V. TOPAKETA: Erakusketaren saioa (1977-2017)

by

  • Waaberi taldea FESTAC ’77 jaialdian

  • Arantza Santesteban: 918 GAU (2021). Still

  • Azar Mahmoudian (2022)

2023ko otsailaren 8-9an, AZKUNA ZENTROAN.

Erakusketaren saioa (1977-2017). Komisariotzari buruzko nazioarteko sinposioa. Bosgarren eta azken topaketa.

Erakusketaren saioa (1977-2017) Azkuna Zentroak eta Bulegoa z/b ekimenak elkarlanean landutako proiektu bat da. Haren bidez, 1977. eta 2017. urteen artean izandako erakusketa zehatz batzuk aztertu nahi dira.

Orain arte lau topaketa egin dira. Lehena, 2016. urtean, hitzaurrearen formatuan; eta beste hirurak, 2017, 2019 eta 2020. urteetan, 1977 eta 1987 urteen arteko, 1987 eta 1997 urteen arteko eta 1997 eta 2007 urteen arteko hamarkadei eskainiak, hurrenez hurren.

Bosgarren eta azken topaketa 2023ko otsailaren 8tik 9ra izango da, 2007-2017ko hamarkadako kasuak izango ditu aztergai, eta amaiera emango dio komisariotzaren sinposioari. Topaketa hau ariketa kolektibo baten gisakoa izango da, etorkizuna eta erakusketaren etorkizuna irudikatzeko.

Hizlari gonbidatuak: Sagal Farah, Anik Fournier, Azar Mahmoudian, Arantza Santesteban, Graeme Thomson eta Silvia Maglioni, McKenzie Wark.

Komunikazioak: Uxue Pellejero, Andrea Rodrigo, Anja Isabel Schneider.

PROGRAMA*

Asteazkena, Otsailak 8a, 2023
11:30-13:30. Komunikazioak:
Uxue Pellejero: Nexos y relaciones entre agentes artísticos y reconversiones urbanas en los barrios bilbaínos de San Francisco y Zorrotzaurre
Andrea Rodrigo: Amarre
Anja Isabel Schneider: “Ten Years After Seattle: One strategy, better two (…)”

16:00. Aurkezpena
16:30. McKenzie Wark: Cis begirada eta bere besteak
17:30. Sagal Farah: FESTAC ’77
18:30. Arantza Santesteban: Narratiba militante lekualdatuak: zalantza besarkatzea leku politiko gisa
19:30. Solasaldia

Osteguna, Otsailak 9a, 2023
16:00. Aurkezpena
16:30. Anik Fournier:  If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution
17:30. Azar Mahmoudian: Zoru, esku-ahur eta apar bilakatzea
18:30. Graeme Thomson + Silvia Maglioni: Dark Matter Cinema Tarot
19:30. Solasaldia

*Aldibereko itzulpena euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Prezioak kontsultatzeko, sakatu hemen.

ERAKUSKETAREN SAIOA (1977-2017)
Erakusketa espazio fisiko zehatz batean aldi batez bildutako objektuen multzoa da. Bisitatzen duenak bere espazio-denborazko esparru bera betetzen duten formekin eta artefaktuekin egiten du topo. Egoera horrek aukera ematen dio ikusleari espazioan barrena ibiltzeko eta ibilbideak marrazteko, bere gorputzaren eta objektu horien arteko topaketa zuzena izateko baina bitartekotzarekin. Espazio-denborazko esparru horretatik bertatik hedatzeko eta gainezka egiteko aukerak dituen gailua ere bada erakusketa.

Erakusketaren ondoan, saioa dago. Termino polisemiko bat, alde batetik, testu bati buruzkoa, izaera gogoetatsu edo diskurtsiboko literatura-lan bati buruzkoa, eta, bestetik, frogatze bati buruzkoa, prozesu esperimental bati buruzkoa. Komisariotzaren mintegiaren izenburuak –Erakusketaren saioa (1977-2017)– objektu beraren bi adiera aipatzen ditu horrela: erakusketa pentsamendua sortzeko leku gisa eta proben eremu gisa.

Erakusketaren saioa 1977-2017 mintegiaren helburua berrogei urteko epean egin diren erakusketak aztertzea da. 2016 eta 2023 artean egindako bost topaketen bidez, hogeita hamar irakurketa baino gehiago bildu dira, historia hurbileko hainbat erakusketari buruz. Irakurketa horiek aukera ematen dute erakusketaren hainbat alderditara hurbiltzeko: erakusketaren baldintza historikoak islatzen dituen eta horiei erantzuten dien objektu kulturala, hartzen dituen irudikapenak legitimatzen dituen forma instituzionala, etenak sortzeko eta arreta-uneei bide emateko moduko gailu iragankorra…

LAUGARREN ETA AZKEN HAMARKADA: 2007-2017
Erakusketaren saioa (1977-2017) mintegiaren bosgarren edizioak amaiera emango die erakusketa zehatzen azterketan ardaztutako topaketei. Mintegia bi datek markatutako aldi batean zentratzen da: alde batetik, 1977a, Franco “Bifo” Berardiren hitzetan, “etorkizunaren ondokoari” hasiera ematen dion urtea; bestetik, 2017a, 2023tik ikusita, urrun bezain hurbil dagoen data.

Bosgarren eta azken edizio hau 2007 eta 2017 arteko urteei eskainia dago. Edozein periodizazio artifiziala eta arbitrarioa da nahitaez. Hala ere, hamarkada bat dator krisi globaleko une batekin, hain zuzen, paradigma berria deitutakoaren hasierarekin, 2007-2008ko finantza-krisiarekin abiatua, hurrengo hamarkadaren hasierako herritarren protesta-mugimenduekin jarraipena duena –Udaberri arabiarra, 15M, Occupy Wall Street– eta Donald Trump 2017an Estatu Batuetako presidentetzara iristearekin amaitua.

Ezegonkortasun eta aldaketen bizkortzearen aldi horretako beste gertakari aipagarri batzuk laugarren bolada feminista, Black Lives Matter eta LGTBI+ mugimenduaren garapena dira. Urte horietan, migrazio-krisia larriagotu egin da –eta, ondorioz, Iparraldeko estatuen mugak itxi–. Era berean, krisi klimatiko, ekologiko eta energetikoa okertu da, aro digitaleko kapitalismoaren hedapenaren mugak ere agerian utziz.

Erakusketaren saioa (1977-2017) mintegiaren bosgarren eta azken edizio honek erakusketaren figura jorratuko du, kultura-objektu iragankor horrek egiten duen bezala, denboran zesurak sortzeko. Zesurak eta etenak, pentsatzeko modua ematen dutenak. Erakusketei buruz pentsatzeko eta haiekin pentsatzeko. Ariketa kolektiboa egin, etorkizuna eta erakusketaren etorkizuna irudikatzeko.

HITZALDIAK

McKenzie Wark: Cis begirada eta bere besteak
Beharbada, orain artista transgeneroen lan gehiago erakusten ari dira, baina, beharbada, horrela, artea eta artista transgeneroak aurretik zegoen pertzepzio-modu baten barruan sartzen ari dira. Zer esan nahiko luke arte osoa trans ikuspegitik ikusteak? Proiektu hori hasi beharko litzateke cis begiradari kritika eginez: genero esleitua duen subjektuaren eredu estandarraren bidez mundua ordenatzen duen begiratzeko modu bat, eredu estandarraren anomaliak exotiko, komiko edo arriskutsutzat hartzen dituena. Beharbada, aukera izango dugu beste ikuspegi bat garatzeko, trans artistek beren praktikan cis begirada negoziatzeko duten moduetan oinarrituta.

Sagal Farah: FESTAC ’77
1977ko urtarrilaren 15etik otsailaren 12ra bitartean, Afrikako 56 naziotako eta bertako diasporetako kulturako profesionalak Nigeriako Lagos hirira joan ziren, FESTAC ’77, Arte eta Kulturako Munduko Bigarren Jaialdi Beltz eta Afrikarrean parte hartzeko. Entzute-saio honetan, Farahk 1977ko jaialdian Somaliak egindakoaren zati batzuk partekatuko ditu, baita bere esperientzien artxiboa ere. Zer esan nahi du, gorputzaren artxiborako eta ezagutzaren belaunaldien arteko transmisiorako, industria diskografikoaren berrargitalpenetan hain sarri erabiltzen den galeraren hizkuntza erabiltzea oraindik ere entzuten duen/zuen eta dantzatzen duen/zuen belaunaldiaren gogo, gorputz eta espirituetan bizirik dirauen musikaz hitz egiteko?

Arantza Santesteban: Narratiba militante lekualdatuak: zalantza besarkatzea leku politiko gisa
XX. mendetik jasotako narratiba militante nagusiek, beren kontakizunen zati bat eraikitzeko, formula diskurtsiboak erabili dituzte, maiz dikotomikoak eta absolutuak, eta, horrela, alde batera utzi dute zalantza, anbiguotasuna edo kontraesana ahalmen politiko handiko espazio gisa aldarrikatzeko aukera. Posible al da leku politiko bat besarkatzea, lekualdatze horiei aurre eginez? 918 GAU filma egiteko prozesutik abiatuta, zenbait auzi jorratuko dira, gaur egun agentzia politikoa lortzeko dauden beste forma batzuei buruz eztabaidatzen laguntzeko.

Anik Fournier: If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution
If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (2005-gaur egun) erakundeak arte garaikideko performancearen eta performatibitatearen bilakaera eta tipologiak aztertzen ditu. Bere berezitasuna da, batetik, epe luzeko lankidetzak dituela artista eta ikertzaileekin, obra berriak garatu, ekoitzi eta aurkezteko, eta, bestetik, aurkezpen-espazio finkorik gabe jarduteko duen modua, “agertokia” eta kasu bakoitzean hobeki egokitutako baldintzak bilatuz. Era berean, espazio- eta denbora-esparru hedatu horretan, hainbat galdera sortzen dira, proiektu bakoitzean zer eta nola artxibatu behar den jakiteko. Aurkezpenean, ekoizpen zahar eta berri batzuk ardatz gisa hartuta, If I Can’t Dance-ren artxibo-metodologia batzuk argituko dira, eta berariaz azpimarratuko da lan baten bizimoduak nola pizten dituen galderak performanceari eta performatibitateari buruz eremu hedatu batean.

Azar Mahmoudian: Zoru, esku-ahur eta apar bilakatzea
Bereizitako gizarte batean, burbuila batean bizitzea banandutako esperientzia bat da. Isolamenduak auto-baieztapeneko eta hazkuntzako espazioak sor ditzake, murrizketa eta ezabatze sistematikoen aurrean. Kultura-azpiegiturez gogoeta egiten denean, zer ikas daiteke isolamendua, ikusezintasuna edo anonimotasuna behar duten lan-baldintzetatik? Askotan prekarietatearekin lotuta egon arren, muga horien praktika jarrera indartsu gisa ere uler daiteke, arte-sistemako erregimen normatibo katastrofistak eteteko gai dena, sortzen dituzten ikusgarritasun-ekonomien eta soziabilitate-moduen bidez.

Esku-hartze honek barne mugimendu horiek eragin ditzaketen garapenei buruz espekulatzen du: existitzen dena onartzea, itunetan konfiantza izatea eta historiarekiko harremanak birformulatzea. Hizpide izango dut kontu horiek nola adierazten duten nire praktika kuratoriala, auto-antolaketaren bidez, ikasketa kolektiboko espazioen bidez, eta, behar denean, erakusketak egiteari utziz.

Graeme Thomson & Silvia Maglioni: Dark Matter Cinema Tarot: Gaueko Batzordea Bilbon
Dark Matter Cinema Tarot (Materia Ilunaren Zinemaren Tarota) modu bat da, irudi zinematografikoen bidez, esperientziaren eta ikerketaren esparru pertsonal, estetiko eta politikoak lotzen dituzten behe-pertzepzioko kanal berriak irekitzeko. Tarot DMC sortzean, Silvia Maglionik eta Graeme Thomsonek 78 arkano nagusi eta txikiak ordezkatu dituzte, zinemaren historiako fotograma hautatu batzuekin. Tarot-botaldi bakoitzak gaueko batzorde bati deitzen dio: parte-hartzaileek gori dagoen galdera bat egiten diete kartei eta modu kolektiboan “irakurtzen” dituzte, beren etorkizun eta iraganeko irudipenak, hipotesiak, fabulazioak, narrazio espekulatiboak eta oroitzapenak partekatuz. Tarot DMC obra eta tresna da aldi berean, eta, espazio bat zabaltzen du eztabaidaren, performancearen eta erakusketaren artean, kartak eta horien argazki- eta testu-arrastoak irakurriz.

BIOGRAFIAK

McKenzie Wark idazle eta akademiko bat da, Australian jaio eta New Yorken egoitza duena. Honako hauek dira espainierara itzulitako liburuak: Un manifiesto hacker (Alpha Decay), La playa bajo la calle (Hermida), El capitalismo ha muerto (Holobionte) eta Vaquera Invertida (Caja Negra). Raving da haren libururik berriena, eta Duke University Pressek argitaratu du.

Sagal Farah (Mogadiscio, Somalia) SAVVY Contemporary – The Laboratory of Form-ideas-eko (Forma-ideien laborategiko) komisarioa da Berlinen (Alemania), eta irakaslea Dutch Art Institute-ko Roaming Academy-n (Akademia ibiltarian).

Arantza Santesteban Perez (Iruña, 1979) historialari, zinemagile eta ikertzaile independentea da. Historian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Bartzelonako Francesca Bonnemaison zentroan osatu du ikus-entzunezko arteetako prestakuntza Sormenezko dokumentaleko diplomaturarekin. Besteak beste, Passatgeres (2012), Euritan (2017), 918 GAU (2021) eta Liluraren kontra (2021) filmak zuzendu ditu. 2019az geroztik, doktorego-tesia prestatzen ari da Lisboako Arte Ederretako Unibertsitatean, Susana de Sousa Dias eta Ana Longonirekin, zinema-irudikapena, feminismoa eta euskal gatazka politikoa lotzen dituzten gaiak ikertzen.

Anik Fournier If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution (Amsterdam) erakundearen Artxibo eta Ikerketako irakaslea, eta arte garaikidearen teoriako irakaslea da ArtEZen, Base for Experiment Art and Research-en (Arnhem, Holanda). Gaur egun, soinuaren eta entzumenaren metodologiak ikertzen ditu arte performatiboaren eta pedagogiaren arloetan, eta haietaz idazten du, funtsezko guneak baitira ezagutza gorpuztuaren formak gorde eta transmititzeko.

Azar Mahmoudian kuratore independente eta hezitzailea da. Bere programa berrienen artean, Sensible Grounds (2021) zinema-programa dago, besteak beste, honako kapitulu hauek izan zituena: Communities of Oblivion (Betonsalon, Paris), Inhale (Fundació Antoni Tàpies, Bartzelona) eta Tuning into the Rhythms of the Chronic (Nida Art Colony, Nida). 2019an, When Legacies Become Debts (The Mosaic Rooms, Londres) komisariatu zuen. 2010. eta 2015. urteen artean, Teherango kaf gune kolektiboa zuzendu zuen, eta 2021eanThe Summer School: For a Summer Yet to Come abiarazi zuen Teheranen.

Graeme Thomson & Silvia Maglioni zinemagile eta artistak fikzio eta dokumentalaren, zinema esperimental eta instalazioaren, zarata eta musikaren, ikusgarri eta ikusezinaren artean dauden muga porotsuak aztertzen dituzte beren lanean. Beren praktikaren barruan honelakoak sortzen dituzte: filmak (laburrak eta luzeak), instalazioak hainbat bitartekotan, soinu-piezak, film-performanceak, irratsaioak, herri-teknologiak eta liburuak. Sarritan, zinema erabiltzen dute galdutako edo ahaztutako artxibo eta istorioak berpizteko eta ber-sorginkeriak eta irudipen kolektiboak egiteko modu berriak sortzeko. Literatura, filosofia, musika eta zientziarekin hizketan, beren lana ikerketan oinarritzen da, prozesura bideratuta dago eta diziplinaz gaindikoa da. Mundu osoko jaialdi eta museo handietan proiektatu, aurkeztu eta instalatu da beren lana. Gaur egun, Paris eta Palermo artean bizi dira.

www.azkunazentroa.eus