ZINEMA_ILEGALEKO 76. SAIOA

by

Manuelita Sáenz. La Libertadora del Libertador filmaren proiekzioa (Diego Rísquez, Venezuela, 2000, 97 min.). PedroMari Urrutikoetxeak proposatutako proiekzioa, eta, ondoren, solasaldia.

Espainiaren kolonialismoaren kontra eta independentziaren alde Latinoamerikan izan ziren borrokak gogora ekartzean, gutxitan aipatzen da emakumeek borroka horiei egindako ekarpena, baina ekarpenak egin zituzten. Esate baterako, indiar karibeek kolonialista iritsi berrien kontra egin zituzten lehen borroketan, Urquía kazike andreak zeregin garrantzitsua bete zuen buru militar gisa. Venezuelan, lehenengo mugimendu independentistetan, Luisa Arranbidek oso eginkizun garrantzitsua izan zuen. Espainiako agintariek atxilo hartu, biluzi, eta plaza batean jipoitu zuten jendaurrean, Caracas erdian. Independentziako Gerra garaian, Arismendi jeneralaren emaztea zen Luisa Cáceres atxilo hartu, eta tratu txarrak eman zizkioten Margarita uhartean (Venezuelan). Emakume batzuk gerrillako taldeen buru izan ziren; adibidez, Policarpa Salavarrieta Kolonbian, eta Juanita Azurduy Argentina eta Bolivia artean.

Alabaina, ziurrena, MANUELITA SÁENZ DE BERGARA AIZPURU izan zen denen artean garrantzitsuena. Manuelita Ekuadorren jaio zen; goi mailako funtzionario hispano baten berezko alaba zen. Aski heziketa konplexua jaso zuen urte haietan izateko, eta Quiton jarduten zuen mediku ingeles batekin ezkondu zen, Dr. Thorne-rekin. Independentziako Gerra hasi zenean, bete-betean sartu zen mugimendu horretan, eta, handik denbora gutxira, Simón Bolívar ezagutu zuen. Ordurako Bolívarrek urte batzuk zeramatzan alargun. Maitemindu egin ziren, eta harreman bizia izan zuten; hortik datorkio Manuelitari jaso zuen izengoitia: ASKATZAILEAREN ASKATZAILEA. Harreman horrek zortzi urte iraun zuen, Bolívarren etsaiak ziren oligarkak bera boteretik aldendu, eta Santa Martan bazter utzi zuten arte. Manuelita Paitara erbesteratu zuten, Peruko hegoko itsasaldean dagoen herri batera.

Handik hilabete gutxira Bolívar hil zen. Manuelita, berriz, hirurogeita bat urte bete arte bizi izan zuen erbesteko herrian, hantxe hil zen arte.

Ikusiko dugun filmak Manuelitaren bizitza kontatzen digu.

Ni PedroMari Urrutikoetxea naiz, euskalduna eta venezuelarra. Hogeita hamar urte baino gehiago dira Euskal Herrira bizitzera etorri nintzela, baina, hori baino lehenago, urte luzez bizi izan nintzen Venezuelan, eta hainbat mugimendu iraultzailetan parte hartu nuen 1964tik aurrera.

Beste herrialde batzuetan ere bizi izan naiz eta lan egin dut.

Film hau aurkeztu nahi dut, Manuelita ezagutzeko moduko pertsonaia bat delako.