Material Voices
MAHMOUD ALSHAER: IDAZKETA AUKEREN ESPAZIO GISA
by
Asteartea, 2026ko urtarrilaren 13a – 19:00
“Idazketa aukeren espazio gisa” Material Voices. Erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programaren bederatzigarren saioaren izenburua da. Mahmoud Alshaer, Isabel de Naveránekin hizketan.
MAHMOUD ALSHAER: IDAZKETA AUKEREN ESPAZIO GISA
Bulegoa z/b-n partekatu nahi dudana ez da Palestinako literaturari buruz aurrez ezarritako ideia bat, baizik eta idazketaren esperientzia bat, instituzioekin, errepresentazioarekin eta ikusgarritasunarekin tentsioan dagoen praktika kultural gisa hartuta. Plataforma literario modura baino gehiago, 28 aldizkaria keinu artistiko eta kultural gisa sortu zen: espazio bat hizkuntzarekin, formarekin eta ahotsarekin esperimentatzeko, erabilgarritasun politikotik eta aurreikus daitezkeen narratibetatik harantz joz. Saiakera bat izan zen idazketa, kultura-ekoizpen gisa hartu beharrean, arriskuan dagoen, kaltebera den eta aukerari zabalik dagoen leku modura lantzeko. Aldizkari bat baino gehiago, 28 literaturarako proba-gune bat izan zen, aukera baitzegoen testuek huts egiteko, hausteko, formari aurre egiteko eta amaitu gabe egoteko. Leku horretan idazkera batera bizi zitekeen artearekin, performancearekin eta teoriarekin, kausa edo identitate jakin baten “zerbitzuan” egon beharrik gabe.
Izugarri interesantea iruditzen zait idazketak nola jokatzen duen performancearen edo arte bisualen antzekoa den praktika kultural gisa: nola eramaten dituen berekin gorputza, memoria eta keinua, nola betetzen duen espazioa, nola sortzen dituen topaketak, objektuak sortu ordez. Ildo horretan, Palestinako literatura garaikidea –nik bizi dudan moduan– ez da genero bat, baizik eta presiopean dagoen esperimentazio-eremu bat, erbesteak, zaintzak eta dentsitate emozionalak zehaztua, baina uko egiten diena argitasun heroikoari eta itxiera sinbolikoari. Nire ustez, horrek zerikusi handiagoa du elkartrukearekin aurkezpenarekin baino: ikerketa partekatu bat da, eta aztergai du artea eta idazketa nola egon daitezkeen errealitate politiko baten barruan, errealitate horrek murriztu gabe, eta Bulegoa z/b-ren moduko kultura-proiektuek nola har ditzaketen adostasuna lortu nahi ez eta konplexutasunerako espazioa eskaintzen duten praktikak.
Topaketan parte hartzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org
Mahmoud Alshaer editore, komisario eta poeta bat da. Sakon inplikatuta egon da Gazako bizitza kulturalean, Majalla 28 eta 28 Galeria ekimenak zuzendu baitzituen, eta Al Ghussein kultura-etxeko programa kulturala koordinatu baitzuen Gazako hirigune historikoan. Egun, Dahaleez kolektiboaren partaidea da. Letters from Gaza (2025) editatu du Mohammed Al-Zaqzooq-ekin batera, eta I Am Still Alive: Dispatches from Gaza (2025) eman du argitara.
Isabel de Naverán idazle eta ikertzaile independentea da. Artearen eta koreografiaren arteko gurutzaketan egiten du lan, kuradore-, edizio- eta idazketa-proiektuetan. Denboraren iragaiteari eta erabilerari buruzko kezka dago bere ikerketetan, eta gorputzaren transmisioa eta denbora historikoaren kontzeptua praktika iragankor eta iheskorretatik berrikustea du oinarri. 2010ean, Beatriz Cavia, Miren Jaio eta Leire Vergararekin batera, Bulegoa z/b sortu zuen, Bilboko arte- eta ezagutza-bulegoa, eta horri lotuta egon zen 2018ra arte.