In qualche luogo lontano: Roma
IN QUALCHE LUOGO LONTANO: ROMA 5: SARA BENAGLIA
by
2021eko ekainaren 9an, 16:00etan, Espainiako Akademian, Erroman.
In Qualche Luogo Lontano: Roma programako bosgarren saio honetan, Sara Benagliak Dianaren gurtzaren eta artista barrokoen arteko keinuaren magia Galleria Spada-ren bilduman aurkeztuko du.
In Qualche Luogo Lontano: Roma da Space is The Place/The Place is Space barruan Erroman egiten den programaren izenburua. Bulegoa z/b-k abiarazitako ikerketa-proiektu honen helburua da artea praktika kritiko gisa aztertzea, tresnak eskaintzen baititu gelditzeko, begiratzeko eta munduan kokatzeko, baita egoerak sortu, bizitzeko moduak irudikatu eta espazioa sortzeko. Aldizkako topaketen bidez egituratuta, hainbat forma hartzen ditu, hala nola aurkezpenak, irakurketa-saioak, ibilaldiak, lurraldearen gaineko ekintzak eta hainbat arte-ekoizpen.
DIANAREN GURTZAREN ETA ARTISTA BARROKOEN ARTEKO KEINUAREN MAGIA GALLERIA SPADA-REN BILDUMAN
Galleria Spadak XVI. eta XVII. mendeetako lanak gordetzen ditu, Bernardino Spada (1594-1661) kardinalaren bildumak hartzen duen aldikoak. Antzinako pinakoteka baten eredu ona da, bertan hainbat keinu ahaztu aurkitu daitezke, kultu paganoei, jabetze zalantzagarriei, bazterreko egileei eta emakumeen bizioen aurkako ohartarazpenei buruzkoak. Emakumeen gaiztakeria eta gaizki-esateak, Christine de Pizan hainbeste aztoratu zutenak, lau aretotan azaltzen dira, eta halako progresio moral bati jarraitzen diote, irudi femeninoak absentzien kopiak baitira, XVI. mendearen bigarren erdian egindako erretratuak gehienak, eta, orduan, Inkisizioko epaileek deabruzko ekintzarako bereziki iragazkortzat jotzen baitzituzten emakumeak, baita doktrina heterodoxoak proposatzeko modukotzat ere, soilik gizonezkoen “kutsaduragatik”. Bide horretatik hiztegi klerikalak Dioniso eta Dianaren keinu paganoak bereganatuko ditu, haien paperak hainbeste alderantzikatuz non keinuaren magia ahulduta agertuko baita; haien hondarrak, orain, bakarrik ikus daitezke erromatar marmoletan eta Cinquecentoko aristokraten eskuetan, aristokraten “odola” hesi gaindiezina baitzen epaileentzat.
Hala eta guztiz ere, aretoetan paratutako “hormako piezen” artean, Orsola Maddalena Caccia (1596-1676), Lavinia Fontana (1552-1614) eta Artemisia Gentileschi (1593-1653) egileen margolanak ere badaude. Emakumezko artista barroko horiek gurasoen tailerretan trebatu ziren eta Veneziako maisuek inspiratu zituzten, eta margotu zituzten obretan, lotsagabekeria handiz eta kontraesankorrez agertzen dira keinuaren magia eta esklaboen presentzia Serenissiman –Veneziako Errepublika Txit Lasaian–.
Linda Nochlinek Vasariren “esku femeninoa” arbuiatu du, “dirudienez, emakumezko artistak eta idazleak beren garaiko gizonezko beste artista eta idazle batzuengandik hurbilago daudelako, eta elkarren artean dutenaren antzeko ikuspegiarekin”. Areto horiek, ordea, aukera ematen dute inkongruentzia eta potentzialtasun horietan murgiltzeko, Women’s Studies eta teoria feminista ere islatzen baitira horietan, artearen historiak “ahaztutako” emakumezko artistak berreskuratu behar direlako, historia horretan oraindik ere narratiba estereotipatu itxietan sartuta aurkezten direlako. Ursula, Lavinia eta Artemisiaren adierazpen sortzaileetan emakumeak erabat falta ziren?
Sara Benaglia artista eta ikertzailea da. Bere praktika diziplina bisualetako ideologien kritikan oinarritzen da, eta ariketa fisikoaren eta sinesmen espiritual eta politikoen arteko erlazioa aztertzea du abiaburu. Kitakyushuko CCAn, Turingo Fondazione Merz-en eta Aostako Arkeologia Museoan erakutsi ditu bere lanak. Saiakerak idatzi eta elkarrizketak egiten ditu, artearen eta politikaren arteko harremanari buruz, baita horiekin lotutako distortsio bisualei buruz ere, ikuspegi feminista eta dekolonial batekin. Interesa du bereziki humanismoaren eta arrazaren arteko ezkutuko harremanaz, Italiako Berpizkundearen testuinguruan, eta ezabatze kolonialen eta emakumezkoen/deformatutako gorputzen arteko harremanaz. ATPdiary, Doppiozero eta Art e Dossier aldizkariekin kolaboratzen du. Irabazi asmorik gabeko BACO_BaseArteContemporaneaOdierna espazioaren komisarioa da, Mauro Zanchirekin batera, eta argazkilaritza garaikidearekiko interesa partekatzen du harekin ikuspegi kritiko batetik. Bere azken argitalpenak honako hauek dira: Metafotografia(2) (Skinneboox, 2020) eta Metafotografia (Skinneboox, 2019).
In qualche luogo lontano: Roma proiektua 2020-2021 ikasturterako Arte, Hezkuntza eta Kulturako MAEC-AECID beken esparruan egin da, Erromako Espainiako Errege Akademiarako beka-programaren barruan.