ZINEMA_ILEGALEKO 90. SAIOA. DENBORALDIAREN HASIERA ETA KOORDINAZIO BERRIA

by

Diligentzia (John Ford, 1939, 01:39) eta Ibai Gorria (Howard Hawks, 1948, 02:13) filmen proiekzioa. Zinema_Ilegala programaren koordinatzaile berriak diren Aizpea de Atxak eta Akane Saraivak proposatutako saioa.

Badakit oso poliki tekleatuko dudala, asko ezabatuko dudala idazten hasi baino lehen, zer gertatuko den jakin aurretik idaztea zaila dela uste baitut. Hau guztia igaro ondoren dena argiago izango dugu. 

Ez zen batere erraza biok geunden ikus-entzunezko bat topatzea. Irudi desberdinak sentitzen genituen hurbil, haietako batean ere ez ginen biok topatzen. Horregatik, nahiz haiekiko atxikimendu berezirik ez izan, telebistan ikusiak genituen filmak berrikustea erabaki genuen. ETB2k gure haurtzaroan eraiki zuen atzealde hura. Gure aiton-amonek aukeratutako hondoa zen; garai hartan ez genuen barneratzeko interesik edo gaitasunik, baina bertan zeuden. Jolasten ginen bitartean, lurrean margotu edo programaz aldatu arte itxaroten genuen bitartean ikusten genituen western filmak.

Irudi haiek guztiak gure buruetan sartu, eta gure gogameneko tokiren batean ezkutatu ziren. Hau guztia belaunaldiko kontua da oso, baina, zergatik ez? Garai hartan txiki-txikiak ginen, eta, nolabait ere, hau da haiekin dugun harremana.

Ordu batzuez pantailan izaten zen gauza bakarra zen. Western filmak ETB2n. Euskal Herritik kanpo ere telebistan westernak jarriko ote zituzten galdetzen diogu gure buruari. Orain, modu batera edo bestera atzealdean egon diren irudiok berrikusi nahi ditugu.

John Wayne etorri zitzaigun gogora eta filmak aukeratzeko aitzakia bihurtu zen. Gerora desagertu eta basamortu bilakatu zen.

Saioan parte hartu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org 

EDUKIERA: 15 lagun gehienez.

Aizpea de Atxa (Iruñea, 1998), Akane Saraiva (Galdames, 1997). UPV/EHUko Arteko graduko lehen urtean ezagutu genuen elkar. Ordutik beti egon gara elkarrekin, elkarri laguntzen. Horren ondorioz, batak bestearen lan egiteko era ulertzen du. Ikus-entzunezkoetarako nolabaiteko joera dugu biok, eta, nahiz eta askotan gure iritziak bat etorri, bakoitzak egiteko eta ulertzeko bere modua du. Elkarrekin, bien arteko distantzian-distantziatik egiten dugu lan. Bien artean sortzen den espaziotik, horrela, bakarka sekula egingo eta lortuko ez genukena, elkarrekin burutzeko. 180 km / 2 ordu / hiri-autobus bat, lineako bat eta hiriarteko beste bat daude gure artean. Honek, elkar komunikatzeko eta partekatzeko moduan eragina du: bitartekari digitalen bidez linean mugaturiko fisikotasunak /edota espazio analogikoaren neurriek luzaturiko denborak zehaztua.