Zinea eta egia Sarah Vanagt-en obran
Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 57. zenbakiko edizioak egindako gonbidapenari erantzunez, Bulegoa zenbaki barik arte- eta jakintza-arloko bulegoak Saio Berezia proposatu du Zinea eta egia historikoari buruz, Belgikako Sarah Vanagt (1976) zinegilearekin eta mintegi batekin, bere zinea egiteko eta ulertzeko moduan sakontzeko asmoz. Zortzi film laburrek osatzen dute saio honen programa. Horiek aditzera ematen dute gure artean oso ezaguna ez den zinegileak hamabi urtetan egindako ibilbidea (2003-2015). Hasiera batean helburua ofizialak ez diren istorioak dokumentatzea dela badirudi ere, benetako xedea honakoan datza: zineak beste baliabideren bidez transmititu ezin den errealitatea nola eraikitzen duen atzematean.
Bere lehenengo pelikulatik, Little Figures (2003), ikasketak zine eskolan amaitu eta urtebetera eginda, Vanagt-ek egia historiko baten bilaketaren atzean ezkutatzen diren eztabaidak ezagutzera eman nahi ditu, egia hori dokumental zinematografiko bat baliabide gisa tratatzen denean. Dokumental bat dirudi arren, bere pelikuletan haurren ahotsak oso garrantzitsuak dira. Ikusten dugu nola ahots horiek Historiari interpelatzen dioten, helduei liburuetan edo komunikabideetan ikasten den irudi gordinagoa eta zuhurragoa itzuliz.