Erakusketaren saioa
IV. TOPAKETA: ERAKUSKETAREN SAIOA (1977-2017). KOMISARIOTZARI BURUZKO NAZIOARTEKO SINPOSIOA
by
2020ko urriaren 21etik 22ra, Azkuna Zentroan.
Erakusketaren saioa (1977-2017) Azkuna Zentroak eta Bulegoa z/b ekimenak elkarlanean landutako proiektu bat da. Haren bidez, 1977. eta 2017. urteen artean izandako erakusketa zehatz batzuk aztertu, eta saioaren ideiarekin duten harremana ikertu nahi da. Horretarako, nazioarteko topaketa batzuk izaten ari dira, bakoitza hamarkada batean ardaztuta.
Orain arte hiru topaketa egin dira. Lehena, 2016. urtean, Hitzaurrearen formatuan; eta beste biak, 2017. eta 2019. urteetan, 1977. eta 1987. urteen arteko eta 1997. urteen arteko hamarkadei eskainiak, hurrenez hurren.
2020ko topaketa urriaren 21 eta 22an izango da, eta aurrez aurre edo online parte hartzeko aukera izango da. Topaketa honek 1997-2007 hamarkadako kasuak aztertuko ditu.
Gonbidatutako sei txostengileez gain, hiru komunikazio aurkeztuko dira. Urriaren 6, 7, 13 eta 14an tailer bat egingo da, sinposioko edukiekin zerikusia duten materialak lantzeko. Tailerreko lau saioetako bat Peio Aguirrek koordinatuko du.
HIZLARI GONBIDATUAK: Ana Dević, Yaiza Hernández, Lisette Lagnado, Maria Lind, Ruth Noack, Azucena Vieites.
KOMUNIKAZIOAK: Ieva Astahovska, Carmiña Dovale Carrión, Jone Alaitz Uriarte.
III. HAMARKADA: 1997-2007
Erakusketa espazio fisiko jakin batean bildutako objektu-multzoa da. Bisitatzen duenak bera dagoen espazio-denborazko esparru bera betetzen duten formekin eta artefaktuekin egiten du topo. Egoera horrek aukera ematen dio ikusleari espazioan barrena ibiltzeko eta ibilbideak marrazteko, bere gorputzaren eta objektu horien arteko topaketa zuzenean bitartekari aritzeko. Espazio-denborazko esparru horretatik bertatik hedatzeko eta gainezka egiteko aukera ematen duen gailua ere bada erakusketa.
Laugarren topaketa honek aztergai dituen urteak bat datoz teknologia digitalak garatzeko, globalizazio-prozesua bizkortzeko, eta, orobat, horiek artearen testuinguruan eragiteko funtsezkoa izan zen une batekin. Erakusketa-gailuaren potentziala praktikan jartzeko urteak ere badira. Normaltasun Berriaren testuinguruan egingo den laugarren topaketa honetan, praktikan jartze horietako batzuk aurkeztuko dira. Adibide horietan, erakusketa tresna kritiko gisa agertzen da, gurutzatzeko eta elkargune publiko bat sortzeko helburua duen makina diskurtsibo gisa.
PROGRAMA*
Asteazkena, Urriak 21a:
16:00. Aurkezpena
16:30. Maria Lind. A Fiesta of Tough Choices.
17:30. Yaiza Hernández Velázquez: Ilunpeen bihotzean
18:30. Ana Dević: An Artist Who Cannot Speak English Is No Artist
19:30. Solasaldia
Osteguna, Urriak 22a:
11:00-14:00. Komunikazioak:
Ieva Astahovska: Exhibitions in Central and Eastern Europe and their role in construction/deconstruction regional identities
Carmiña Dovale Carrión: El tiempo de Esther Ferrer
Jone Alaitz Uriarte: Radiodays. What Happens When Viewers Become Listeners?
16:00. Aurkezpena
16:30. Ruth Noack. Woven Narratives – On documenta 12 and some of its interlacings
17:30. Azucena Vieites: Low-fi praktika artistikoak 1990eko hamarkadako euskal eszenan
18:30. Lisette Lagnado: Sao Pauloko Biurtekoa, nazioartekotzearen eta arrazoibide-emantzipazioaren artean
19:30. Solasaldia
*Aldibereko itzulpena euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez
PREZIOAK:
Prezioak kontsultatzeko, sakatu hemen.
HITZALDIAK
Maria Lind. A Fiesta of Tough Choices
A Fiesta of Tough Choices (Hautu zailetako festa) erakusketa bat eta bi mintegi izan ziren, jaialdi gisakoak, eta 2006an egin ziren, Stockholmeko Iaspis egonaldien programaren barruan. Suediako gobernuak 2006. urtea kultura-aniztasunaren urtea izendatzearen ondorioz jaio zen proiektu elastiko eta ausart hau, eta erantzuna eman nahi zien postkolonialismoarekin, artearekin eta estatu-egiturekin zerikusia zuten galderei. Tirdad Zolhgadr-en eta Maria Linden komisariotza ez zen egokitzen ez erakusketa-formatura, ez ohiko sinposio klasikora, mugak eta kategoriak gainditzen baitzituen. A Fiesta of Tough Choices atzera begiratzeak esan nahi du gure oroimenak izan dezakeen epe laburreko izaera eta alde txarra onartzea, eta artxiboak zer hauskorrak diren jakitea, baita estatuak kudeatzen dituenean ere.
Yaiza Hernández Velázquez: Ilunpeen bihotzean
Las Palmas Kanari Handiko Arte Modernoaren Zentro Atlantikoan (CAAM) inauguratu zen 2004an Ilunpeen bihotzean erakusketa; urte horretan jarri zen abian Mugak eta kostak zaintzeko Europako agentzia (Frontex) eta prentsa nazionalak “kaiukoen krisia” deitu zuena hasi zen Kanarietan garai horretan. Komisarioen arabera, erakusketaren xedea zen kolonialismoa indarrean zela nabarmentzea Joseph Conradek Ilunpeen bihotzean eleberria argitaratu zuenetik 100 urtera. Erakusketa jendaurrean egona zen Bartzelonako Palau de la Virreinan inolako gorabeherarik gabe eta CAAMek inoiz antolatu zuen erakusketarik garestienetakoa eta teknikoki konplexuenetakoa zen arren, itxiera-data bat-batean aurreratu zen eta 29 egunez baino ez zen egon irekita. Yaiza Hernández Velázquez CAAMeko komisarioa zen garai hartan, erakusketaren ekoizpena koordinatu zuen eta saio honetan episodio haren berri emango digu bere oroimen (txarra), artxibo ofizialak, hondar digitalak eta elkarrizketa pribatuak oinarri hartuta. Besteak beste, ariketa honen bidez galdera hauek egiten saiatuko da: erakusketa baten mugak non dauden, zer esan nahi duen bere historia idazteak eta nondik egin daitekeen.
Ana Dević: An Artist Who Cannot Speak English Is No Artist
Aurkezpen honetan, Mladen Stilinović (1947-2016) artista kontzeptual kroaziarraren An Artist Who Cannot Speak English Is No Artist (Ingelesez hitz egiten ez duen artista bat ez da artista, 1992) lan ikonikoaz baliatzen naiz, aurreko hamarkadetako prozesu sozialen eta kulturalen alderdi batzuk gogora ekartzeko, Ekialdeko Europa izenez ezagutzen denaren testuinguru geopolitikoan eta testuinguru horretatik harantz. Stilinović-en lanak modu ironikoan aipatzen du Ekialdeko Europako kultura-langileak zuen jarrera Mendebaldeko Europako demokraziaren “kontinentean” birsartzeko unean, eta, aldi berean, birkonfigurazio geopolitiko desberdinak adierazten ditu, zeintzuen bidez kultura bitarteko gisa erabili baita mendebaldeko kapitalismo liberalaren estandarrak herrialde sozialista zaharrei “aurkezteko”. Stilinović-ek bizitza osoan izan zuen jarrera antisistemikoa, konbentzio sozialen eta artistikoen kontra egin zuen matxinada isila eta zorrotza, eta bere praktika artistikoa inspirazio-iturri izan ziren mundu osoko artisten eta komisarioen belaunaldi batentzat, WHW barne hartuta. Sortu zen Ekialdeko Europaren testuingurutik harantzago baliagarria, An Artist Who Cannot Speak English Is No Artist adierazpenak azpimarratzen ditu kultura-integraziorako eta -irudikapenerako mekanismo konplexuak eta horiek komisariotzaren erantzukizunarekin eta etikarekin duten erlazioa. “Iraupen luzeko” gai errepikakor horiek xehe aztertuko ditut aurkezpenean, eta arreta berezia jarriko dut azpiegitura, partidismo eta kolektibitateari lotutako gaietan, bai eta komisariotzaren bidez jakintza kritikoa sortzeko prozesuetan ere.
Ruth Noack: Narratiba ehunduak: documenta 12 erakusketari eta haren elkarlotura batzuei buruz
Hitzaldi honetan, ehuna erabiliko da documenta 12 nola egin zen kontatzeko baliabide moduan. Horren baitan erakutsi nahi da feminismoak erakusketako kuratore ikuspuntua zer eratara jantzi zuen. Ikusleei han kontatutako istorioak ehuntzeko eta elkar josteko aukera emango dien testura narratiboa sortzen nola saiatzen garen azaldu.
Azucena Vieites: Low-fi praktika artistikoak 1990eko hamarkadako euskal eszenan
Musikaren bidez, low-fi terminoa ezagutzen dugu, behe fidelitateko grabazio-bitartekoekin egindako soinu-mota. Ildo horretatik, artista askok erabili dituzte low-fi baliabide horiek, merkeak eta eskuragarriak direlako, eta, gainera, uste dutelako lortutako emaitza “benetakoagoa” dela, hau da, zuzenagoa, “errealagoa” edo “gutxiago ekoitzia”. Era berean, dinamika horiei esker, autonomia-maila handia lortu da sorkuntza-prozesuetan, eta lan independenteagoa egin da. Low-fi terminoa Do It Yourself kulturaren jarrera eta filosofia esanguratsu bati lotuta dago. Artearen munduan musikaren testuinguruan koka daitezkeen praktikak identifikatuko dira, baita haien ondorioak, tekniken edo egiteko moduen garapena, genealogiak eta pentsamendu feministarekin eta genero-politikekin dituzten loturak ere. Irudien eta testuen bidez, esku-hartzeak laurogeita hamarreko hamarkadaren lehen urteetan ibilbidea hasi zuen euskal artearen eszenari begiratuko dio. Egoera sozial, kultural eta historiko jakin batean geldituko da, eta aurrekarietan ere bai, faktore garrantzitsua baita nire artista-belaunaldiaren obran ekoizpen-modu bereizgarriak abian jartzeko.
Lisette Lagnado: Sao Pauloko Biurtekoa, nazioartekotzearen eta arrazoibide-emantzipazioaren artean
1951n sortu zenetik, Sao Pauloko Biurtekoa Latinoamerikako ekitaldi nagusi bihurtu zen, Brasil modernizatzeko asmo handiko plan baten barruan. 1960an Brasilia hiriburu berria inauguratu zenean, 1964an kolpe militarra izan zen jarraian, eta kulturako eztabaidaren ardatza naziogintzaren eta nazioartearen arteko gatazka izan zen. Gatazka hori UNE Uniao Nacional dos Estudantes-ekin lotuta zegoen Kulturako Herri Zentroaren (CPC) jarrerak areagotu zuen.
Laurogeiko hamarkadan, Brasilen demokraziarako trantsizio garaia hasi zen, eta Berlingo harresia botatzearekin eta Gerra Hotzaren amaierarekin itxi. Laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaerara arte, Sao Pauloko Biurtekoa birformulatzeko lanean parte hartu zuten kritikari eta komisario nagusiek (Aracy Amaral, Walter Zanini, Sheila Leirner eta Paulo Herkenhoffek) Brasilgo artea nazioartekotzeko proiektuaren bertsio kontrajarriak proposatu zituzten.
2005ean, Sao Pauloko 27. Biurtekoaren komisario posturako lehiatzera gonbidatu ninduten, eta proposamen kontzeptual bat aurkeztu nuen, Helio Oiticicaren “Ingurumen programan” inspiratua, premisatzat hartuta ekitaldiak “herrialdekako ordezkaritza ofizialen” eredua alde batera uztea. Helio Oiticica (1937-1980) artistaren jarrerak kontrapuntu funtsezkoa eskaini zion arte “unibertsal” izenekoari, abangoardiako programa bat (brasildarra) proposatuz; herri adierazpenetatik eta faveletako arkitekturatik hartutako hainbat dinamika sozial bildu zituen, Tropicália lanean bereziki (1967). Nola lortu zuen Como Viver Junto (2006) biurtekoak arte hegemonikoaren korronteen mende zegoen narratiba bat iraultzea, eta zein izan ziren haren mugak, ikuspegi eta praktika dekolonialak orduan erakunde artistikoetatik kanpo zeudela kontuan hartuta? Globalizazio kapitalistaren logikari dagozkion arte biurtekoak bezalako ekitaldiek zer neurritan eragin ditzakete aldaketa ideologikoak, asmo oneko plataformez gain?
BIOGRAFIAK
Maria Lind komisarioa, idazlea eta irakaslea da, eta Stockholm-en eta Berlinen artean bizi da. Gaur egun, Suediako enbaxadako kultura-kontseilaria da Moskun. Honako hauek zuzendu ditu: Tensta Konsthall, Stockholm (2011-2018), Gwangjuko 11. Bienala (2016), Center for Curatorial Studies-eko gradu-programa, Bard College (2008-2010), Iaspis, Stockholm (2005-2007) eta Municheko Kunstverein (2002-2004). 1998an Europako bienal ibiltariaren ko-komisarioa izan zen Luxenburgoko Manifesta 2n. 2015. urtean, Future Light komisariatu zuen Vienako lehen bienalerako, eta 2019an, Timisoarako Arte Topaketen Bienala ko-komisariatu zuen. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik eskolak eman ditu, Osloko Art Academy-ko ikerketa artistikoko katedradun-postua barne (2015-2018). Gaur egun irakaslea da Konstfack’s CuratorLab-en. Sarri idatzi du egunkarietan, aldizkarietan, katalogoetan eta bestelako argitalpenetan. 2009an Walter Hopps for Curatorial Achievement saria jaso zuen. 2010ean, Selected Maria Lind Writing eman zuen argitara (Sternberg Press) eta 2019an, berriz, Seven Years: The Rematerialization Art from 2011 to 2017.
Yaiza Hernández Velázquez irakaslea da Goldsmiths-eko (London) Visual Cultures sailean. Aurrez sei urtez aritu zen lanean Central Saint Martins-en, eta MRes Art: Exhibition Studies zuzendu zuen. Unibertsitatera itzuli aurretik hamar urtez baino gehiagoz aritu zen erakunde artistikoetan lanean, besteak beste, MACBAko (Bartzelona) programa publikoen buru izan zen, CENDEACeko (Murtzia) zuzendaria eta CAAMeko (Las Palmas Kanaria Handia) komisarioa. Azkenengo argitalpenetako batzuk hauek ditu: “Imagining Curatorial Practice after 1972” in Curating after the Global (MIT Press, 2019), “Cortocircuitos del museo y la autonomía” in ¡Autonomización! ¡Autonomía! (TEA, 2019) eta “¿Quién Necesita los Estudios Expositivos?” in El Museo Foro (UNAM, 2019).
Ana Dević komisarioa da eta Zagreben du egoitza. 1999an sortu, eta Zagreb, Viena eta Berlinen egoitza duen What, How and For Whom/WHW kolektibo kuratorialeko kidea da. Ivet Ćurlin, Ana Dević, Nataša Ilić eta Sabina Sabolović-ek osatzen dute, Dejan Kršić diseinatzaile eta publizistarekin batera. 2003az geroztik, WHW kolektiboak Zagrebeko Gallery Nova-ko programa zuzentzen du, hau da, udalaren erakusketa-aretoko programa. 2018an, WHW-ek WHW Akademija sortu zuen, artista berrientzako nazioarteko ikasketa-programa berria. 2019an, Vienako Kunsthalle Wien-eko zuzendari artistiko izendatu zituzten WHW-eko Ivet Ćurlin, Nataša Ilić eta Sabina Sabolović kideak. WHW kolektiboaren jarduerak Zagreben egiten dira, Ana Dević-en zuzendaritzapean.
Dević-ek erakusketa ugari egin ditu WHW-rekin batera, besteak beste: Collective Creativity, Kunsthalle Fridericianum, Kassel, 2005; What keeps mankind alive?; Istanbulgo 11. Bienala, 2009; One Needs to Live Self-Confidently…Watching, Veneziako 54. Bienaleko pabiloi kroaziarra, 2011. Azken urteotan hauen komisario aritu da, beste batzuekin batera: Everything we see could also be otherwise (My Sweet Little Lamb), The Showroom, Londres, 2017; On the Shoulders of Fallen Giants, Arte Industrialeko 2. Bienala, Istria. Duela gutxi, Drei Tage bis zum Ende der Kunst komisariatu du, WHW Akademija 2019/20ko artisten erakusketa kolektiboa, Gallery Nova-n (Zagreb).
Ruth Noack The Corner at Whitman-Walker-eko (Washington D.C.) zuzendari exekutiboa eta komisarioa da. Alemaniako komisario, artearen historialari, idazle eta hezitzaile ospetsua da, artearen munduan mundu osoan documenta 12-ko (2007) komisario gisa ezaguna egin zena. When We First Arrived… (2020) erakusketak plataforma bat eskaini zien AEBen eta Mexikoren arteko mugan atxilotutako haurren testigantzei, 123 artista bisualen lanen bidez (DYKWTCArekin lankidetzan). Sleeping with a Vengeance, Dreaming of a Life erakusketa haren azken irteeran izan zen ikusgai, Württembergischer Kunstverein Stuttgart-en 2019-2020an. Sanja Iveković-eri buruzko monografiko bat ere egina du eta hauen editorea izan da: Agency, Ambivalence, Analysis. Approaching the Museum with Migration in Mind (2013). Besteak beste, Eva Hesse, Mary Kelly, Mary Ellen Carroll, Roger Hjorns, Wendelien van Oldenborgh, Anna Daučíková, Maria Bartuszová, Alejandra Riera, Danica Dakić eta George Osodi-ri buruzko testuak nazioartean argitaratu ditu katalogo eta aldizkarietan, hala nola Afterall eta Camera Austria-n. Mundu osoan zehar hitzaldiak eta eskolak eman izan ditu 20 urteko jardunean.
Azucena Vieites (Hernani, 1967). Artista. Egin dituen banakako azken erakusketen artean, honako hauek ditugu: Hey Baby!, Box 27, Casal Solleric (Palma, 2018); Woollen Body, Carreras Múgica galeria (Bilbo, 2015), eta Tableau vivant, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (Madril, 2013). Berlingo Bienalaren 11. edizioko parte da – Epilogoa (2020ko iraila eta urria). Horrez gain, proiektu eta erakusketa kolektibo askotan parte hartu du. 1994an, Erreakzioa sortu zuen beste kide batzuekin batera, praktika artistikoaren eta pentsamendu feministaren arteko proposamenak garatzeko ekimena. Proposamen horien artean, aipagarriak dira hamar fanzine (1995-2000) argitaratu izana, eta Zure begietarako bakarrik: feminismo faktorea arte bisualak direla eta (Arteleku, 1997) eta beste mintegi batzuk zuzentzea. Arte Ederren fakultateetako irakasle elkartua UCM-n eta USAL-en. 2019an irakurri zuen doktorego-tesia: Low-fi praktika artistikoak. Hurbilketa bat euskal testuingurura (1985-2005).
Lisette Lagnado filosofian doktorea da Sao Pauloko Unibertsitatean (USP), Helio Oiticica (1937-1980) artistari buruzko tesia egina. 1993an, Leonilson Proiektua sortu zuen, izen bereko artistari buruzko lehen atzera begirakoa eta argitalpena eragin zituena: Leonilson. São tantas as verdades (1995). 1999tik 2002ra bitartean, online artxibo bat sortu zuen Helio Oiticicaren idatziekin (Projeto HO, Instituto Itaú Cultural). Arte kritikari gisa, editore izan zen 1980ko hamarkadan Arte em São Paulo aldizkarian eta 2001etik 2011ra Trópico aldizkarian. Besteak beste, artista hauen lanari buruzko saiakuntzak idatzi ditu: Mira Schendel, León Ferrari, Arthur Bispo do Rosario, Rivane Neuenschwander, Laura Lima eta Cabelo. Komisario izana da bai Madrilgo Reina Sofia Arte Zentro Museo Nazionalean Desvíos de la deriva erakusketan (2010), bai Sao Pauloko 27. Biurtekoan (2006). 2007tik 2012ra bitartean, irakasle izan zen Sao Pauloko Santa Marcelina Fakultateko Master Programan, eta, Mirtes Marinsekin batera, Kuratore Praktiketako graduondoko ikasketak koordinatu zituen. Rio de Janeiroko Lage Parkeko Ikus Arteen Eskolako zuzendaria izan zen, bai eta programa publikoen komisarioa ere (2014-2017). Gaur egun, Berlingo 11. Biurtekoaren lau komisarioetako bat da.
www.azkunazentroa.eus