“Women’s Audio Archive”. Marysia Lewandowska

by

Women’s Audio Archive lanean, 1984. urtean bere herrialdea utzi ondoren Marysiak egin zituen audio-grabazioak daude bilduta. Zinta horietan, ekitaldi publikoak, mintegiak, hitzaldiak, biltzarrak eta elkarrizketa pribatuak jaso dira. Garai bateko diskurtso bereziaren erakusgarri baliotsua dira, 1983. eta 1990. urteen arteko garaiarena. Lewandowskaren ustez, sasoi horretan, October aldizkariaren inguruan zeuden artistak eta akademikoak, eta bilera feministak ziren nagusi. Bilera horietan, honako hauek hartu zuten parte, besteak beste: Judy Chicago, Mary Kelly, Barbara Kruger, Yvonne Rainer, Jo Spence, Nancy Spero eta Jane Weinstock. Bestalde, artxibo honetan, beste artista eta akademiko batzuekin izandako hizketaldiak jaso ditu; hain zuzen, honako hauekin izandakoak: Benjamin Bucloh, Victor Burgin, John Cage, Allan Kaprow, Tom Lawson, Les Levine edo Peter Wollen.

Lewandowskaren ustez, lurralde ezezagun batean aukera berriak ikertzeko modu bat da audio-grabazioa. Ildo horretan, ezagutzaren ekoizpena eta grabatzen dituen pertsonekiko harremanen eraikuntza aztertzen ditu. Lewandowskak alderdi hauek hartzen ditu ardatz gisa: irudikapenaren boterea, jatorrizkoaren ideia eta irudien manipulazioa, eta horrek guztiak zer-nolako eragina duen bere pertzepzioan, historia nola eraikitzen den, agiriak nork artxibatzen dituen edo agiriak nork dituen eskuragarri ikertzen duenean.

Artxibo honen bidez sortu nahi duen bilduma elkargune bat da, eta ikusmen-baliabideen tradizioan emakumeek izan duten historia garatu nahi du, grabatutako elkarrizketen bidez.
http://www.marysialewandowska.com/waa/

Marysia Lewandowska Londresen bizi den artista poloniar honek artxiboek, bildumek eta erakusketek duten eginkizun publikoa aztertu du, pribatizazio geldiezina nagusi den garai honetan. 1995. eta 2008. urteen artean, Neil Cummings-ekin aritu zen lankidetzan, eta proiektu hauek landu zituen: The Value of Things, Give & Take, Capital inaugurating Contemporary Interventions saila Tate Modern-en, eta Enthusiasm. Hona hemen Marysiak egin dituen beste lan batzuk: Screen Tests, Social Cinema, Generosity Broadcasting House, Post-production, Museum Futures: Distributed eta Tender Museum.

Gaur egun, Women’s Audio Archive, Our Radical Parents eta Casting proiektuekin ari da, hizketak aitortu gabeko ezagutzarako leku gisa duen zilegitasuna aztertzen. Ikusmen-arteen irakaslea da Stockholm-eko Konstfack-en, eta hor proiektu hau sortu du: Timeline: Artists’ Film and Video Archive.

Argibide gehiago izateko:
www.marysialewandowska.com
www.chanceprojects.com
www.enthusiastsarchive.net

Montehermoso Kulturuneak parte hartu du artxibo-proiektu hau ekoizteko eta bere edukien zati bat digitalizatzeko lanean, 2011. urtean kulturunean aurkeztu ahal izateko.