Atzera begirako forma. Xavier Le Roy koreografoarekin solasean

by

Otsailaren 24an, Xavier Le Royk Retrospectiva (Atzera begirakoa) izeneko erakusketa inauguratuko du Bartzelonako Fundació Tàpiesen. Bertan, atzera begirako kontzeptua ekoizteko modu gisa agertzen da, artista gisa izan duen ibilbidea antolatzeko modu bat bezala azaldu ordez. Otsailaren 25ean, Xavier Le Royk “formaz” ematen duen definizioa entzun ahal izango da Bulegoa z/b ekimenaren eskutik, Bat, bi, hiru, lau horma izeneko eszena-ekoizpenean. Hala Retrospectiva erakusketak, nola “formaren” definizioak sakon aztertzen dituzte esperientzia estetiko bat ekoizteko bi modu gurutzatzeko dauden aukerak eta mugak: galeria eta museoko kubo zuriak ezartzen duena, eta antzerkiko gailuak eszenaratzen duena. Gertaera bat jazotzeko dauden moduak etengabe zalantzan jartzeko jarrera horrek gidatuko du Le Royren, Bulegoa z/b ekimenekoen eta etortzen diren entzuleen artean izango den solasa.

Xavier Le Roy. Biologia molekularreko doktoregoa egin zuen Montpellier unibertsitatean, eta 1991. urtetik koreografo gisa aritzen da lanean. 1996. eta 2003. urteen artean, Berlingo Podewil-en artista egoiliarra izan zen. Gero, 2007. eta 2008. urteen artean, Montpellier-eko Zentro Koreografiko Nazionaleko artista elkartua izan zen. 2010. urtean, MIT Program in Art and Culture programako artista egoiliarra izan zen Cambridgen. Self-Unfinished (1998) eta Product of Circumstances (1999) izeneko bakarkako lanek ikuspegi berriak zabaldu zituzten egungo koreografiaren esparruan. Bere azken lanen artean, Le Sacre du Printemps bakarkako lana (2007), Low Pieces (2011) taldeko pieza eta Marten Spangbergekin batera erakusketa-guneetarako sortu zuen Production (2011) lana nabarmendu behar ditugu. Lan horietan sortzen dituen egoeren bidez, ikusleen, bisitarien eta performer-en arteko harremanak aztertzen ditu. 2012. urtean pieza bat estreinatuko du Bartzelonako Fundació Tápiesen dagoen Retrospectiva erakusketaren barruko erakustokian.

Lekua: Bulegoa z/b, Solokoetxe 8 bajo, Bilbo.

* Atzera begirako forma. Xavier Le Roy koreografoarekin solasean Bulegoa z/b-ren Glosarioari lotuta dago.