ZINEMA_ILEGALEKO 103. SAIOA

by

Dys4ia (Anna Anthropy, 2012) + Behind Every Great One (Deconstructeam, 2018)

Koldo Gutiérrezek proposatutako (Trans)feminismo interaktiboei buruzko saioa.

Saio bikoitz honetan, bi bideojoko oso berezirekin jokatuko dugu. Feminismoa, zaintza eta antsietatea dituzte aztergai. Bideojokoek ere gaitasuna baitute sentipenak eta ideiak transmititzeko, beren istorioen eta, bereziki, mekaniken bidez. Tresna ezin hobeak dira enpatia sortzeko, beste pertsona batzuen azalean jartzeko, eta hasieran arrotz gerta dakizkigukeen errealitateak ezagutzeko. Aukera ematen digute arazo desberdinekin konektatzeko; eta saio honetan transexualitatea eta etxeko zainketak izango ditugu ardatz.

Etortzen diren pertsona guztiek jokatzeko aukera izango dute, ordenagailu eramangarria ekartzen badute. Gero, solasaldia izango da, eztabaidatzeko eta hausnartzeko.

Dys4iak (Anna Anthropy, 2012) esperientzia autobiografikoa kontatzen du, sortzaileak izandako generoko trantsizio-prozesu gogorraz. (Iraupena: 5 minutu)

Behind Every Great One (Deconstructeam, 2018) lanean, artista arrakastatsu eta egozentriko baten emaztea kontrolatzen dugu, haren zainketen ardurapean dena beti. (Iraupena: 30 minutu)

Koldo Gutiérrez kultura-arloko kazetaria eta narratiba interaktiboko irakaslea da.