Zinema_ilegaleko hirurogeita bigarren saioa

by

Maia Villot de Diegok proposatutako proiekzioa, eta, ondoren, solasaldia.

Zinema_ilegaleko saio hau neuk proposatu dut, baina aitak egiten zuen zerbait du oinarrian.

Galiziarra, zelta eta hargina dut aita. Gazte-gaztetatik hasi zen bidaiatzen, herrialde askotan bizi izan da, hainbat hizkuntzatan hitz egiten du, eta eskuetara iristen zaion guztia irakurtzen du. Badira hogeita hamar urte inguru Nafarroan bizi dela, horkoa baitut ama. Menorcan ezagutu zuten elkar, eta ni Sevillan jaio nintzen, baina Huelvako herrixka batean bizi ginen. Beharbada, horrek zerikusiren bat izango du bere gustu eklektikoekin.

Orain dela urte batzuk, aita pilota-partidak telebistan ikusten zaletu zen (nik uste dut sekula ez duela bat ere zuzenean ikusi).

Bestetik, ikaragarri gustatzen zaio musika, rock & rolla, countrya, klasikoa, flamenkoa, folk ingelesa, narkocorridoak, rantxerak, zydecoa edo cajuna, bluegrassa, Kaliforniako soinua, tangoak, milongak, gaiteroak, jazza, foxtrota, hip hopa, boleroak, kopla… eta, telebista ikusten edo irakurtzen ez badago, etengabe entzuten du musika.

Batzuetan, diskoak jartzen ditu, baina gehienbat irratia entzuten du, hain zuzen, Radio 3. Noiznahi entzuten du, lan egin edo janaria prestatu bitartean, lo dagoela ere entzun izan du musika noiz edo noiz.

Ia sekula ez ditu galtzen Radio 3-eko country eta flamenkoko irratsaioak. Garai batean, aldi berean izaten ziren pilota-partiden eta flamenkoko irratsaioaren emanaldia, eta, ez bata ez bestea ez galtzeko, soinurik gabe ikusten zuen partida, flamenkoko saioa entzun bitartean. Eta horixe egingo dugu, hain zuzen.

Maia Villot de Diego, Yolanda eta Xanen alaba, artista, liburu-saltzailea eta ehulea da, besteak beste.