63 ZINEBI: MARTA POPIVODAREN LANDSCAPES OF RESISTANCE

by

  • Marta Popivoda: Landscapes of Resistance (2021). Still.

  • 1

    1

Igandea, 2021eko azaroaren 14a, 18:00, Pejzaži otpora (Landscapes of Resistance) (2021). Proiekzioa eta solasaldia Marta Popivodaren eta Bulegoa z/b-ren artean. Bilboko Arte Ederren Museoan. 

63 ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ZINEBI MEETINGS atalaren barnean antolatutako ekitaldia.

PEJZAŽI OTPORA (LANDSCAPES OF RESISTANCE) (2021)
Paisaia batek ba al du hitz egiterik?
Ez al da galdetzea bezala ea belarra, kilkerrak
edo urmaela gertakizunen atzealdea besterik ez diren,
edo benetan gertakizunetan parte hartzen duten,
beren itzal, sakonera, soinuekin,
eurak kontalari noiz bilakatuko diren zain?

Landscapes of Resistance (Erresistentzia-paisaiak) filmak 97 urteko Sonja borrokalari antifaxistaren oroitzapenak berreskuratzen ditu, Jugoslaviako lehen emakume partisanoetako bat eta Auschwitzeko erresistentzia-mugimenduko buruzagietako bat ere izan baitzen. Sonjak hitz egiten duen bitartean, bere gaztaro iraultzaileko paisaietan barrena bidaiatzen dugu, gaur egun diren bezala –Serbiako baso eta mendiak eta Auschwitzeko zelai lokaztuak–, baita Belgraden duen apartamentu txikian ere, hor bizi baita bere senarrarekin eta katuarekin. Sonja narratzaile bikaina da, gaitasuna baitu iraganeko gertaerak modu bizian eta atzera begirako distantziarik gabe kontatzeko. Horrela, erresistentzia antifaxista sortu zeneko giro eta mentalitate zehatzetara eramaten gaitu. Landscapes of Resistance filmarekin, bere historiak denboran zehar bidaiatzen du belaunaldi berrien gorputzetara, eta ohartarazten digu beti dela posible erresistentziaz gogoeta egitea eta praktikan jartzea.

Marta Popivoda (Berlin/Belgrad) zinemagilea, bideo-artista eta ikertzailea da. Bere lanak oroimen eta historiaren, gorputz kolektibo eta indibidualaren, ideologia eta eguneroko bizitzaren arteko tentsioak aztertzen ditu, eta Jugoslavia zaharreko proiektu sozialistaren potentzial antifaxista eta feministan jartzen du arreta. Bere lehen film luze dokumentala, Yugoslavia, How Ideology Moved Our Collective Body (Jugoslavia. Nola mugitu zuen ideologiak gure gorputz kolektiboa), Berlinaleren 63. edizioan aurkeztu zen, eta, ondoren, nazioarteko hainbat zinemalditan egon da. Film hau New Yorkeko MoMAren bilduma iraunkorraren parte da, eta 1980tik gaur arteko arte garaikideari buruzko What Is Contemporary Art? MoMAren online ikastaroan sartuta dago. Besteak beste, toki hauetan aurkeztu da bere lana: Tate Modern, Londres; MoMA, New York; M HKA, Anberes; MAXXI Erroma eta Arte Modernoko Museoa + MSUM Ljubljana. Popivoda Zinema_ilegalaren sortzailea da (Belgrad, Paris, Bilbo). Sari garrantzitsuak jaso ditu: Akademie der Künste Berlin-en Arte bisualen Berlin Art Prize saria eta Edith-Russ-Haus Award for Emerging Media Artist. Landscapes of Resistance, bere azken film luzea, Rotterdameko Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu zen, Tiger Competition-en, IFFR 2021ean. Filmak hainbat sari jaso ditu orain arte: Cinema du Réel – Library Award; Jeonju IFF – Best Picture Award; Thessaloniki Documentary Festival – Golden Alexander award; Sarajevo Film Festival – Heart of Sarajevo; Beldocs – Best Film Award; Lima Alterna IFF – Best Film Award).

Igandea, 2021eko azaroaren 14a, 18:00
Pejzaži otpora (Landscapes of Resistance) (96’)
Proiekzioa eta elkarrizketa Marta Popivodarekin
Tokia: Bilboko Arte Ederren Museoko Auditorioa
Sarrera: 3,50 €