Zinema_ilegala
Zinema_ilegaleko hogeita hamabosgarren saioa
by
Ainize Sarasolak proposatutako proiekzioa, eta, ondoren, solasaldia.
Izarretako gerra: Lehen atala – Itxaropen berria (Star Wars: First Episode – A New Hope, 1977) eta beste bideo batzuk.
Izarretako gerra gogoan dudan lehen filmetako bat da. Gure amari izugarri gustatzen zaio zientzia fikzioa, eta, beraz, txiki-txikia nintzela ikusi nuen aurreneko aldiz Izarretako gerra. Behin baino gehiagotan nuen ikusia Izarretako gerraren lehen trilogia osorik, baina, hala ere, amak erritual bera betetzen zuen beti: nik erdi lo itxoiten nuen, zirriborroak marrazten, gau hartako filma noiz hasiko, gero zer etorriko zen sumatu gabe. Ama bestela bezala aritzen zen. Halako batean, telebistako pantaila beltz-beltz jartzen zen:
Aspaldi-aspaldian, galaxia urrun batean…
“Ezetz jakin zer den?”, galdetzen zidan amak. Ni, badaezpada ere, izutu egiten nintzen: “Ez…”. Beharbada zerbait txarra izango zen. Baina berehala ezagutzen nuen doinua: Izarretako gerra zen. “Zer ondo!”. Gero lo seko gelditzen nintzen, 10 aldiz-edo filma ikusi bitartean, baina ikaragarrizko ilusioa egiten zidan.
Orain dela gutxi, lehen trilogia ikusi dut berriz. Urteak ziren ez nuela ikusten, beldur bainintzen, ez ote zitzaidan hainbeste gustatuko. Hala ere, beti bezala, denik eta filmik handiena dela iruditu zait.
Aukeratu ahal izanez gero, Izarretako gerran biziko nintzateke beti, hor ezin sinetsizkoa baita dena, abenturek ez baitute etenik, eta galaxia asko baitago zeharkatzeko. Hala ere, oraingoan, abenturaz, jantziez eta dekorazio zoragarriez gain, filmaren beste alderdi batzuek piztu dute nire arreta, txikitan ez bainituen sumatzen, ezta ulertzen ere. Batez ere, INDARRAREKIN zerikusia duen guztiari erreparatu diot. Eta, horretaz gogoeta egiten, INDARRA harremanetan jarri dut “pentsamendu kontziente” deitzen denaren teoria batzuekin eta beste kontu batzuekin. Gehienbat, Bruce Liptonek bideo honetan esaten duenarekin ( http://www.youtube.com/watch?v=8y0WoH5YdxE ) eta Jediaren itzulerako eszena honekin ( http://www.youtube.com/watch?v=o6FgidY1xdc ).
Ainize Sarasola. Arte-kontuak eta etxez etxeko kosmetika-saltzailea.
May the force be with you.