IN QUALCHE LUOGO LONTANO: ROMA 4: ARNISA ZEQO

by

Angelo Azzurro diskoteka, Erroma, 80. hamarkada.

2021eko maiatzaren 19an, 16:00etan, Espainiako Akademian, Erroman.

In Qualche Luogo Lontano: Roma (In Some Far Place: Roma) programaren laugarren saio honetan, Arnisa Zeqok Schiellezze. Autobiografiaren eta erromako feminismoaren istorioen arteko ibilaldiak aurkeztuko du.

In Some Far Place: Roma  da Erroman Space is The Place/The Place is Space barruan egiten den programaren izenburua. Bulegoa z/b ekimenak 2018an hasitako ikerketa-proiektu honen helburua da artea praktika kritiko gisa aztertzea, tresnak eskaintzen baititu gelditzeko, begiratzeko eta munduan kokatzeko, baita egoerak sortu, bizitzeko moduak irudikatu eta espazioa sortzeko. Aldizkako topaketen bidez egituratuta, hainbat forma hartzen ditu, hala nola aurkezpenak, irakurketa-saioak, ibilaldiak, lurraldearen gaineko ekintzak eta hainbat arte-ekoizpen.

SCHIELLEZZE. AUTOBIOGRAFIAREN ETA ERROMAKO FEMINISMOAREN ISTORIOEN ARTEKO IBILALDIAK

Schiellezze Amelia Rosselli poeta eta idazleak Cos’ha il mio cuore che batte (1959) poeman erabiltzen duen hitza da. Schiettezza –argitasuna, erabateko zintzotasuna– eta scellerato –zorigaiztoko, gaizto eta krudelaren sinonimoa ahozko jargoian– hitzen konbinaziotik sortzen da schiellezze. Rossellik “konposatu” edo “aditz-elkarketa” deitzen dituen hitzez osatutako hizkuntza baten zati da hitza, non askotan genero maskulinoa eta femeninoa, singularra eta plurala trukatzen diren. Poemak autobiografiaren, taupadaka ari den bihotzaren eta testuinguru zibileko istorio pertsonalen aztarna iragankorren arteko elkarrizketa ere zabaltzen du. Tailerrean, Arnisa Zeqok Rosselliren aditz konposatuen eta elkarketen metodologia hartuko du, bere esperientzia autobiografikoaren elementuak sartzeko, erromatar feminismoko istorioei eta LGTBQ mugimenduaren borrokei buruzkoak, hiriaren psikogeografiaren testuinguruan. Aditz-elkarketak erreferentzia fisikoak dira, hirian sakabanatutako jatorrizko hizkuntzen eta lekuen existentziari dagozkionak. Hasierako eztabaidaren ondoren, tailerrak ibilaldi bat egingo du Erromako erdigunetik, oraindik dauden eta jada ez dauden lekuen bila. Zeqoren inspirazioa Igiaba Scego eta Rino Bianchiren Roma Negata: Percorsi postcoloniali nella città (Erroma ukatua: paseo postkolonialak hirian barrena, 2014) liburua da, eta, proposatzen duen ibilaldian, bere biografia Angelo Azzurro diskoteka zaharrarekin, Zanzibar tabernarekin eta Amelia Rosselliren etxearekin uztartzen da, besteak beste.

Arnisa Zeqo artearen historialaria, komisarioa eta hezitzailea da; Amsterdamen bizi da, baina Tiranan jaio eta Erroman hazi zen. Amsterdameko rongwrong arte- eta teoria-espazioaren zuzendaria da. Bere lana performancearen, fikzioaren, artearen historiaren eta hezkuntzaren inguruko praktika artistikoetan txertatzen da. Garatzen ari den terminologia berri batek “gorputz kontzeptuala” eta performancearen eta arte kontzeptualaren arteko intersekzioak ditu ardatz. 2015/17an, documenta 14rako lan egin zuen Atenas eta Kasselen, eta Atenasko hezkuntza-programen (aneducation) arduraduna eta Ulises Carriónen Lagunen Elkartearen sortzailea izan zen, Gorputzen parlamentua programa publikoaren barruan. Hainbat instituziotan irakatsi du, hala nola, Dutch Art Institute-ko Art Praxis Masterrean, ArtEZ University of the Arts-en (Arnhem), Werkplaats Typografie masterrean (Arnhem) eta Piet Zwart Institute-ko Arte Ederretako masterrean (Rotterdam). 2016/17an irakasle gonbidatua izan zen Atenasko Arte Ederren Eskolan. 2017an, Erromako Amerikar Akademiako elkartutako egoiliar holandarra izan zen, Mondriaan Fonds-en bidez, eta bere ikerketa, txutxu-mutxua, eskandalua eta portaera onak izan zituen ardatz. 2015ean, Franz Kafkaren egunkariak irakurri zituen eta pasiera luzeak egin zituen Hudson ibaiaren ertzetik, Center for Curatorial Studies Bart College-n (New Yorkeko konderria) komisario egoiliarra zen bitartean. Jane Bowles eta June Jordanen idazkiek kutsu askatzailea ematen diote espazio horretako metodologiei.

In qualche luogo lontano: Roma Arte, Hezkuntza eta Kulturako MAEC-AECID beken esparruan 2020-2021 ikasturterako egindako proiektua da, Erromako Espainiako Errege Akademiarako beka-programaren barruan.