COOP STUDY GROUP CURATING POSITIONS. DUTCH ART INSTITUTE 2021-2022
by
2021-2022 ikasturte akademikoan ere, Dutch Art Institute-ko Arte Masterreko programaren parte izango da Bulegoa z/b, egitura bazkide gisa, Curating Positions: Nostalgia For The Light: Struggles’ Reverberations in Cinema ikasketa-taldearen bidez. Marwa Arsanios-ek, Leon Filter-ek eta Leire Vergarak zuzentzen dute ikasketa-taldea.
Curating Positions ikasketa-taldearen bigarren topaketa Bulegoa z/b gunean egingo da, Bilbon, 2022ko otsailaren 22tik 28ra bitartean.
CURATING POSITIONS: ARGIAREN NOSTALGIA. BORROKEN ISLAK ZINEMAN
Irudiak agertu, desagertu eta berriz agertzen dira, eta eraldatzeko duten ahalmena ekartzen digute gogora. Batzuk iraganeko borrokak berpizten dituen indarra dute. Beste batzuk lagungarri zaizkigu mendean hartzen, menderatzen eta murrizten dituen, eta gizarte-eredu alternatiboak eraikitzea eragozten duen egitura bisualaz jabetzeko. Beste batzuek laguntzen digute iraganaren eta orainaren arteko lotura-bide berriak asmatzen, aldi baterako elkarbizitzako espazioei bide emateko. Azkenik, irudiak espiralean itzultzen dira, itzultzen den iraganaren espektroak ekarriz, denborarekin eta historiarekin duten lotura konplexua erakutsiz.
COOP Study Group Curating Positions-en aurtengo edizioan, zinema-espazioko borroka espezifikoen oihartzuna aztertuko dugu, bai eta filmetan berragertzeko eta gaur egungo baldintzetan kolektibitatearen desirak biziberritzeko duten modua ere. Zinema militante izenekoaren historia bat aztertu nahiko genuke, kategoria hori zabaltzeko eta irudi militantearen gaur egungo ulermena birdefinitzeko. Horrek barne hartuko lituzke zinema feminista, queer-a, ekologikoa, antifaxista, antiarrazista, normalean militante kategoriaren barruan sartzen dena, hirugarren zinema eta abar.
Historikoki, zinemagileak eta artistak mugimendu politiko batzuetan sartzea funtsezkoa izan da borroka politikoak dokumentatzeko, historizatzeko eta artxibatzeko, bai eta forma zinematografiko berriak eratzeko ere. Irudien zirkulazioaren eta elkartasun internazionalistaren eraikuntzaren erdigunean ere egon dira. Galdera hauek egin nahi genituzke: Gaur egungo errealitate politikoetan, zer eginkizun dute oraindik zinemagileek eta artistek? Zer garrantzi dute oraindik artistek egindako filmek eta zinema politikoak aktibismo digitalaren aroan, “partekatzearen eta birbidaltzearen aktibismoa” deitutakoarentzat plataformarik nabarmenena sare sozialak direla? Zer modu behar da gaur egun gure borroketarako?
Mark Fisher-ek bere “The land still lies: Handsworth Songs and the English riots” testuan dioenez:
“Gogora ekarri behar den ikasgaia da –bereziki abortua defendatzeko eta heriotza-zigorraren aurka egiteko eskatzen diguten honetan– borrokak sekula ez direla behin betiko irabazten. George Shire akademikoak adierazi zuen bezala (…), borroka asko ez dira galdu, berak ‘politikaren pribatizazioa’ deitu zuenera desbideratu dira, garai bateko ekintzaileak ‘aholkulari’ gisa kontratatu baitituzte.”*
Aipu horren bidez uler dezakegu borrokek sekula ez dutela amaiera zoriontsurik izaten, berriz sortzen eta lehertzen baitira ustekabean. Hala ere, behin eta berriz izan dituzten islek zinema-forma eta zinema ekoizteko modu esperimentalagoak sortu dituzte, eta gailu emantzipatzaileak proposatu dituzte, haiek osatu zituzten erakundeek adina.
Borrokaren lekutik historiak izan duen mugimenduan pentsatuz, geure buruari galdetu nahi diogu zenbateraino itzultzen diren irudi zinematografiko batzuk, gure porrotei, garaipenei eta iraultza-bulkadaren latentziari buruzko hausnarketa bat bultzatzeko.
Batez ere, aukera zabaldu nahi genuke film hauetatik eta haien forma eta estetika erradikaletatik ikasteko. Gorputzek, antigorputzek, soinu-agerpenek, gizakiak ez diren espektroek, estralurtarrak eta lurtarrak diren elementuen babeslekua da zinema. Aukera emango al digute gure mundu neoliberaleko borrokaren zatiketaz edo, Mark Fisher berriro aipatzearren, “politikaren pribatizazioaz” birpentsatzeko?
Besteak beste, film hauek ikusiko ditugu: Montiren Scuola Senza Fine*, langile klaseko emakumeek kolektibizatzeko eta beren burua hezteko egiten duten ahalegina azaleratzen duena; Guzmánen Nostalgia de la luz, Pinocheten sarraskien hondarrak eta hautsa bilatzen dituena; Akomfrah-en Handsworth Songs*, artxiboko filmen bidez iraganeko borrokak gogora ekartzen dituena; Off Frame Aka Revolution until Victory*, Palestinako borrokako film eta irudi zaharberritu eta berreskuratuen artxiboak erabiltzen dituena; Jarman-en The Garden*, inguruarekin eta gaixotzat hartutakoekin harreman arduratsuak eta iraunkorrak izateko queer pertsonek egiten dituzten ahaleginen berri ematen duena. Baita Le Bâteau de l ‘Exil* eta Leila and the Wolves* ere, historian zehar emakumeek erresistentzia-borroketan egindako ekarpena irudikatzen dutenak.
Bestela esanda, COOP honek jarraitu nahi du zinemaren barruan oraindik dauden iruditeria arrotzak aztertzen, mundu bisual kapitalista patriarkalei aurre egiteko, horrela aukera emateko irudian berriz bizitzeko beste modu batzuk izateko. Curating Positions COOP ikerketa-taldearen edizio honek generoen arteko ikuspegi berriak aztertzen jarraituko du, hala nola zinema, performancea, koreografia, soinua eta komisariotza.
PARTE HARTZEN DUTEN IKASLEAK
Lucas Lugarinho Braga, Miyoung Chang, Laura Dubourjal, Elisa Giuliano, Maud Gyssels, velvet leigh, Chiara Pagano, Iga Świeściak, Lau ten Zeldam, Rhodé Visser.
FILMOGRAFIA ETA BIBLIOGRAFIA
*Nostalgia de la luz, Patricio Guzmán, 2010.
*“The land still lies: Handsworth Songs y los disturbios ingleses”. Mark Fisher-ek hausnarketa egiten du 1986ko Handsworth Songs saiakeraren proiekzioaz. Black Audio Film Collective-k egin zuen, Black Britain-i buruz, 2011ko udako istilu eta ondoez sozialaren olatu berriaren ondorioz.
*Scuola Senza Fine, Adriana Monti, 1983.
*Handsworth Songs, John Akomfrah, 1986.
*Off Frame Aka Revolution Until Victory, Mohanad Yaqubi, 2015.
*The Garden, Derek Jarman, 1990.
*Le Bâteau de l’Exil, Jocelyne Saab, 1982.
*Leila and The Wolves, Heiny Srour, 1984.
DUTCH ART INSTITUTE
Dutch Art Institute, DAI ROAMING ACADEMY programa ibiltariak era askotako praktikak sustatu nahi ditu artearen eta teoriaren artean (diziplinarik gabeko diziplina gisa ulertuta biak ala biak), eta gogoeta, ikerketa, adierazpen, egintza, ibiltaritza, komisariotza, performance, idazketa eta edizioko forma kolektiboak bultzatu nahi ditu. Graduate School of the ArtEZ University of the Arts-en sartuta dago.