Zinema_ilegala
ZINEMA_ILEGALEKO 106. SAIOA
by
Itziar Bilbao Urrutiak proposatutako The Wicker Man (Robin Hardy, 1973) filmaren proiekzioa, eta ondoren solasaldia.
2023. urtean izan da B serieko The Wicker Man film britainiarraren estreinaldiaren 50. urteurrena. Filmak arrasto sakona utzi du mundu anglosaxoian. 1970eko hamarkadan, Britainia Handiko kultura industriaurreko sustraietara begira jarri zen, eta galdutako folklorea berraurkitu eta, batzuetan, berrasmatu zuen. Eskoziako Summerisle uharte fiktizioan kokatzen da ekintza. Bertan, tradizio paganoek bizirik iraun dute, beren kultu exotiko guztiekin, zeinak batzuetan odoltsuak eta, jakina, sexualki askatuak diren (1970eko hamarkadaz ari gara). Filmak kolonialismo anti-zeltikoa eta modernitatearen aurreko isolamendu kulturala jorratzen ditu, beste gai batzuen artean; eta genero-nahasketa du bereizgarri: thriller bat da hasieran, baina folk horroraren arketipo bihurtzen da berehala. Zorroztasun akademiko zalantzagarriko mitologia konparatuko testuak erabiliz –hala nola James George Frazer-en The Golden Bough (1890) eta Robert Gravesen The White Goddess (1948)–, The Wicker Man filmak XX. mendearen lehen erdialdean sinkretismo erlijiosoarekiko izan zen obsesioa islatzen du. Summerisle uharteak eta Hierofante gisa agertzen den Christopher Lee bikainak sekula existitu ez zen paganismo paneuroparra berpizteko desira hori islatzen dute.
Filmaren ondoren, Itziarrek aurkezpen labur bat egingo du, eta The Wicker Man filmak ondoko filmetan —The VVitch (2015) eta Midsommar (2019)— eta artistengan —Jeremy Deller— utzitako kultura-ondarea erakutsiko du. Horrez gain, hizpide izango da britainiar konderrietan folk-sustraiak berpizteko oraingo interesa, batzuetan rave kulturarekin eta jaialdiekin lotuta, baita BBCk 1970eko eta 1980ko hamarkadetan egindako esperimentazioa ere, non magiak eta teknologia analogikoak bat egin zuten Penda’s Fen (1974), Quartermass (1979) eta pantaila txikirako beste film batzuetan. Horiek guztiek, The Wicker Man filmak bezala, erabat markatu zituzten beren estetikarekin haiekin hazitako belaunaldiak.
Itziar Bilbao Urrutia artista, aktibista eta pornografoaren lanak harreman arteko adierazpen erritualistak ditu ardatz, hala fetitxismoa —bere ikerketaren zati handi bat—, nola mendebaldeko tradizio esoterikoaren emaitzarik zalantzagarrienak, besteak beste, Frazer, Campbell eta Robert Gravesen mitografia konparatua. Sinkretismo erlijiosoaren bilaketa hutsala, mendebaldeko kultura osoko tradizio paganoak bateratu ditzakeen hari komun baten itxurakoa, askotan ideologikoa da, ia beti haluzinatzailea, eta gehiago dago interes indibidualen zerbitzuan —Lord Summerisle, kasu— kohesio kolektiboaren zerbitzuan baino.