiaren, idazketaren, zeramikaren, grabatuaren, ehungintzaren eta performancearen bidezko miaketa plastikoa lantzeko espazio gisa hartuta.
Ane Berganza (Bilbo, 1999) Arte Ederretan graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (2021), eta Arte Ikerketa eta Sorkuntzako Masterra egin zuen unibertsitate berean. Expanded Media-ko ikasketak osatu ditu Athens School of Fine Arts-en. Performancearen arloa jorratzen du, eta soinua eta ikus-entzunezko hizkuntza dira bere praktikaren ardatz nagusiak. Egonaldiak egin ditu estatuko hainbat instituziotan, hala nola Tabakaleran (Donostia), Matadero zentroan (Madril) eta Azkuna Zentroan (Bilbo) Babestu bekarekin. Bere lana banaka erakutsi da Gasteizko Montehermoso Kulturunean, eta taldeka beste instituzio eta espazio batzuetan. Aldi berean, performance-praktika propioa garatu du, eta Heretica(s) kolektiboa sortu du.