Hormaren kontrako ekoizpenak
DISPLAY SERIES 3: LEO BURGE + TINA GVEROVIĆ
by
Display Series-en hirugarren saioa, Leo Burge-ren Destiny eta Tina Gverović-en Support Matrix eta Trace and Touch lanen aurkezpenarekin. Display Series programa-ildoaren ardatza erakusketa eta instalazioaren formatuak dira. Topagune bat sortu nahi dute, hainbat artistak –bertakoek eta nazioartekoek, beren ibilbidearen garai desberdinetan, hainbat hedabidetan garatutako praktikak dituztenek…– beren lana erakuts dezaten Bulegoa z/b-ren lokalaren barruan.
Inaugurazioa:
2022/03/25 – 19:00
Erakusketaren egunak:
2022/03/25–2022/04/30
Ordutegia:
Ostegunetik larunbatera 16:30-20:30, apirilaren 14, 15 eta 16an izan ezik.
LEO BURGE: DESTINY
Amets bat izan nuen, non aurrez aurre agertzen ziren ezagutzen ditudan gizonik kementsuenetako bi. Etxeko lursail batean geunden, ingurune natural batean. Itsasoa ikusten nuen labar ertain edo altu batzuen azpian, eta haien oinetan olatu handi samarrak altxatzen ziren, erabat hautsi gabe, edo ez, behintzat, nahi bezain indartsu. Harritzekoa zen, urrutian, itsaskia bera kontrako alderantz baitzihoan, gugandik ihesi, begien bistan zegoen beste itsasalde batean haustera. Ez nuen ulertzen nola gerta zitekeen ozeanoaren indarraren mugimendu bikoitz edo disoziazio hori. Non ote geunden galdetzen nion neure buruari. Uharte-multzo bat balitz, errazagoa litzateke fenomenoa azaltzea. Uharte bateko zoko-moko batean egon behar genuen, lehorretik hurbil, olatuek gogor hausten baitzuten, baina auskalo.
TINA GVEROVIĆ: SUPPORT MATRIX + TRACE AND TOUCH
Bultzada bat, ufada bat, olatu-forman igotzen den oihal-jario geldiezina. Grabitateak obrari eragiten dio, baina horri ere aurre egiten dio, esekita geratzen baita, lurretik harantzago, jarioa etenda balego bezala. Elkarri lotuta dauden gorputz batzuk erori egiten dira eta/edo elkar orekatzen dute, elkarri eusteko eta bermatzeko modu berriak artikulatuz, elkarrekiko laguntza horren bidez bestea eror ez dadin. Gorputzak estalita daude, oihal-tolesturek erdi babestuta. Zer laguntza-mota behar dugu bestearengandik edo eskaini ahal diogu egungo egoeran? Hemen aurkezten dira materialen arteko elkarrekiko euskarri-formak, elkarri eusten dioten material-motak eta laguntza eskatzen duten baina mendekotasuna ere badakarten oreka- eta tentsio-ekintzak egiten dituzten gorputzen marrazkiak.
BIOGRAFIAK
Leo Burge (Londres, 1991). Arte Ederretako ikasketak UPV-EHU (Bilbo), KABK (Haga, Holanda) eta Kalostra (Donostia) artean. Nire lana marrazketa, eskultura eta pinturaren artean dabil, horiek agertzen diren espazio errealen bidez. Nire ikuspegi nagusia da lengoaia artistiko bat asmatzea, sorkuntzaren hemen eta orain gerta daitekeena. Horretarako, material, irudi eta testuen amalgama pertsonal batera jotzen dut. Metofam (2020) eta Petal (2018) erakusketak egin ditut Carreras-Múgica galerian (Bilbo), baita erakusketak ere Halfhouse-n (Bartzelona), Estampa azokan (Madril), Arizko Dorre aretoan, Rekalde Aretoan, Gio Bat aretoan, Cosmos galerian (Bilbo) eta Showroom Mamman (Rotterdam). Testu hauek argitaratu ditut: La casa al borde de la soledad (Eremuak #6) eta Contando Sílabas Loa Ots erakusketan (CentroCentro, Madril). Horrez gain, elkarlanean aritu naiz Otro Family Plot (2015) eta Primer Proforma (2009) argitalpenetan eta testuak idatzi ditut nire erakusketen paraleloan.
Tina Gverović. Instalazioa, marrazketa, pintura, soinua, testua eta bideoa lantzen ditu. Bere lanak materialen ekonomia eta historia aztertzen ditu, askotan instalazio murgiltzaile eta desorientatzaile moduan. Lanaren funtsezko gaietako bat da ea non dagoen potentziala ikuspegi eta berrasmatze politiko baterako. MA bat egin zuen Maastricht-eko Jan van Eyck Academy-n eta doktorea da Londresko Middlesex University-n. Duela gutxi, erakusketak jarri ditu toki hauetan: Folkestone Triennial, Veneziako 57 Bienala, Corner DC, WKV Stuttgart, Museum of Arts and Crafts Hamburg, Trigon – Post Environment in Künstlerhaus Halle für Kunst & Medien Graz, Suzhou Documents – Biennial, Tate Modern eta Busango Bienala. Duela gutxi, artelan publiko bat aurkeztu du Ben Cain-ekin elkarlanean University of Reading-eko campusean. Irakasle izan da Camberwell College of Arts, Slade School of Arts, Dutch Art Institute Roaming Academy eta Zagrebeko WHW Academy-n.