MATERIAL VOICES 3: BEATRICE VON BISMARCK, RIKE FRANK, KATRIN MAYER

by

  • Hemen: Sophia Eisenhut-en software warfare EX PONTO BITCHES (2021), Itziar Santínek alemanetik euskarara itzulia. Anna Cairns-ek diseinatutako c0da webgune editorialaren parte da.

  • Kunst mit Eigen-Sinn. Aktuelle Kunst von Frauen (Emakumeen Arte Garaikidea), XX. mendeko Museoa/Arte Modernoaren Museoa, Viena, 1985. Argazkia: Rudolf Koller.

  • Of(f) Our Times: Curatorial Anachronics. Beatrice von Bismarck eta Rike Frank-ek editatua, 2019.

Nork deskodetzen du hemen nor, nork kodetzen du hemen nor? da Material Voices: erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programaren hirugarren saioaren izenburua. Beatrice von Bismarck, Rike Frank eta Katrin Mayer-ekin.

Material Voices. Erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programak hirurogeiko hamarkadatik gaur egunera arte emakumeek egindako praktika kuratorialari buruzko ikerketa garatzea du helburu. Elkarrizketa erabiltzen du ikertzeko tresna gisa, eta ahotsen, erakusketen eta artelanen materialtasunaren potentziala aztertzen du, baita haien artean diren gurutzaketena ere.

Katrin Mayer-en c0da bisitatzeko ordutegia:
Martxoaren 19a eta 21a, 17:00-20:00.
Martxoaren 20a, 11:00-13:00.

NORK DESKODETZEN DU HEMEN NOR, NORK KODETZEN DU HEMEN NOR?*
Erakusketarekin identifikatzen gara, ahots material gisa ulertuta. Ideia horrek lehen planoan jartzen du erakusketen pisua eta haien historiak, garai eta espazio desberdinak zeharkatzen dituzten eta gertakizun zehatza gainditzen duten eragile eraldatzaile gisa; erakusketen funtsezko zereginean arreta jartzen duen eragile modura, harremanak kontatzeko eta sortzeko modu berrien saiakera zehatzak diren aldetik. Horrekin jarraituz, kuradoretza-praktikak materialtasun berriak sortzeko gaitasuna duten praktikatzat har daitezke. Beatrice von Bismarck eta Rike Frank nozio horretatik abiatzen dira erakusketen historiari eta ikerketa kuratorialari buruz egin dituzten azterketa partekatuez hitz egiteko. Esparru horretan, hizpide izango dute, era berean, artxiboko eta ikerketako zenbait praktika, hain zuzen, kuradoretza-prozesuen barruan harreman dinamikoak eta pluralak kontuan hartzen dituztenak eta ekoizpen teorikoko, gorpuzkerako eta harreman-moduetako espazioak zeharkatzen dituztenak.

Ahotsen materialtasunaren esperientzian sakontzeko asmoz, Katrin Mayer-ek c0da ikerketa-proiektua aurkeztuko du, kodetzeko eta idazteko metodo feministei buruzkoa. Gaur egun, artistak webgune editoriala garatzen du, Anna Cairns programatzailearekin elkarlan estuan. c0da proiektuak batera uztartzen ditu ordenagailuaren historia, HERSTORY gisa, eta idazteko modu feministak. Katrinek artista, idazle eta arte-historialarien talde bat gonbidatu du parte hartzera. Horietako batzuk korrespondentzia eta truke batzuetan sartu dira, eta horietan modu lausoan aipatzen dituzte zeroak, zirkuluak, zuloak, oooak eta beste irudi batzuk. Ez bakarrik horiek konputazioko zeroekin eta batekin duten harremanagatik, eta teoria eta filosofia feministan duten eraginagatik, baita bakoitzaren plastikotasunagatik ere.

Ahots horiek entzutean eta ekitaldiaren izenburuari erreparatzean –Nork deskodetzen du hemen nor, nork kodetzen du hemen nor–, idazketak, entzuketak eta audio-erregistroak narratibak eta konstelazioak eraikitzeko ekintza materiala zeharkatzen dute, eta forma ematen diote materialtasunari, harremanekiko harremanari. Horrek, aldi berean, galdera bat edo bi jartzen dizkigu aurrez aurre: Nola parte har dezake ikerketa kuratorialak arlo kuratorialaren barruan ez dauden erlazioak ekoizten eta eratzen? Eta nola lagun dezake hark desegindako harremanen materialtasunean?

* Hemen: Sophia Eisenhut: software warfare EX PONTO BITCHES, 2021, Itziar Santínek alemanetik euskarara itzulia. Anna Cairns-ek diseinatutako c0da webgune editorialaren parte da.

BIOGRAFIAK

Beatrice von Bismarck arte, kultura bisual eta komisariatuaren kulturen irakaslea da Leipzigeko Arte Ederren Akademian. XX. mendeko arte-saileko komisarioa izan da Frankfurteko Städel museoan, Kunstraum der Universität Lüneburg-en sortzaileetako bat eta zuzendarikidea ere bai, Cultures of the Curatorial master-programa abiarazi du eta TRANScuratorial Academy ibiltariaren zuzendarikidea izan da (Berlin, Mumbai, Phnom Penh, 2018-2018). Atera dituen argitalpenen artean, hauek ditugu: Cultures of the Curatorial (editorea, Jörn Schafaff eta Thomas Weski-rekin batera, Sternberg, 2012); Timing – On the Temporal Dimension of Exhibiting (editorea, Rike Frank, Benjamin Meyer-Krahmer, Jörn Schafaff eta Thomas Weski-rekin batera, Sternberg, 2014); O(f)f Our Times: Curatorial Anachronics (editorea Rike Frank-ekin batera, Sternberg, 2019). Duela gutxi, liburuki hau argitaratu du: Archives on Show. Revoicing, Shapeshifting, Displacing – A Curatorial Glossary (Archive Books, 2022). The Curatorial Condition monografia argitaratzear du Sternberg Pressek.

Rike Frank-ek komisario eta idazle gisa lan egiten du, eta erakusketen historiako eta praktika kuratorialeko irakaslea da. Gaur egun, Berlin Artistic Research Grant Programme programaren zuzendari exekutiboa da, baita European Kunsthalleko zuzendaria ere. Duela gutxi, Vladivostokeko Arte Garaikideko Eskolako komisario-ikastaroa zuzendu du (2020) eta Of(f) Our Times: Curatorial Anachronics (Sternberg, 2019) argitaratu du Beatrice von Bismarckekin batera. Hainbat postu instituzional bete ditu, besteak beste, Secession-eko komisario (2001-2005), documenta 12-ko kuratoretza-bulegoaren arduradun, Leipzigeko Arte Bisualen Akademiako komisario (2012-2014) eta Arte Ederren Akademiako Erakusketen Ikasketetako irakasle elkartua (Osloko Arteen Akademia Nazionala, 2014-2018). Bestalde, hauek editatu eta koeditatu ditu: Ane Hjort Guttu. Writings, Conversations, Scripts (Sternberg, 2018), Textiles: Open Letter (Sternberg, 2015), Textile Theorien der Moderne. Alois Riegl in der Kunstkritik (b_books, 2015), Timing: On the Temporal Dimension of Exhibiting (Sternberg, 2014), eta Sketches of Universal History: Compiled from Several Authors by Sarah Pierce (Book Works, 2013).

Testuinguru zehatzetarako egindako lanetan, Katrin Mayer-ek sarritan ikertzen ditu artxiboak eta tokiko historia, leku batek orainean duen historikotasuna islatzeko eta zalantzan jartzeko. Duela gutxi, Berlin Artistic Research Grant Program-en beka bat jaso du c0da garatzeko Anna Cairns programatzailearekin batera, kodetzeko eta idazteko metodologia feministei buruz hausnartzen duen tresna digitala. Katrin Mayer-ek hainbat instituziotarako proiektuak egin ditu, besteak beste: Kunsthalle Osnabrück (2021), Kunstsammlung NRW, K21, Düsseldorf (2020), Kunstverein Hamburg (2017), Kunsthalle Lingen (2016), European Kunsthalle @ chambre d´amis Wien (2015), Ludlow38 MINI/Goethe-Institut New York (2014), Kunsthalle Bielefeld (2014). www.katrinmayer.net

 

Nork deskodetzen du hemen nor, nork kodetzen du hemen nor? (PDF)

 

Material Voices: Erakusketak egiteko lanaren genealogia feministak programa Communities of Learning, Bridging the Gap of Isolation proiektuaren parte da. Proiektu hori WHWk hasi zuen eta European Cultural Foundationen Kultura Solidarioaren Funtsaren babesa du. 

Material Voices Foundation for Arts Initiatives-en (FFAI) laguntza ere jasotzen du, New York.