ZINEMA_ILEGALEKO 109. SAIOA

by

Seven Women, Seven Sins (1986)* filmaren proiekzioa, Cecilia Hernándezek proposatua, eta, horren ondoren, solasaldia.

“Film bat egiteko, altxatu egin behar duzu”, dio Chantal Akermanek La Paresse filmean, film hau osatzen duten lanetako batean. Zuzendari horiek guztiak altxatu egin dira, baina aurrena bakoitzak oin desberdin bat jarri du lurrean.

Seven Women, Seven Sins filma gai jakin batek (zazpi bekatu nagusiak) elkartu eta egituratutako metodologien bilduma gisa gauzatzen da.

Laurogeiko hamarkadaren amaieran, zazpi emakume zinemagile eta artista deitu zituzten film antologiko bat egiteko. Hona hemen haien izenak: Helke Sanders, Chantal Akerman, Bette Gordon, Ulrike Ottinger, Valie Export, Maxi Cohen eta Laurence Gavron. Horietako bakoitzak ikus-entzunezko hainbat forma interpretatu eta proposatu zituen gaira hurbiltzeko, bideoperformancetik hurbil dauden ikuspegi esperimentalagoetatik hasi eta narratiba konbentzionalagoa duten praktika klasikoetaraino.

Begiratzeko, interpretatzeko eta gauzatzeko zazpi moduak elkarrekin, formatuak eta eszenografiak txandakatuz, beren garaiaren araberako erretratu bat proposatu zuten, gaur egun ere interesgarria dena, bere eklektizismoagatik. 1980ko hamarkadako bideokliparen mundutik hurbil dauden estetiketatik abiatuta, eta testigantza-izaerako ikus-entzunezko lan soil eta zuzenak, bideoperformanceak —non “ezer ez egitea” “dena egitea” den—, antzerki-izaera lausoko film labur klasikoak, eta irudi esperpentikoekin eta arreta handiz prestatutako attrezzoarekin eraikitako bakanal bisualak eginez, Seven Women, Seven Sins filmak aukera ematen digu zuzendari bakoitzarengana eta haien sorkuntza-metodologietara hurbiltzeko, modu iheskorrean, baina irmotasunez.

*Proiekzioa ingelesez izango da.

Cecilia Hernández (Madril, 2000) Bilbon bizi den ikertzaile eta artista da. Gaur egun, performatibitatea eta alde diskurtsiboa ikertzen ari da, imajinario bisualak eta gorputz eta hizkuntzaren artean ekiteko zubiak proposatuz.