Beste egonaldi-modalitate batzuk
CAMILA TÉLLEZ. “ERAIKINA. SORTZEN ARI DEN ARKITEKTURA BATERAKO METODOLOGIAK” PROIEKTUAREN AURKEZPENA
by
Camila Téllezek 2018ko ekaina eta uztaila bitartean Bulegoa z/b-n izandako egonaldian garatu duen Eraikina. Sortzen ari den arkitektura baterako metodologiak proiektuaren aurkezpena.
Noranahi goazela ere, aldean eramaten dugu gure intimitateko espazioa: protogela bat. Gure gorputz barruko espazio ezezagun bat, eta, orobat, inguratzen gaituen espazio hurbila. Batzuetan, espazio hurbil hori hainbat metrotan hedatzen da gure ingurutik, gure bihotzeko elektromagnetismoaren moduan, esaten dutenez bost metrora arteko diametroa ere har baitezake. Intimitatea oso espazio fisikoa, malgua eta, hala ere, ikusezina da, bizikide ditugun tokietara egokitzen dena –batzuetan gehiago, besteetan gutxiago–. Toki horietan intimitate desberdinak erlazionatzen, gainjartzen eta korapilatzen dira. Orduan, nire intimitatea ez da erabat nirea, eta zure intimitatea ere ez da erabat zurea; izan ere, elkar topatu dugu gure ertzetan, eta hirugarren intimitatea atera da gugandik, edo, beharbada, bosgarrena edo zazpigarrena.
Bulegoa z/b-n izandako egonaldian, guk, ahotsen multzo batek, 2. edo 3. solairua eraiki dugu, hau da, partekatutako hainbat espaziok, gainjartzen eta elkarrekin topatzen diren “bost minutuko gelek” eratzen duten konplexutasuna. Begirada, hizketa eta haietan hedatzen den espazioa izan dira eraikuntza-lanean erabili ditugun tresnak. Erregistroko materiala 2. edo 3. solairua-ren performance kolektiboaren oinarria izango da, hor hainbat ahots azalduko baitira.
Performerrak: Ibon Salvador, Eloisse Louisse, Olatz Otalora eta Camila Téllez.
Eskerrak eman nahi dizkiegu parte-hartzaileei: Elena Aitzkoa, Myriam Petralanda, Catherine Foulkrod, Usue Arrieta, Maia Villot, Andreas Wutz, Olatz Otalora, Claudia Lorenzo, Miren Jaio, Marion Cruza, Aitor Izagirre, Leire Ugalde eta Ibon Salvador.
Era berean, eskerrik asko proiektu hau osatzen duten egonaldiko beste espazio batzuei: Rosa Casado eta Luis Fernández, La Casa del Burro, egonaldi artistikoa Peroblasco-n, Errioxa; Joel Englund, DAS art residency, Klämmesudden, Väddö / Island, Suedia.
Camila Téllez (Santiago, CL, 1982). Bilbon bizi da. Diziplinaz gaindiko lan artistikoan, performancea ikertzen du idazketatik, fotografiatik, marrazkitik eta bizileku dituen espazioetatik abiatuta, eta audientziarekin eta publikoa den horrekin dauden harreman ikusezinak aztertzen ditu, tokietan bitartekaritzan aritzeko proposamen desberdinak eginez.
Bilboarteko egoiliarra izan zen (Bilbo, 2016). Kalostra Eskolan hartu zuen parte (Donostia, 2015). Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía eta Universidad Castilla-La Mancha-ren Praktika eszenikoaren eta kultura bisualaren masterra egin zuen (Madril, 2013). PAStudies #27|Performance Art Studio-ko egoiliarra izan zen (Berlin, 2012). Arte bisualetako ikasketak egin zituen Finis Terrae Unibertsitatean, Txilen (Santigo de Chile, 2004). Marrazki eta artearen teoriaren irakaslea izan zen han (2004-2013). Arteko aldizkarietan idatzi du (Artishock, Arte&Crítica eta Escáner Cultural).
Zerikusia duten beste proiektu batzuk 2018an: 8 habitaciones (Eremuak erakusketa, Bi Dos Two, Azkuna Zentroa, Bilbo); MIRADOR Centro de Investigación (Prototipoak, 2018ko Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Batzarra, Azkuna Zentroa, Bilbo).