Irakurketa taldeak, OHO
“Zer egin subsuntzio errealarenpean?”. Tailerra eta bilera
by
“Iraultzak ez du soilik izan behar langileek kapitala desjabetzea, ekoizteko baliabideak bahitzea, edo hori langileen izenean egitea. Iraultzak zuzenean suntsitu behar du erreprodukzioko harremana, langileak langile diren aldetik hori baitira eta hori bilakatzen baitira bertan –eta kapitala balioa balioztatzen den aldetik–. Iraultza komunista izango da edo ez da ezer izango. Horrela sortutako iraultzari ‘komunizazio’ esaten diogu guk”.
Endnotes: “Krisia klase-harremanean”
Aurtengo apirilean, irakurketa-talde bat jarri genuen abian, gure orainari buruzko kezka batzuei buruz hausnarketa egiteko elkarrekin. Gure hasierako asmoa izan zen kapitalismoaren egungo egoera hobeto ulertzen saiatzea, eta geure buruari galdetzea zein politika-mota izan daitezkeen kritiko, desiragarri eta eraginkor subsuntzio errealarenpean. Aldi berean, politika horiek gaur egungo praktika artistikoetan dituzten ondorioak ikertzen saiatu ginen. Ray Brassier filosofoak orain dela gutxi idatzitako “Wandering Abstraction” testua hartu genuen abiaburutzat, irakurketen eta eztabaiden kateari ekiteko. Testu horretan, Komunizazio eta Azelerazionismoaren joera teorikoak aztertzen eta zalantzan jartzen dira. Egungo marxismoaren bi joera heterodoxo horiek orainaz egin nahi dute gogoeta. Biak Marxengandik abiatu arren, zalantzan jartzen dute proletarioak subjektu iraultzailea direnik subsuntzio errealarenpean. Kasu horretan, komunizazioa ez dator bat Tiqqun edo Komite ikusezinak hitzaz egiten duen erabilerarekin; gehiago hurbiltzen da talde batzuek egiten duten teorizaziora, adibidez, Théorie Communiste, Endnotes, Blaumachen, Riff-Raff eta SIC- International Journal for Communisation taldeetara.
Bilera azaroaren 28an, 29an eta 30ean izango da, eta jarraipena emango die irakurketa-taldean hasitako hausnarketei. Parte-hartzaileak: Federico Corriente, Anthony Iles, Rob Lucas eta Zoe Sutherland (Endnotes), Anna O’Lory (SIC), Marina Vishmidt eta Ray Brassier. Loty Negartik eta Mattinek koordinatuko dute bilera, eta ingelesez izango da. Zuzenean ikusi ahal izango da streaming bidez, hemen: (http://www.tea-tron.com/teatron/TVTRON.do)
Bileran parte hartu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org.
Loty Negartiren eta Mattinen aurkezpen testua hemen deskargatu ahal dozu.
PROGRAMA:
Azaroaren 28a, ostirala
19:00-21:00. “Espainiako estatua eta teoria komunizatzailearen sorburuak: ultraezkerretik egungo unera”. Federico Corriente (gaztelaniaz)
Azaroaren 29a, larunbata
10:30-11.30. “Honek ez du ezer ekartzen ondorioz”. Anthony Iles
11:30-12.30. “Ezeztatzeko prozedurak: eta haien paradoxetako batzuk”. Marina Vishmidt
12:30-13:30. Eztabaida
13:30-15:30. Bazkaria
15:30-16.30. “Oroitzapenak”. Anna O’Lory
16:30-17:30. Ray Brassier-en erantzuna (bideoaren edo testuaren bidez)
17:30-18:30. “Osotasun faltsuek ez dute irtenbiderik”. Zoe Sutherland eta Rob Lucas
18:30. Eztabaida
Azaroaren 30a, igandea
11:00-14:00. Azken irakurketa-saioa taldeko parte-hartzaileekin eta txostengileekin.
“Espainiako estatua eta teoria komunizatzailearen sorburuak: ultraezkerretik egungo unera”. Federico Corriente
Testuak hiru zati ditu. Lehen zatiak komunizazioaren teoriaren sorburuak lantzen ditu, ultraezker historikoa abiaburutzat hartuta; bigarren zatiak lehen komunizatzaileek (gehienbat Dauvék) MIL – Askapenerako Mugimendu Iberiarrarekin eta Etcétera taldearekin izan zituzten harremanak aztertzen ditu; eta azken zatiak Espainiako egungo egoera ikertzen du azaletik, komunikazioaren teoria ezagutzera emateko.
“Honek ez du ezer ekartzen ondorioz”. Anthony Iles
Aspaldi honetan, subsuntzioa modu informalean erabiltzen da. Jendea, hau, hori, hura… gaur egun dena dago subsuntzioarenpean! Subsuntzioaren menpe-menpean, egia esan. Iraganean, alienazioa eta reifikazioa zernahitarako hitz bilakatu ziren; eta aldi berean gaur egungo ondoeza adierazten zutenez, haien berezitasuna galdu zuten era horretan. Alienazioak batez ere deskribatzen du langileak nola bereizten diren beren lanaren emaitzatik eta, beraz, beren jardueratik bertatik. Oinarrizko premisa hori eta kapitalak autonomizazio-prozesuak biziagotzearen ondorioz alienazioa areago zabaltzeko prozesua aski zentzugabeak dira berez. Beharbada, ez da beharrezkoa kontzeptu hori esparru existentzia batera hedatzea edo proiektatzea. Subsuntzioa “osoa” dela eta “iraultza jarraitua eta etengabe errepikatua” dela dioen proposizioaren arabera, kapitala istorio dinamikoa da, istorio horretan menderatzeko aldiak ez dira arian-arian garatzen. Saio honetan zehatz aztertuko dudanez, Theodor Adornok subsuntzioaz eta reifikazioaz egin zuen interpretazio emankorraren (txarraren) ondorioz, artearen autonomiaz teorizatuko duen ideia gaizki ulertuko da oro har. Ildo horretan, artearen heteronomiaz egingo dut eztabaida, eta subsuntzio errealaren baldintzapean hori ezabatzeko dauden ikuspegi arazotsuak aztertuko ditut.
“Oroitzapenak”. Anna O’Lory
Testu honek erantzuna ematen dio Ray Brassier-en “Wandering Abstraction” (“Abstrakzio alderraia”) saiakerari, komunizazioak dituen arazoei buruzko ikuspegi batetik abiatuta, Sic aldizkarian agertzen den moduan. Ez du Endnotes-en izenean erantzunik eman nahi, hori baita Brassier-en kritikaren helburu nagusia. Gehienbat bere saiakeran dauden osagai modernistez egin nahi du eztabaida, saiakera horrek, hemen argudiatzen denez, oztopoak baititu harreman sozial kapitalistei buruzko kritika sakonagoa egiteko.
“Ezeztatzeko prozedurak: eta haien paradoxetako batzuk”. Marina Vishmidt
Hitzaldi honetan, praktika eta pentsamendu politiko erradikaletako “auto-ezabaketa” nozioaren historia laburra landu, eta sakon aztertuko dugu “auto” aurrizkiak inflexio desberdinak hartu dituela feminismo materialistan, tradizio erradikal beltzean, eta komunizazioaren teorian eta bere hizketakideengan. Autoezabaketaren nozioa aski paradoxikoa izan da, aukera baina aldi berean oztopoa izan baita borrokaz teorizatzeko ahaleginei begira, dauden antagonismoen aukeren barruan eta beren mugen barrena edo inguruan.
“Osotasun faltsuek ez dute irtenbiderik”. Zoe Sutherland eta Rob Lucas
Lan-prozesua izan da kapitalak benetan subsumitu duen kontu bakarra. Subsuntzio hori ekoizpen kapitalistaren moldeak agertzean izan zen lehenengo aldiz. Hortaz, subsuntzio erreala eta kapitala, berez, oso antzekoak dira. Sorrera horrelakoa izan zela kontuan izanik, kapitalak lana subsumitzeko prozesuak aurrera egin du, eta, batzuetan, atzera ere egin du, oso eredu desberdinak izan baititu planetan barrena. Subsuntzioaz era zabalagoan eta gaurkotuagoan hausnartzeko ahaleginek lotura izan dezakete osotasun faltsuan oinarritutako errealitate sozialaren ontologizazio soil batekin. Horren arabera, osotasun soziala entitate berezi gisa agertzen da, eta bere funtsa edo bere abatarretako bat kapitala da inplizituki. Ontologizazio horren ondorioetako bat da aldaketa historikoari lotutako gaiak –sorrera, periodizazioa edo gainditze iraultzailea– aporia metafisiko bilakatzen direla. Aporia horiek tradiziozko buruhauste teologikoak bezain erakargarriak izan daitezke, eta haiek ere energia intelektualeko kopuru izugarriak kontsumiaraz ditzakete. Hala ere, buruhauste-joko horiek ez ditugu beti jokatu behar.
BIOGRAFIAK:
Ray Brassier filosofiako irakaslea da Beiruteko Unibertsitate Amerikarrean (Libano). Oraintsu atera dituen argitalpenen artean, hauek ditugu: “Hizketaldiak Suhail Malikekin”, hemen: Realism Materialism Art, C. Cox, J. Jaskey, S. Malik arg. (Sternberg, Berlin, inprimatzen); “A Speculative Autopsy”, Peter Wolfendale-ren Object-Oriented Philosophy: The Noumenon’s New Clothes liburuaren epilogoa (Urbanomic, Falmouth, 2014); “Prometheanism and its Critics”, hemen: Accelerate: The Accelerationist Reader, A. Avanessian eta R. Mackay arg. (Urbanomic-Merve Verlag, Falmouth-Berlin, 2014); “Genre is Obsolete”, hemen: Zarata eta Kapitalismoa, Mattin eta A. Iles arg. (Arteleku Audiolab, Donostia-San Sebastián, 2009); Nihil Unbound: Enlightenment and Extinction (Palgrave MacMillan, Basingstoke, 2007).
Federico Corriente (Kairo, 1965) itzultzailea da. Egile hauen lanak itzuli ditu, besteak beste: Guy Debord, Alèssi dell’Umbria, Lewis Mumford, William Morris, Henry James, Oscar McLennan eta Irvine Welsh. Komunizazioaren joerei buruzko testuak gaztelaniaz paratu dituen itzultzaile nagusia da, eta Endnotes taldearekin aritu da gehienbat.
Anthony Ilesek teoria eta fikzioa lantzen ditu, eta Londresen bizi da. Doktoregaia da Middlesexeko Unibertsitatetik, eta Mute / Metamute aldizkariko lankidea eta Anguish Language proiektuko editorea da (http://anguishlanguage.tumblr.com/)
Rob Lucas Endnotes taldeko kidea da.
Anna O’Lory SIC (International Journal for Communisation) aldizkariko kidea da.
Zoe Sutherland Endnotes taldeko kidea da.
Marina Vishmidt idazlea, editorea eta kritikaria da. Arteari, lanari eta balioari buruzko gaiak dira bere lanaren ardatza. Londresen bizi da, eta lan hauek egin ditu: Speculation as a Mode of Production (Brill, inprimatzen) eta A for Autonomy, Kerstin Stakemeier-ekin batera idatzia (Textem, inprimatzen). Aldizka, Anthony Iles eta Melanie Gillianekin batera idazten du. LABOUR, PERSONA, the WE Voice aldizkari feminista argitaratzen du, Melissa Gordon artistarekin batera. Besteak beste, argitalpen hauetan atera dituzte bere lanak: Mute, Afterall, Texte zur Kunst, ephemera, South Atlantic Quarterly, Parkett eta OPEN!. Bestetik, Anguish Language (Archive Books, inprimatzen) eta The Routledge Companion to Art and Politics (inprimatzen) bezalako katalogo eta liburuetako argitaratzailekidea izan da. Teoria irakasten du Dutch Art Institute-n, eta eskolak eman ditu Berlingo Arteen Unibertsitatean, Londresko Central Saint Martins-en eta Goldsmiths-en, eta Kopenhagen eta Stockholmeko errege-akademietan. Artistek kritika- eta erakusketa-guneetan kudeatzen dituzten ikus-entzuneko proiektuetan hartu du parte aspaldi honetan, esate baterako, zinema feministako Cinenova banatzailearekin eta Full Unemployment Cinema-rekin.