DANELE SARRIUGARTE MOCHALES: LETRA XEHEZ IDAZTEA

by

Danele Sarriugarte Mochalesen aurkezpena, Bulegoa z/b-ko egonaldiaren amaieran. Haren proposamena, Letra xehez idaztea, Simon Asencioren Left/Write! (Rescript) proposamenarekin batera aukeratu zuten 2023ko egonaldien deialdian. Epaimahaia Aimar Arriolak (kuradorea, editorea eta ikertzailea), Laida Lertxundik (artista) eta Bulegoa z/b-ko kideek osatu zuten.

Danele Sarriugarte Mochales: Letra xehez idaztea
Letra xehez idaztea idazteko/esateko modu berri baten bilaketa eta esperimentazioa da. Letra xehez idazteak/esateak kokapen berri bat ekartzen dio idazketari, desplazatu egiten du idazten/esaten duena, testu-forma berri bat bilatu nahi du, material propioetatik abiatuta idatz eta esan daitekeenaren mugak ikertu eta behartu nahi ditu, hortik sor daitezkeen ahotsen aniztasuna aztertu nahi du.

Otsailaren amaieratik martxoaren amaierara ildo hori lantzen ibili da Danele Sarriugarte Bulegoa z/b-n. Apirilaren 16an, arratsaldeko 19etan, egonaldian idatzitako batzuk irakurriko ditu, prozesua jendaurrean zabaltzeko eta elkarrizketan idazketari bizi ematen segitzeko.

Hona hemen abiapuntu bat:

“halako batean ohartzen zara hauskorrak direla ordura arte zure buruaren baliokidetzat jotako hizki larriak ideologiak identitateak eta edozer gauza egiten hasten zara.

sentimendu asko pizten zaizkizu kontraesankorrak ordura arte tinko heldutako zerarekiko: atxikimenduak hor segitzen duen arren, amorrua ere sortzen da; ezin duzu parean ikusi ordura arte begiak pizten zizkizuna.

eta esaten duzu: zein naiz ni, ez baldin banaiz orain arte nintzena bikotekidea militantea ama heteroa eta esaten duzu: zer egingo dut nik zu gabe politika amatasuna heterozuzentasunaren pribilegioak lana

galduta zaude, ziurtasun berrien bila jotzen duzu afanatuta ez zara arnasa hartzeaz ahazten automatizatu samar daukazulako.

eta begiak ixten dituzu eta pentsatzen duzu:

dena zen gezurra, engainatu egin naute. uko egiten diozu aurreko sinesmenari, eta berri batera konbertitzen zara, aurrekoari eusten zenion grina berarekin heltzen diozu.

edo bestela begiak ixten dituzu eta pentsatzen duzu:

dena zen egia, hau proba bat da, argi ikusten dut, ni ez naute engainatuko. beldur gehiegi ematen dizu amildegiak eta grina bikoiztuarekin heltzen diozu fede zaharrari.

baina badago hirugarren aukera bat. beti dago hirugarren aukera bat hirugarren aukera bi hirugarren aukera hiru tarteka begiak ixten dituzu, tarteka ireki, saiatzen zara ahalik eta luzeen mantentzen zabalik, eta pentsatzen duzu:

dena zen egia, dena zen gezurra. eta orain?

beste zerbait. zerbait beste”

Danele Sarriugarte Mochales (Elgoibar, 1989). Idazlea eta itzultzailea. Bi eleberri eta zenbait kontakizun argitaratu ditu, eta hainbat autoreren lanak euskaratu (Angela Davis, Eva Illouz, McKenzie Wark, besteak beste). Elkarrizketa sakonak egiten ditu hiru astean behin Argia aldizkariko Jendeak sailean, eta beste hedabide batzuekin ere kolaboratzen du tarteka. Gaur egun, Poppera, afterra, utopia emanaldia eskaintzen ari da Miren Narbaiza MICErekin batera. Donostialdeko Ehgameko kidea da, eta Iraqueerle Taldea antolatzen ibiltzen da. Gaur egun beste zerbait idazten ari da.