Zinema_ilegaleko berrogeita batgarren saioa

by

Loty N.ek proposatutako bi filmen proiekzioa, eta, ondoren, solasaldia.

Style Wars (AEB, Tony Silver & Henry Chalfant, 1983, 69 min.)
1983. urtean telebistarako egindako dokumental honek hip-hop kulturaren sorburua aztertzen du. Graffitiaren gertakari azpikulturala eta 1980ko hamarkadako New York hiriko bizitza ditu ardatz. Poliziak, arte-kritikariak, metroko mantentze-lanetako langileak, “kaleko pertsonak” eta, batez ere, graffitiko idazle entzutetsuak agertzen dira. Style Wars graffitiaren ikus-entzunezko biblia bezalako zerbait bilakatu zen berehala. Europako ehunka idazlek onartzen dute erreferentzia bideografiko gisa. Une historiko horretaz egin den dokumenturik onena da; eta, graffitiaren historiari begira, une hori Periklesen Atenasko garaiaren antzekoa da.

Dirty Handz 3– Search & Destroy (Frantzia, izengabea, 2006, 78 min.)
Bi bideoren jarraipena (Destruction of Paris City eta Back on Tracks, gaur egun debekatuta) eta Dirty Handz trilogiaren amaiera. Parisko graffiti-idazleen talde batek 1990eko hamarkadan eta 2000ko hamarkadaren hasieran Europan barrena izandako abenturak kontatzen ditu. Hainbat hiritako trenbide-sistemak korrituko dituzte, graffitiak margotzeko tren bila dabiltzala: Londres, Kopenhage, Stockholm, Hanburgo, Berlin, Munich, etab. Europan barrena hara-hona ibili ondoren, azkenean, New Yorkera joko dute, grinaz mugiarazten dituen joko horren jatorrizko agertokira erromesaldi moduko zera bat eginez.

Filmetan, bi mailak pizten dute nire arreta. Lehena, eta nabariena, aztergaia da. Graffitia hirietako jendarteetan ageri den gertaera sozial gisa, indar negatibo eta tentsioen sorburu gisa (tentsio legalak, moralak, estetikoak, politikoak…). Joko honetako oinarrizko arauak oso soilak dira, baina etengabeko jarduera sortzen dute, gero eta ugariagoak diren “jokalarien” artean. Arauak egoera berrietara egokitu daitezke, baina denik eta aldaketarik txikienak eginda beti.

Bereziki interesatzen zaidan beste irakurketa-maila bat dago. Bi filmetan, bi modu ikus ditzakegu gertaera sozial bera irudikatzeko. Lehen filmean, kultura ofizial onartuenari esker –zinemari eta unibertsitateari esker– bizi diren bi pertsona gazteen graffitiaren azpimunduan sartzen dira, ikus-entzunezko antropologia-ariketa moduko zerbait eginez. Graffitiaren mundua irudikatzen dute, telebistaz emateko. Telebistaz emateko bokazio horrek hurbiltasuna ekartzen du; ikusleei zuzenduta dago oro har, “jendearen iritzira”. Filma, tresna gisa, abian jartzen da, eta dardara baten modukoa da. Europako ehunka gaztek ikusten dute, eta jokoan hastea erabakitzen dute. Asko interesatzen zait zinemak ekintzak sustatzeko duen indar hori, ikusleek irudien bidez adierazten den horrekin bat egiten dutelako (afektu, adimen aldetik…).

Bigarren bideoan, praktikatzaileek eurek egiten diote erretratua gauza-graffitiari. Alderdikeriaz egiten diote erretratua beren buruari, “graffiti-bideoaren” azpigeneroan sartzen den film batean. Mota honetako bideoak 90eko hamarkadan ugaldu ziren, kameren prezioa jaitsi zenean, eta guztiz pornografikoak dira: ekintzen irudi esplizituak, alderdi jakin batzuekin jostatzen, ikusleak kitzikatzeko, ikusleak kalera joan eta gauza bera egin dezaten. Ekintzak pizteko duen indarra handiagoa da, baina ordaindu beharreko prezio ideologikoa ere bai: deklarazioa larderiatsuagoa da, gidatuago dago, bortitzagoa da.

Dirty Handz 3- Search and Destroy ez da edozein graffiti-bideo. Badu desberdina den zerbait: protagonistaren offeko ahotsa, itxuraz jendearen iritzira zuzendua. Lehen pertsonan adierazten digu bere istorioa, noiz hasi zen, eta nola igaro den bere bizitza, Europan barrena trenak margotzera emana. Interesgarria iruditzen zait talde sozialek beren eta besteen burua irudikatzeko dituzten moldeak ikustea eta horretaz gogoeta egitea, beste talde batzuen baliabideak bereganatuz edo hautsiz talde-nortasun berezia nola eraikitzen duten aztertzea. Graffitiari dagokionez, oso esplizitua da dena, bere burua sustatzeko eta bere agerpena etengabe berresteko duen obsesioa dela-eta.

Loty N. (Bilbo, 1982), 1990eko hamarkadaren amaieran, graffiti-idazle askorekin elkartu zen Bilbon. Gero, musika esperimentala landu du, eta poemak ere bai. Hamaika urte Donostian eman, eta Bilbo Handira itzuli zen gero. Orain bideo batzuk egiten ari da lanean. Eta abar.