ESKUZ IDATZIAK, AHOZ JOSIAK. 1. TOPAKETA

by

Eskuz idatziak, ahoz josiak. Lehen topaketa*
Eguna: 2024/06/13, osteguna.
Ordua: 19:00

Eskuz idatziak, ahoz josiak lantaldearen azken helburua da opera bat idaztea, imajinatzea eta egitea. Topaketa batzuetan, honako gai hauek landuko ditu, besteak beste: zer den modu kolektiboan pentsatzea eta zer esan nahi duen justizia konpontzaileko ekintzak egiteak artxiboekin lan eginez. Rana Hamadeh gonbidatu dugu, operaren formarekin eta “lan operistikoaren” (operatic labour) kontzeptuarekin praktikan esperimentatzen duen artista, lantaldearekin batera egin nahi dugun opera horretaz gogoeta egiten laguntzeko.

Space is the Place/The Place is Space programaren 2024-2025 edizioa da eskuz idatziak, ahoz josiak. 2018an hasitako programa horrek Sun Raren 1974ko film afrofuturista parafraseatzen du izenburuan. In situ pentsatu nahi du, espazioan eta lekuarekin.

Eskuz idatziak, ahoz josiak lantaldearen lehen topaketan parte hartzeko, idatzi bulegoa@bulegoa.org helbidera.

*Ekainaren 12rako programatutako Rana Hamadeh-en Operaz metodo gisa izeneko aurkezpena konfirmatzeke dagoen data batera atzeratu da.

ESKUZ IDATZIAK, AHOZ JOSIAK

Eskuz idatziak, ahoz josiak lantaldearen abiapuntua gutun batzuen irakurketa da. Antonio Quintanak (1951-2023) helarazi zizkigun gutunak, EHGAMen (Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduaren) sortzaileetako batek, Leon Filter artistak elkarrizketa egin baitzion Bulegoa z/b-n izan zuen egonaldian. Elkarrizketan, Antoniok eskatu zigun leku bat bilatzen laguntzeko etxean gordeta zituen gutun batzuetarako.

Gutunak Frank Kellyri zuzenduta zeuden. Ezkerreko mugimenduetako eta gay eta lesbianen askapenerako militantea zen Kelly, eta Bradford hiriko antzerki alternatiboko eszenan parte hartu zuen. 1979aren hasieran, Antonioren eta bere bikotekide Felipe Florioren etxean hartu zuen babesa. Frank Kellyk Ingalaterratik ihes egin zuen, han leporatu baitzioten jatorri pakistandarreko Shaukat Ali gazte adingabearekin sexu-harremanak izatea. 1979ko apirilean, Frank Kelly Bilbotik Amsterdamera joan zen, EHGAMen bozeramaile gisa, ILGAren topaketa batera, eta handik urte gutxira hil zen bertan. Lagunek, senideek eta bikotekideek bidalitako hainbat gutun utzi zituen Bilbon.

Frank Kellyren aurkako auzi judiziala zela-eta, “Frank Kelly Defence Fund” aldeko kanpaina jarri zuten abian, eta funtsezkoa izan zen Ingalaterran sexu bereko pertsonen arteko harreman sexualen onarpen-adina murrizteko. Londreseko LGBTQIA+ Bishopsgate Institute-ko artxiboak laguntza-kanpainako materialak ditu gordeta, eta seguruena bertan gordeko dira azkenik Frank Kellyri zuzendutako gutunak.

Frank Kellyren gutunentzako leku bat bilatzea ez da soilik azken helmuga aurkitzea artxibo batean, baizik eta tartean gertatzen den guztia –adibidez, eskuz idatziak, ahoz josiak topaketak–. Ahoz aho egindako prozesu horretan, erantzukizun konpartituen kate bat sortu da, eta Leon Filter (artista), Aimar Arriola (ikertzailea, kuradorea eta editorea), Itziar Bilbao Urrutia (artista, aktibista eta pornografoa) eta Danele Sarriugarte Mochales (idazlea, itzultzailea eta EHGAMeko kidea) izan dira bertan, baita beste pertsona batzuk ere. Etorkizunean jende gehiagok egingo du bat.

Antonio Quintanak bilaketa honi hasiera emateko zuen espirituak berak bultzatzen ditu eskuz idatziak, ahoz josiak lantaldearen topaketak. Baita hark zituen uste sendoek ere: oroimena belaunaldien arteko elkarrizketaren bidez eraikitzen den erantzukizun kolektibo gisa ulertzea, justizia konpontzaileko ekintza bat egiteko desira, eta objektu eta gauza txikiei eta komunei arreta jartzeko ahalegina, baita horien ondorioz egin daitezken topaketei ere.