ZINEMA_ILEGALEKO 105. SAIOA

by

Ander Amurizak proposatutako 開高健の モンゴル大紀行 filmaren proiekzioa eta, ondoren, solasaldia.

Ez dut hemen filmaren sinopsia idatzi nahi, aurkitutako gauza modura gustatzen baitzait, jarraibideen eskulibururik gabe. Hasiera batean, bideo hau jarri nahi izan dut, aukera ematen duelako bizitza sar dadin agertzen denean, eta ez haren irudikapen bat. Bizitza, hau da, eraikitakoa desegitean agertzen dena.

Filma proiektatzea pentsatzean, lehen arazoa zen nola hartuko zen, jendeak nahi izango ote zuen hor iraun; izan ere, film modura ulertzen badugu, gogorra izan daiteke arretari eustea. Arazo horren konponbidea da, nire ustez, saio honetan planteatutako konturik interesgarriena.

Etengabe etortzen zait burura arrantzatzearen konparazioa, estrategia gisa. Arrantza egitea modu bat da aurrean daukazunarekin, ibaiarekin, egoteko. Bideo hau proposatzen dut, ordu eta erdiz arrantza egitera joatea bezala.

Istorio bat, garapen bat… duen film konbentzional batean, ezin liteke arrantza egitera joan; arreta guztia jarri beharko litzateke filmean gertatzen den horretan. Normalean, pelikula batekin disfrutatzen da traman “sartzen” zarenean. Ahaztu egiten zaizu hor zaudela, pantailaren aurrean.

Hortaz, kontrakoa proposatzen dut. Nik eskaintzen dut filma ikustea berarekin batera bizitzen, arrantzatzen dugunean ibaia bezala; ibaia hor dago, eta durundi egiten du, baina egoeraren zati bat da, eta ez barruan “sartzeko” gauza. Espazioa osatzen duen elementua dela onartuz, jendea edo altzariak bezala. Zabaltzen dudan ibaiak promes bakarra egiten du: aldatzen egotea. Aldaketa egonkorra denez, ez dio gure arretari eutsiko denbora guztian.

Bideoaren soinua ere aldakorra da, baina aldatzean antzeman daiteke, zarata gris bat bezala. Bideoaren hizkuntzaren abantaila —hau da, japonieraren abantaila— da, guretzat esanahi ezagunik ez duenez, gure ibaiaren zarata bihurtuko dela, haizearen eta otsoen soinua bezala.

Sekula arrantza egin ez baduzue, jakin ezazue ibaian arrantzatzeko ez dela beharrezkoa arreta osoz egotea; aski da begi bat kanaberan jarrita edukitzea, aulkian patxadaz zauden bitartean. Bestalde, ez da kontu segurua arrain batek amuari helduko dionik. Laburbilduz, kanaberaren, ibaiaren eta zortearen araberakoa da.

Beraz, zorte on!

Ander Amuriza (Areatza, 1999). Gaur egun cowboy-film bat zuzentzen ari da.